Javier Hurtado sailburuak: «Ez gaude karrera inkrementalista batean baina garrantzitsua da covidaren aurreko turismoaren zifrak berreskuratu izana 100.000 familia baino gehiago mende dituen sektore baterako»

0

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua, Javier Hurtado, elkarrizketatu dute gaur Euskadi irratiko Boulevard saioan. Bertan, 7 hilabete hauetako turismoaren datu onak nabarmendu ditu. Uztaileko datuak argitaratu ondoren, «Euskadi autonomia-erkidegoetako turismoaren susperraldiaren buruan dago, pandemiaren aurreko 2019koak baino zifra handiagoekin. Izan ere, lehen seihilekoan % 5,9ko hazkundea izan da sarreretan eta % 18koa uztailean».

«Zifra onak dira, eta turismo-sektorearen susperraldian erkidegoen artean liderrak garela esan nahi du horrek. Eta horrekin batera nazioarteko turismoaren susperraldi nabarmena, gehien sufritu zuena izan baitzen, % 6,1eko hazkundearekin». Eta hori, azaldu duenez, hainbat faktoreren ondorio da, besteak beste, «turismo iraunkorraren aldeko apustua, gero eta gehiago eskatzen dena, eta lehiakortasuna eta modernizazioa bultzatzeko etengabeko lana; gainera, pandemiaren unerik gogorrenetan ere sustapena indartu da, eta horri sektorearen profesionaltasun handia gehitu behar diogu».

Era berean, sailburuak azpimarratu du garrantzitsua dela Espainiako Gobernuaren energia-neurriei buruzko dekretua babestea. «Argi izan behar dugu gatazka beliko baten eta munduko krisi energetiko baten aurrean gaudela, eta funtsezkoa dela neurriak hartzea ondorio okerragoak saihesteko, besteren artean horniduraren mozketak. Eta Espainiako Gobernuak dekretu bat aurkeztu du neurri zehatz eta eraginkorrekin, eta erkidegoei eskatu die beren ekarpenak egin eta osatu ahal izateko. Izan ere, administrazio guztien eta herritarren arteko lan bateratu eta koordinatu bat izan behar du, erantzukizun indibidual eta kolektiboaren erakusgarri».

Tasa turistikoari dagokionez, sailburuak azaldu du PSE-EEk ez duela iritzia aldatu, eta 2019an eztabaida horri ekin zitzaioneko jarrera bera dutela. «Turismo Mahaian eta sektorearekin eta erakundeekin egindako bileretan, oro har, turismo-tasaren aurkako irizpidea ezarri zen, bai turismo-sektorearen, bai udalerri gehienen aldetik» eta, gainera, «ez da koalizio-gobernuko alderdiek gobernu-akordioan eta hauteskunde-programetan planteatu zuten gaia eta, beraz, ez da legegintzaldi honetan jorratuko», azpimarratu du. Sailburuak gogorarazi du Gipuzkoako Batzarrek eskatu zutela eztabaida hori Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoan egitea, zerga-arloko koordinazioa behar baita.

«Ez dugu aintzat hartzen, bere garaian atzera bota zela kontuan hartuta, zerga autonomiko gisa. Ildo horretako edozein ekimenek Gernikako Estatutua eta Ekonomia Ituna bete behar ditu. Eusko Jaurlaritza beti dago prest Estatutua errespetatzen duten proposamen serio eta landuak eztabaidatzeko». «Lehentasuna», zehaztu du, «turismoaren susperraldia bultzatzen jarraitzea da».