Jean-Pierre eta Luc Dardenne, Hansen-Løve, Iñárritu, Koreeda, Mungiu eta Östlund zinemagileen azken lanak, Donostia Zinemaldiaren 70. edizioko Perlak sailean izango diren filmetako zenbaitzuk

0

Perlak sailak –Espainian oraindik eman ez diren eta kritikariek goraipatu eta/edo nazioarteko beste zinema-jaialdi batzuetan saritu dituzten filmek osatutakoak–, zinematografia garaikideko zinemagile garrantzitsuenetako batzuen azken filmak bilduko ditu aurten, hala nola hauenak: Dardenne anaiak, Mia Hansen-Løve, Alejandro González Iñárritu, Hirokazu Koreeda, Cristian Mungiu, Ruben Östlund eta François Ozon.

Armani Beauty saileko babesle ofiziala da. Perlak saileko filmak Donostia Hiria Publikoaren Sarirako hautagaiak dira; Donostiako Udala da ikus-entzuleek filmaren lehen emanaldian ematen duten sari horren babeslea. Saria, zehazki, filmak Espainian banatzeko ardura duten etxeentzako bi golardoz osatuta dago: batetik, film onenaren saria, 50.000 eurokoa; eta bestetik, Europako film onenaren saria, 20.000 eurokoa.

Jean-Pierre (Engis, 1951) eta Luc (Awirs, 1954) Dardenne anaia belgikarrak, Cannes Urrezko bi Palmorri irabazi dituztenak, lehendabizikoz ariko dira lehian Donostia Hiriko Publikoaren Saria eskuratzeko Tori et Lokita / Tori and Lokita filmarekin (75. urteurreneko saria Cannesko jaialdian).

Louis Garrel (Paris, 1983) aktore, idazle eta zinemagileak gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria irabazi zuen Donostian L’homme fidèle (2018) bere bigarren film luzearekin, trilogia baten lehen zatiarekin, hain justu. Bigarren zatia, La croisade (2021), Perlak sailean hautatua izan zen Cannesko zinema-jaialdian izan ondoren; hirugarren zatia –L’innocent / The Innocent–, azkenik, Donostiara itzuliko da Cannesen izan ondoren.

Sail Ofizialean Eden filmarekin lehiatu ondoren (2014) eta L’avenir / Things to Come (2016) lanarekin Perlak sailean hautatua izan ondoren, Mia Hansen-Løve (Paris, 1981) Zinemaldira –zehazki, ikus-entzuleak epaimahaikide diren sailera– itzuliko da Un beau matin / One Fine Morning pelikularekin; Cannesko Quinzaine des Réalisateurs atalean Europa Cannes Label saria eskuratu zuen zuzendari frantsesaren lan berriak.

Oliver Hermanus (Lurmutur Hiria, 1983) zinemagile hegoafrikarrak Akira Kurosawaren Ikiru (1952) filmaren remake britainiarra filmatu du, Living, jatorrizkoa estreinatu eta 70 urte geroago. Sundance jaialdian aurkeztu eta Veneziako sail ofizialeko lehianketaz kanpo hautatutako filmaren gidoia Literaturako Nobel saridun batek idatzi zuen, Kazuo Ishiguro jatorri japoniarreko idazle britainiarrak, hain zuzen ere. Halaber, Bill Nighy eta Aimee Lou Wood dira remake berriarean aktore nagusiak.

Bardo, falsa crónica de unas cuantas verdades / Bardo, False Chronicle of a Handful obrarekin hirugarrenez hartuko du parte Perlak sailean Alejandro González Iñárritu (Mexico Hiria, 1963) mexikarrak, Amores perros (2000) eta Babel (2006) filmekin izan ondoren. Veneziako Mostran lehiatuko den film horrek kazetari eta dokumental-zuzendari mexikar batean ipintzen du arreta.

Hirokazu Koreeda zuzendariak (Tokio, 1962) Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartu izan du Wandafuru raifu (After Life, 1998), Hana yori mo naho (Hana, 2006), Aruitemo, aruitemo (Still Walking, 2008) eta Kiseki (I Wish, 2011; gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria). Japoniarrak, halaber, birritan jaso du Publikoaren Saria, zehazki, Soshite chichi ni naru (Like Father, Like Son, 2013) eta Umimachi Diary (Our Little Sister, 2015) filmekin. 2018an, Manbiki Kazoku (Shoplifters) filmak Urrezko Palmorria eraman zuen Cannesen, ingelesez besteko film onenaren Oscar sarirako izendatua izateaz gain, eta Koreedak, orobat, Donostia Saria jaso zuen. Broker zinemagile japoniarrak zuzendutako lehen ekoizpen hegokorearra da, eta haren protagonistak Song Kang-ho antzezleak, aktore onenaren saria jaso zuen Cannesen.

Corsage pelikulan, Marie Kreutzer zinemagile austriarrak (Graz, 1977) Sissiren istorioa berrikusten du, eta Austriako enperatrizak 40 urte bete zitueneko unea aukeratu du horretarako. Corsage Cannesko Un Certain Regard sailean aurkeztu zen, eta Vicky Kriepsek antzezlan onenaren saria jaso zuen bertan.

Santiago Mitre (Buenos Aires, 1980), Paulina (2015) bere bigarren filmarekin Horizontes saria irabazi zuena, Donostiara itzuliko da aurten Argentina, 1985 pelikularekin. Veneziako zinema-jaialdiaren lehiaketa ofizialaren parte da filma, eta Juicio a las Juntas (junten epaiketa) izenez ezagutzen den jazoera berritzen du, Mitrek berak Mariano Llinásekin batera idatzitako gidoiarekin, eta Ricardo Darín antzezlearen protagonista-rolarekin.

Moonage Daydream –David Bowie abeslari eta artistaren unibertsoan murgiltzen den filma– izango da saila itxiko duen lana, Cannesko zinema-jaialdian izan ondoren. Brett Morgen (Los Angeles, 1968) On the RopesJane y Cobain: Montage of Heck obraren sortzaileak, bost milioi artikulu baino gehiago arakatu zituen (marrazkiak, grabazioak, filmak, egunkariak, etab.) ez-fikzio musikal hau eratzeko.

Cristian Mungiu zuzendari errumaniarrak (Iasi, 1968) Fipresci Sari Nagusia jaso zuen Donostian, 4 luni, 3 saptamâni si 2 zile (2007) filmagatik, eta R.M.N. aurkeztuko digu oraingoan Perlak sailean, xenofobiari buruzko egilearen gogoeta, Cannesen lehiatu zena.

Peter von KantFrançois Ozonen (Paris, 1967) azken filma, joan den Berlinalen inauguratu zena, Perlak saila irekiko duen lana izango da. Ozonek, Dans la maison filmarekin (2012) Urrezko Maskorra eta gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria eskuratu eta Le refuge (2009) lanagatik Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi eta Jeune et jolie (2013) pelikularengatik RTVE-Beste Begirada Saria lortu zuenak, Une nouvelle amie (2014) eta Été 85 (2020) obrekin Sail Ofizialean lehiatzeaz gain, Rainer Werner Fassbinderri omenaldia egiten dio Peter von Kant bere film berrian, Denis Ménochet, Hanna Schygulla eta Isabelle Adjani aktoreekin batera filmatu duenean.

Perlak saileko hautaketan parte hartuko du, halaber, Cannesko azken zinema-jaialdiko Urrezko Palmorria eskuratu zuen filmak. Zehazki, Ruben Östlund (Styrsö, 1974) zinemagile suediarrak –Zabaltegi-Tabakalera bere beste Urrezko Palmorri batekin (The Square, 2017) inauguratu zuenak–, luxuzko gurutzaontzi batean girotu du Triangle of Sadness bere lan berria, burgesiari buruzko satira bat egiteko asmoz.

 

Hamabi film horiei beste bat gehituko zaie, jada iragarri diren honako hauez gainera: Rodrigo Sorogoyenen As Bestas / The Beasts, Cannesen hautatua; Un año, una noche / One Year, One Night, Isaki Lacuestarena, Berlinalen lehiatu zena; Juan Diego Bottok zuzendutako En los márgenes On the Fringe, Veneziako Mostran programatua; eta Los renglones torcidos de Dios / God’s Crooked Lines, Oriol Pauloren ekoizpena, sailaren Emanaldi Berezi gisa erakutsiko dena.

Victoria Eugenia Antzokian, gainera, Pelikula Sorpresaren emanaldi bat ere gauzatuko da.