Artolazabal: «Aurrekari penalak ezeztatzea gizarteratzeko prozesuaren azken etapa da»

0

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek parte hartu du gaur goizean «Ezeztapenak, ziurtagiriak eta aurrekari penalen trukea» tailerraren amaieran, Arabako Espetxean. Tontxu Rodríguez Justiziako estatu-idazkaria ere izan da ekitaldian, ekimena Artolazabalen Sailak eta Justizia Ministerioko Estatu Idazkaritzak elkarrekin antolatu baitute.

“Lankidetza mota hori sustatzeak bi administrazioak aberasten ditu, baita herritarrei ematen zaien zerbitzu publikoa ere”, adierazi du sailburuak.

Aurrekari penalak ezeztatzeko, ezarritako zigorra bete behar da eta kasu bakoitzean legezko epea berriro deliturik egin gabe igaro behar da. Baldintza horiek betetakoan, kondenatuak hori ezeztatzeko eskubidea du, eta hori ofizioz edo alderdi batek eskatuta egin daiteke. Justizia digitalizatzeko prozesuan administrazio guztiak sartuta daude, eta, horri esker, ezeztatze-izapideak automatizatu egin dira, eskatu beharrik gabe eta behar baino denbora gehiago itxaron gabe.

“Nelson Mandela arauetako 107. arauak adierazten du behar bezala kontuan hartuko dela, zigorra betearazten hasten denetik, presoaren etorkizuna, askatu ondoren. Etorkizun hori lehen egunetik prestatzen hastea nahi dugu”, esan die Artolazabalek lantegiko parte-hartzaileei, bai barnekoei bai plantillakoei.

“Gizarteratze eraginkorra kondena betetzeko denboraz gain, askatasunaz gabetuta egon diren pertsonak berriro ere komunitatearen parte direnean eta berriro delitu egiten ez dutenean lortzen da. Eta aurrekari penalak bertan behera uztea azken etapa bat da gizarteratzeko prozesuan, eta hori garrantzitsua da Euskadin adostasun sozial eta politiko zabalarekin bultzatzen ari garen espetxe-ereduan”, gaineratu du.

Bestalde, Tontxu Rodríguez Justiziako estatu-idazkariak nabarmendu duenez, ekimen hori “Justizia Ministerioaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko harremana gehiago indartzeko funtsezko lankidetza eta gobernantzaren adibide bat da”.

Rodríguezek balioa eman dio “presoek erakusten duten interesari eta informazio horrek profesionalentzat duen laguntza handiari; izan ere, gai horri buruzko ohiko galderak dituzte, eta eguneroko lanean segurtasun handiagoz erantzun dezakete”.