Literatura-gomendioa: Mujer en punto cero

0

Udako azken aste hauetan, literatura-gomendio bat dakarkigu, bai oporretan daudenentzat, bai lanegunetan deskonektatzeko tartetxo bat har dezaketenentzat.

Aurretik doa irakurketa gogor, indartsu eta lazgarri bat dela, baita ezinbestekoa ere. Mujer en punto cero du izena, eta idazlea, Nawal el Saadawi (1931/10/27 – 2021/03/21), bere belaunaldiko feminista garrantzitsuenetako bat da, esaten dutenez. Nawal medikuntzan graduatu zen Kairoko Unibertsitatean, eta psikiatrian espezializatu zen. Landa-eremuko medikua izan zen bere jaioterrian, Egipton. Goi-karguak izan zituen bere herrialdeko administrazio publikoan, osasunaren arloko aldizkarietan eta mediku-elkarteetan, baina kargu guztietatik bota zuten, bere aktibismo politikoa zela eta.

Ikerketan eta nazioarteko erakundeen aholkularitzan ere aritu da. Bere herrialdeko gobernuak kartzelan sartu zuen, eta, heriotza-mehatxuak jaso ondoren, Ameriketako Estatu Batuetara erbesteratu zen. Herrialde horretan, irakasle aritu zen unibertsitatean, eta bere aktibismoarekin jarraitu zuen, batik bat bere idatzizko obraren bidez.

«Ezagutu ditudan gizon guztiek nahi bakar bat inspiratu didate: eskua altxatzea eta, indarrez, haien aurpegira erortzen uztea». Horrela hasten da Firdausen istorioa. Egipton girotuta dago, 1975ean. Protagonistak eta idazleak Qanatiko espetxeko heriotza-korridorean topo egingo dute, azken hori neurosi femeninoaren kausak ikertzen ari dela. Patu posible bakar batera eramaten duten abusuek eta tratu txarrek markatu dute Nawalek idatzitako biografia hau, baina baita erresilientziak eta ahalduntzeak ere. Firdausen bizitza mingarri eta inspiratzailearen bidez, Nawalek, hizkuntza zuzen eta sotilarekin, gezur, hipokrisia, basakeria eta opresioan oinarritutako gizarte bat erakusten digu, bai eta egia garratz bat erakusten dion matxinada pertsonal bat ere: «Ezer nahi ez dutenak, ezeren beldur ez direnak eta ezer espero ez dutenak; horiek dira pertsona aske bakarrak». Nawalek emakume indartsu, ahaldundu eta, azkenik, aske bat aurkezten digu, eta istorioaren ardatz gidari gisa prostituzioaren gaia jorratzen du.

EGILEA: NAWAL EL SAADAWI
ARGITALETXEA: CAPITÁN SWING
BILDUMA: NARRATIBA
ARGITARATZE-URTEA: 2O17

«Generoa eta Osasuna» taldea