Lehendakariak salatu du abiadura handiko trenaren lanen atzerapena Euskadirekiko eta Europako Batzordearekiko begirunerik eza dela.

0

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, ongizate-hitzarmen baten beharrari buruz.

Lehendakariak adierazi du ongizatea sustatzen jarraitzeko hitzarmenak adostea komenigarria dela. “Hori bai, ezinbestekoa da Hitzarmen bat proposatzen denean zehatzak izatea. Ez diogu muzin egin zuen proposamenari, baina zehaztasunak ezinbestekoak dira”, gaineratu du.

Lehendakariaren ustez, zenbat eta hitzarmen zabalagoak lortu hobeto sustatuko da ongizatea. Horren adibide, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren Lege asmoarekin lortutako akordio. “Orain arte lortu dugun adostasun horretara biltzea izango litzateke zuen Ongizatearen eta Hitzarmenaren aldeko borondatearen frogarik argiena”, esan du.

“Gure partetik, beti esan dugu akordiorako atea irekita dagoela. Duela lau aste besterik ez, bost proposamen luzatu genizkizuen Euskadiren Ongizatea hobetzen jarraitzeko”, amaitu du.

Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin-Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, herritarren eskubideak espekulazio-arauen menpe ez egoteari buruz.

Lehendakariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren jarduera herritarren interes legitimoen aurka zuzendutako edozein espekulazio motaren aurka borrokatzea dela. Hala ere, nabarmendu du finantza-erakunde batek maileguak saltzeak ez dituela mailegu-hartzaileen eskubideak arriskuan jartzen. Eskubide horiek legeak arautzen ditu 2019tik.

Eusko Jaurlaritzaren eskumenen esparruari dagokionez, Iñigo Urkulluk ziurtatu du sentikorrak direla hainbat arrazoi direla medio kreditu-betebeharrei aurre egiteko zailtasunak dituzten eta etxebizitza galtzeko arriskua duten pertsonen egoeraren aurrean; eta, beraz, pertsona horiek guztiek Eusko Jaurlaritzaren laguntza dutela, bai aholkularitza baita laguntza ekonomikoak ere, beren arazoei irtenbidea emateko.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, AHTren obren beste atzeratze bati buruz.

Urkullu Lehendakariak azpimarratu du inbertsio horri lehentasuna eman zaiola Espainiako Gobernuarekin izandako negoziazio guztietan, kudeaketa-gomendioa bere gain hartu dutela eta obrak garaiz eta behar bezala egin direla. “Hiriburuetara sartzeko obretarako kudeaketa-gomendio berri bat adostu dugu”, zehaztu du.

Urkulluk zehaztu duenez, Jaurlaritzak gai hori lehentasunezkotzat jo du 2023ko Estatuko Aurrekontu Orokorrei begira. “Espainiako Gobernuaren aurrekontu-proiektuaz ari gara. Zuzenketak egin behar zaizkio, zure taldekoek barne. Lehentasunezko obra hori burutzeko partidak handitzearen aldekoa izatea espero dut”, adierazi du.

Azkenik, Lehendakariak salatu egin du, beste behin, metatutako atzerapen hori, zentzugabekeriatzat joz. Adierazi duenez, atzerapen-urte bakoitza begirunerik eza da euskal gizartearentzat, Legebiltzar honentzat eta Europako Batzordearentzat.