Bidaurretan emango dute ‘Non dago Mikel?’ dokumentala, gaur

0
zinea.eus

Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas ‘Pitu’-k zuzendutako lana ikusgai izango da 20:30etik aurrera. Sortzaileek eta Mikel Zabalzaren senideek aurkeztuko dute saioa.

Mikel Zabalza autobus-gidariaren desagerpenaren ikus-entzunezko kronika egiten duen Non dago Mikel? eskainiko dute gaur, 20:30ean, Nafarroako Bidaurreta herrian. Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas ‘Pitu’ zuzendariak gonbidatuko dituzte filma aurkeztera, baita Zabalzaren senideak ere.

Guardia Zibilak atxilotu ondoren, 1985eko abenduan hilda agertu zen Zabalza autobus-gidariaren desagerpenaren ikus-entzunezko kronika egiten du, dokumental formatuan. Zabalza desagertuta egon zen 20 egun horietan, bertsio ofizialak eragindako mesfidantzak bultzatuta jokatu zuen euskal gizarteak, eta gizon gaztearen gorpua azkenean Bidasoa ibaian flotatzen agertu zenean, protesta ugari egin eta eztanda sozial handiak egon ziren. Zabalza torturatuta hil zela uste zuen jendeak oro har, baina inoiz ez zuten inor ez epaitu ez zigortu. 2020ko azaroan 35 urte bete dira Zabalza hil zenetik, eta bere familiak egia aldarrikatzen du oraindik.

Merinok eta ‘Pitu’k zuzendutako lana Izar Films eta Ahotsa.info-k ekoitzi dute, garaiko artxiboko materiala eta hildakoaren familiaren eta kasuarekin zerikusia duten pertsonen testigantzak bilduta.

Filmak Donostiako Zinemaldiko Irizar Sariaren epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso zuen 2020an, eta zalaparta handiz heldu zen aretoetara 2021eko otsailaren 26an, egun batzuk lehenago publiko egin baitziren Alberto Perote CESIDeko koronel eta zerbitzu sekretuetako buruaren eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketa bat jasotzen zuten grabazioak. Bertan, Gomez Nietok Zabalza Intxaurrondo kuartelean torturatuta hil zutela entzun daiteke.

Urtarrilean, Kataluniako TV3 telebista-katean estreinatu zuten, Sense ficció programaren baitan eta 359.000 herritarrek ikusi zuten, %16,1eko ikusle kuota lortuz. Hala,  albistegi edo informazio saioez gaindiko programa ikusiena bilakatu zen. Ostean, martxoaren 10ean, eskaini zuen Euskal Telebistak pantailan.

Ixone Santamariak gurean idatzi zuen kritika irakurgaui duzue, hemen.