UPV/EHUn graduko ia 35.000 ikaslek hasiko dute egunotan ikasturte berria, horietariko 8.300 lehen mailan

0

2022-2023 ikasturtea martxan jartzen ari da Euskal Herriko Unibertsitatean. Bederatzi fakultate edo eskoletan aurkezpenak eta eskolak hasi dira; gainontzeko hamaiketan datorren astean ekingo diete. Ia 35.000 pertsonak graduko ikasketak egingo dituzte aurton UPV/EHUn. Hilaren 14an, asteazkena, Bizkaia Aretoan, ikasturtea hasteko ekitaldia egingo dugu, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Eva Ferreira errektorea buru direla.

Graduko matrikula ixteko azken epea (seigarrena) falta dela, orain arte 8.316 ikasle berri matrikulatu dira Euskal Herriko Unibertsitatean.% 75,73 ikasle berrik lortu dute plaza lehen aukerako graduan, eta beste % 14,08 bigarren aukerakoan.

Datuak banatzen baditugu, ikasle berrien % 57 emakumeak dira, eta % 43, gizonak. Hizkuntzari dagokionez, % 53,5ek graduko ikasketak euskarako taldeetan egingo dituzte, eta % 46,5ek gaztelaniaz ikasiko dute. Eta campusei erreparatuta, % 53,3 Bizkaiko Campusean matrikulatu dira; % 25,7, Gipuzkoakoan; eta, % 21, Arabakoan.

Gutxieneko datuei arabera, azken datuen arabera, Fisika + Ingeniaritza Elektronikoa Gradu Bikoitzak izan du aurten ere sartzeko notarik altuena: 13,200. Ondoren daude: Biokimika eta Biologia Molekularra (12,956); Medikuntza gaztelaniaz (12,904); Double Bachelor’s degree in Business and Economics (12,845); Medikuntza euskaraz (12,698); Bioteknologia (12,554); Ikus-Entzunezko Komunikazioa + Kazetaritza Gradu Bikoitza (12,496); Odontologia (12,482); Zientzia Politikoa eta Kudeaketa Publikoa + Soziologia Gradu Bikoitza (12,454); Fisika (12,361); Ingeniaritza Mekanikoa + Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza Gradu Bikoitza (12,132), eta Erizaintza (Leioa) (12,101).

“Ikasturte berri honi aurre egiteko, eskaintza sendoa dugu. Eskaintza hori etengabe eguneratzen da, behar berriak kontuan hartuta, eta nazioartekotzearen alde egiten du, eta baita erakunde, enpresa eta elkarteekiko harremanen alde, prestakuntza dualaren eta kanpoko praktiken bidez. Gure unibertsitate-ereduak teknologia, gizarte eta kultura-aldaketetara egokitzeko gai diren pertsonak sortzen ditu, gaur egun behar bezala lan egiten dakiten pertsonak, etorkizuneko lanpostuetarako prestatzen eta, batez ere, pertsona kultu gisa hezten dakitenak, beren garaiko gakoak deszifratzeko eta kontzientzia kritikoa garatzeko gai direnak”, adierazi du Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak ikasturte berriaren hasieran.

105 gradu

Orotara, 35.000 ikasle inguruk 2022-2023 ikasturtean Euskal Herriko Unibertsitateak eskaintzen dituen 105 graduetako bat egingo dute. Horietako hamalau gradu bikoitzak dira, aurten bi berri ematen hasi baitira (Ingeniaritza Zibila + Arkitektura Teknikoa, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan, eta Ingeniaritza Mekanikoa + Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza, Gasteizko Ingeniaritza Eskolan). Gradu bikoitzek oso harrera ona izan dute; izan ere, horietako zazpi gutxieneko-nota altuena duten 20 graduen artean daude.

Gainera, prestakuntza dualeko proiektuak garatzen dituzten hamaika graduk notarekin berritu dute Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak (Unibasq) ematen duen egiaztapen duala. Prestakuntza dualean irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak unibertsitatean eta enpresan uztartzen dira. Prestakuntza duala alde batera utzita, ia ikasle guztiek dute kanpoko praktikak egiteko aukera euskal sareko enpresetan, erakundeetan, GKEetan edo elkarteetan, 2021-2022 urtean 12.835 praktika egin baitziren (aurreko ikasturtean baino % 7 gehiago), eta horietatik % 37 borondatezkoak izan ziren.

Hizkuntzari dagokionez, gradu guztiak bi hizkuntza ofizialetan egin daitezke. Gainera, gorantz jarraitzen du beste hizkuntza batzuetako eskaintzak. Business + Economics Gradu Bikoitza ingelesez ematen da; Lehen Hezkuntza, modalitate hirueledunean, Hezkuntza eta Kirol Fakultatean (Arabako Campusa) eta Bilboko Hezkuntza Fakultatean. Bilboko fakultate horretan Haur Hezkuntza ere ematen da modalitate hirueledunean. Gainera, gradu gehienek ingelesezko irakasgaiak dituzte (800 baino gehiago dagoeneko), baita beste hizkuntza batzuetan ematen diren irakasgaiak ere (180 inguru). Lau graduk nazioarteko aipamena dute, Unibasq-ek ematen duen aipamena ikaslegoaren nazioartekotzea sustatzeagatik.

Ildo horretan, nabarmentzekoa da UPV/EHUko graduko lau ikasletik batek nazioarteko mugikortasun esperientzia bat izango duela ikasten ari den bitartean. Hain zuzen ere, 2022-2023an 2.373 ikaslek gutxienez lauhileko bat egingo dute atzerriko edo estatuko unibertsitateetan, eta beste unibertsitate batzuetako 902 ikaslek, berriz, gure unibertsitatean ikasiko dute. Gaur egun UPV/EHUk 2.00tik gora mugikortasun hitzarmen ditu, bost kontinenteetako unibertsitateekin. Era berean, graduko nazioarteko titulu bikoitzak hogeita hamarrera iritsi dira; baterako prestakuntza programa horietan, ikasleek graduko bi titulu lor ditzakete, bat UPV/EHUn eta bestea dagokion atzerriko unibertsitatean.

Datu horiek Euskal Herriko Unibertsitatea zer erakargarria den erakusten dute. Horretan laguntzen du haren posizioak prestigio handieneko rankingetan. Izan ere, UPV/EHU Shangaiko rankingaren azken edizioan, munduko 400 unibertsitate onenen artean jarraitzen du. Gainera, espezialitate akademikoen araberako Shanghaiko sailkapenean, Euskal Herriko Unibertsitatea 150 onenen artean kokatu da hiru diziplinatan (Ingeniaritza Metalurgikoa, Ingeniaritza Kimikoa, eta Kimika (Espainiako lehen unibertsitatea da hiruetan)); eta 200 onenen artean, beste lau diziplinatan: Elikagaien Zientzia eta Teknologia, Materialen Zientzia eta Ingeniaritza, Nanozientzia eta Nanoteknologia; eta Matematika, talde pribilegiatu honetan sartzen dena.

Nazioarteko profila indartu du Bordeleko Unibertsitatearekin batera sustatu duen mugaz gaindiko campusak, eta baita ENLIGHT Europako unibertsitatean parte hartzeak ere. Bederatzi unibertsitate bikainen aliantzaren horren helburua da diziplina anitzeko, nazioarteko eta erronketan oinarritutako ikaskuntzarako aukera bateratuak eskaintzea.

Gizarteratzearekin konprometituta, desgaitasunen bat duten eta/edo hezkuntza premia bereziak dituzten 500 ikaslek ikasiko dute UPV/EHUn aurtengo ikasturtean, horietariko 150ek hasiko dituzte graduko ikasketak.

Graduondokoak

UPV/EHUk aurtengo ikasturtean 108 unibertsitate master eskaintzen ditu; horietako zortzi Erasmus Mundus master bateratuak dira; hau da, Europako Batzordeak deialdi oso lehiakor batean hautatutako programei emandako bikaintasun zigilua dute; hiru master prestakuntza dualean eskaintzen dira, eta lauk Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren nazioarteko aipamena dute.

Bestalde, UPV/EHUk ikasturte honetan berezko 65 master eta graduondoko ditu, eta berriak dira edo berritu egin dira horietariko 12: besteak beste, Arte eta Kultura Garaikidearen Teoria eta Praktika, Jasangarritasunerako Aldaketaren Lidergoa eta Kudeaketa, Neuropsikologia Klinikoa eta Hidrogenoaren Teknologiak. Azken bi horiek unibertsitate artekoak dira.

Unibertsitate masterren kasuan, matrikula egiteko epea irekita egongo da irailaren amaierara arte. Berezko master eta graduondokoetan matrikula kurtso bakoitza hasten den dataren araberakoa da.

Azkenik, 2022-2023 ikasturterako doktoregoen eskaintza zabala 66 programakoa da, eta jakintza adar guztiak biltzen ditu. Izena emateko epea joan zen asteazkenean, irailak 7, ireki zen, eta zabalik egongo da irailaren 30era arte.

Irakasleak-ikertzaileak eta AZPko langileak

Euskal Herriko Unibertsitateak ikasturte honetan 5.493 pertsona ditu guztira irakasle-ikertzaileen kolektiboan (IRI), eta 1.911 pertsona, administrazio eta zerbitzuetako langileenean (AZPko langileak).

Irakasle-ikertzaileak
Gizonak Emakumeak Guztira
Irakasleak 2.212 2.141 4.353
Ikertzaileak 540 600 1.140
GUZTIRA 2.752 2.741 5.493
Administrazio eta zerbitzuetako langileak
Gizonak Emakumeak Guztira
699 1.212 1.911