Euskadiko hamar gaztetik zortzik uste dute egungo egoera klima-larrialdikoa dela

0

Azaroaren 6tik 18ra bitartean Kairon Klimari buruzko Goi-bilera egiten ari dela eta, Gazteen Euskal Behatokiak datu batzuk aurkeztu ditu gai honi buruz: alde batetik, gazteek klima-aldaketari buruz duten iritzia eta, bestetik, nazioarteko akordioen eraginkortasunean duten konfiantzari buruz.

Euskadiko 15 eta 30 urte bitarteko hamar gaztetik ia zortzik (% 78,7) uste dute gaur egungo egoera larrialdikoa dela, klima-aldaketak dakarren arriskuagatik. Beste % 17,2k adierazi du egoera larria dela, baina ez larrialdikoa. % 2,1ek soilik esan du esajeratu egiten dela eta ez dela hain larria.

Euskadiko 15 eta 30 urte bitarteko gazteen banaketa, klima-aldaketari buruzko iritziaren arabera (%)

Gas kutsatzaileen isuriak murrizteko nazioarteko akordioekiko konfiantzari dagokionez, gazteen % 10,7k baino ez du konfiantza handia akordio horietan, eta % 29,7k konfiantza nahikoa duela dio. Beraz, hamar gaztetik lauk nazioarteko akordioetan konfiantza dutela ondoriozta dezakegu. Hala ere, gehienek (% 57,7) konfiantza gutxi edo batere ez dute.

Euskadiko 15 eta 30 urte bitarteko gazteen banaketa, gas kutsatzaileen isuriak murrizteko nazioarteko akordioetan duten konfiantzaren arabera (%)

Nazioarteko akordioekiko mesfidantza handiagoa da adin handieneko taldean (25-30 urtekoenean), talde horretan konfiantza gutxi edo batere ez dutenen ehunekoak konfiantza handia edo nahikoa dutenena bikoizten baitu.

Euskadiko gazteek gas kutsatzaileen isuriak murrizteko nazioarteko akordioetan duten konfiantza, adin-taldeen arabera (%)

Aurkeztutako datuak Gazteen Euskal Behatokiak 2022ko martxoaren 25etik apirilaren 4ra bitartean egindako inkesta batetik datoz. Inkesta horri 15 eta 30 urte bitarteko 3.062 gaztek erantzun zioten. Inkestan klima-aldaketari, trantsizio energetikoari eta Garapen Jasangarriko Helburuei (GJH) buruzko galderak egin ziren. Inkestaren emaitzak Gazteen Euskal Behatokiaren webgunean kontsulta daitezke, zehazki, «Ikerketak eta argitalpenak» atalean.