2022ko azaroaren 12a Pneumoniaren Mundu Eguna

0

Komunitatean hartutako pneumonia biriken infekzio akutu bat da, bakterioek, birusek edo onddoek eragindakoa.  Munduan heriotza gehien eragiten duen infekzioa da, urteko 3 eta 6 kasu arteko intzidentzia du 1.000 biztanleko eta hilkortasun globala % 5-7 ingurukoa da.  Bakterioak dira pneumoniaren kausa ohikoena eta, batik bat, Streptococcus pneumoniae bakterioa, pneumokoko izenez ere ezaguna. Birusak ere ohiko kausa dira: maizen agertzen direnak gripearen birusa, arnas birus sintzitiala edo errinobirusa dira. Gainera, egungo pandemiaren harira, bereziki nabarmentzekoa da COVID-19ak eragindako pneumonia. Ez da beharrezkoa pneumonia duten paziente guztiak ospitaleratzea, kasu arinenak modu anbulatorioan trata daitezke eta.

Arrisku-faktoreei dagokienez, pneumonia ohikoagoa da gizonetan, bizialdiaren hasieran eta amaieran (5 urtetik behera eta 65 urtetik gora) eta neguan. Gaixotasun hori hartzeko arrisku handiagoa dute gaixotasun kronikoak (arnasketakoak, gibelekoak, giltzurrunetakoak, kardiobaskularrak eta diabetesa) dituzten gaixoek. Tabakoa eta alkohola ere arrisku-faktore dira.

Sintomak azkar agertzen dira: sukar altua eta hotzikarak, eztula eta karkaxa, arnasa hartzeko zailtasuna eta alboko mina, besteak beste. Horiekin batera arnasketa-maiztasuna handitu daiteke, edo palpitazioak edo takikardia agertu, bai eta nekea edo nahasmendua ere.

Pneumoniaren diagnostikoa egiteko, sintomek eta auskultazioak susmo klinikoa pizten dute, eta diagnostikoa berresteko toraxeko erradiografia egiten da. Pazienteak ospitaleratzean, gainera, odol-analisia eta azterketa mikrobiologikoak ere egiten dira.

Pneumonia etxean edo ospitalean trata daiteke, larritasunaren arabera. Bakterioek eragindako pneumoniak antibiotikoak emanda tratatzen dira. Tratamenduak ez du iraupen bera kasu guztietan, baina astebetekoa izaten da batez beste. Beste gomendio batzuk dira likido asko edatea, atseden erlatiboa, analgesikoak eta antitermikoak. Gainera, oxigenoterapia ere eman behar da, pazientearen arterietako oxigeno mailaren arabera. Kasu larrienetan, beharrezkoa izan daiteke zainketa intentsiboetako unitatean ingresatzea edota aireztapen mekanikoa erabiltzea.

Transmisio-bideei dagokienez, mikroorganismoak pertsona batetik bestera kutsa daitezke, batik bat birusak. Mikroorganismo horiek pertsona kutsatuek aho-sudurretatik kanporatzen dituzten likido tantatxoetan daude, eta inguruko pertsonak kutsa daitezke arnasa egitean hartzen badituzte. Pneumoniagatik tratamendua jasotzen ari diren pazienteek beste pertsona batzuk kutsatzeko oso arrisku txikia dute, batik bat pneumonia bakterianoa badute. Alabaina, kutsatzeko arriskua handiagoa da immunodeprimituen edo infekzio birikoen kasuan, batik bat COVID-19aren infekzioetan, oso kutsadura tasa altua baitute.

Pneumonia prebenitzeko gomendioen artean daude eskuak maiz garbitzea, ahoa eta sudurra estaltzea doministiku edo eztul egitean eta paperezko musuzapiak zaborretara botatzea.  Gainera, pneumonia ez hartzeko ona da, halaber, dieta osasungarria izatea, jarduera fisikoa modu erregularrean egitea, alkohola neurriz hartzea, higiene ortodentala zaintzea eta ez erretzea. COVID-19aren hedapena gelditzen saiatzeko neurriak ere (maskara higienikoa erabiltzea eta urruntze soziala) eraginkorrak dira pneumoniatik babesteko.

Prebentzioaren oinarrizko alderdi bat gripearen eta pneumokokoaren aurkako txertaketa da. Gripearen kontrako txertoa jarri behar dute urtero 65 urtetik gorakoek, gaixotasun kronikoak dituztenek edo komunitate zerbitzuetan lan egiten dutenek (profesional sanitarioek, poliziek eta suhiltzaileek). Pneumokokoaren kontrako txertoa jarri behar dute 65 urtetik gorakoek eta gaixotasun kronikoak edo arrisku-faktoreak dituztenek (tabakismoa barne).

Milagros Iriberri Pascual

Pneumologiako burua

Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea. EEG ESIa