«Oinak hodeietan» programak 1.300 lagun bildu ditu hirugarren edizioan, hamabi gune berezitan

0

«Oinak hodeietan – Con los pies en las nubes»programaren hirugarren edizioan 1.300 lagun bildu dira, eta Nafarroako ikuskizun eszenikoez gozatzeko aukera izan dute Foru Komunitateko hamabi gune berezitan, abuztuko asteburuetan. Batez beste, emanaldi bakoitzean 100 bat lagun izan dira.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak adierazi du “edizio hau aurreko urteetan lortutako arrakastari esker garatu dela, formatuarengatik nahiz kalitate eta bertaratutako jende-kopuruarengatik”; era berean, zikloak “herritar guztien kultur aukera erraztu duela gehitu du, sormenaren zein gozamenaren ikuspegitik”.

Programazioa honako kokapen hauetan garatu da dagozkien toki-erakundeekin lankidetzan: Arraioz; Dorrao, Mata de Haya basoa (Belagua); Urzainki (Erronkari); Santa Fe Monasterioa (Urraulgoiti); Iratxeta; San Zoilo Ermita (Kaseda); Lerin (Paredongo Kobak); Radako Hiri Harresitua; Bargota; Cortesko Gaztelua; eta Fontellasko Bokala.

Parte hartu duten konpainia nafarrak, berriz, hauek izan dira: Producciones Maestras (antzerkia); De Improviso (antzerkia); La Trapecionista (zirkoa eta dantza); Led Silhouette (dantza garaikidea); Zuk Performing Arts (dantza garaikidea); Zirika Zirkus (zirkoa); La Nave Producciones (antzerkia); Atikus Teatro (antzerkia); Tdiferencia (antzerkia); Iluna Producciones (antzerkia); Riart (dantza garaikidea); Boga-Boga (antzerkia eta dantza); Cía Ido Loca (zirkoa); Itzal (magia); Hutsun Eta Ortzi (antzerkia, musika eta zirkoa); eta Xabi Artieda (antzerkia). “Konpainiek zein kokalekuek oso positibotzat jo dute programa”, adierazi du antolakuntzak.

Aurten, NICDO enpresa publikoaren laguntza izan dute, Plan Zuzentzaile berriaren lerroak indartuta, instalazioak kudeatzen dituen eremuetan haren ekintzek eragina izateko konpromisoarekin. Halaber, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuaren laguntza izan da, helburuetako bat Nafarroan despopulatzeko arriskuan dauden herriak sustatzea, zabaltzea eta ikusaraztea baita, herri horiek programaren kokaleku bezala aurkitzeko eta hautatzeko lanaren bitartez.

Programaren jatorria

“Oinak hodeietan / Con los pies en las nubes” programa Baluarte Fundazioak eta Kulturako Zuzendaritza Nagusiak bultzatzen dute, Nafarroako Arte Eszenikoetako elkarteekin lankidetzan, eta programaren helburua da Nafarroako arte eszenikoen

sektore profesionala bultzatzea, programazio kulturala lurraldean zehar dibertsifikatzea eta antzerki, zirko, magia edo dantzarako leku berriak aurkitzea; ondorioz, herritarrek esperientzia kultural eta artistikoaz gozatzeko modu berria proposatzea.

Programaren bidez Nafarroako konpainien formatu txiki eta ertaineko ikuskizunak eramaten dira espazio ez konbentzionaletara; hala nola, monasterioak, aztarnategi arkeologikoak, gazteluak, basoak eta ondare kultural eta natural balio handiko bestelako lekuak. Beraz, lekua bera nahiz proposamen artistikoak elkar aberasten dira, eta ikusleak bien edertasunaz gozatzeko aukera du esperientzia berean.

Programaren lehen edizioa 2020ko abuztuan burutu zen, eta Nafarroako Gobernuak eta Baluarte Fundazioak pandemiak eragindako krisiaren aurrean egindako lan-mahai sektorialen emaitza izan zen.