Eusko Jaurlaritzak hautaketa-prozedura berria hasiko du Euskadiko udaltzaingoetako plaza hutsak arin eta eraginkortasunez betetzeko

0

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak gaur argitaratuko du Andrés Zearreta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendariaren ebazpena, Euskadiko udaltzaingoetarako bitarteko agenteen lan-poltsa bat sortzeko hautaketa-prozedura berriari hasiera emateko. Helburua da Euskadiko udalei udaltzaingoetako oinarrizko eskalako agenteen lanpostu hutsak arin eta eraginkortasunez betetzen laguntzea.

Hautaketa-prozedura hauek Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legeko 59.3 artikulutik sortzen dira, eta Euskadiko udalek bitarteko egoeran betetzen diren udaltzaingoetako agenteen plaza hutsak premiaz edo berehala betetzeko pertsona prestatu eta gaituak izateko egiten dira.

OPOSIZIOA ETA FORMAKUNTZA

Lan-poltsa hau sortzeko hautaketa-prozedura lehiaketa-oposizio sistemaren bidez egingo da, eta nortasuna ebaluatzeko probak eta proba psikoteknikoak egingo dira.

Proba horiek gainditzen dituztenean, hautaketa osatzeko eduki teorikoen, portaeraren eta praktikaren formakuntza-ikastaro espezifikoa eta dagokion edukien proba egingo dituzte, udaltzaingoetako oinarrizko eskalako agente-eginkizunak lantzeko, eta, araudiaren arabera, hauek dira:

  • Udaletako agintariak babestea eta bertako eraikinak eta instalazioak zaintzea edo babestea.
  • Herriguneko trafikoa antolatu, seinaleztatu eta zuzentzea, zirkulazio-arauetan ezarritakoaren arabera.
  • Herrigunean gertatutako zirkulazio-istripuen atestatuak instruitzea.
  • Administrazio-polizia izatea, ordenantzei, bandoei eta gainerako udal-xedapen eta -egintzei dagokienez, bere eskumen-esparruaren barruan, bai eta ingurumenaren arloan eta ingurunea babestearen arloan indarrean dagoen araudia betetzen dela zaintzea ere, gai horietan tokiko eskumenen esparruan.
  • Polizia Judizialaren zereginetan parte hartzea, Polizia Judizialeko Unitateei lagunduz.
  • Istripu, hondamendi edo lazeria publikoko kasuetan laguntza ematea, legeetan aurreikusitako moduan, babes zibileko planak betearazten parte hartuz.
  • Prebentzio-eginbideak eta delitu-egintzak saihesteko egin beharrezko jarduketak egitea.
  • Eremu publikoak zaintzea eta manifestazioak babesten eta giza elkarretaratze handietan ordena mantentzen laguntzea, hala eskatzen zaienean.
  • Gatazka pribatuak konpontzen laguntzea, hala eskatzen zaienean.

IZEN-EMATEAK ETA BALDINTZAK

Eskaerak datozen 20 egun baliodunetan aurkeztu ahal izango dira (deialdi hau azaroaren 14n, astelehenean, EHAAn argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita), Akademiaren  www.arkauteakademia.eus  webgunean eskuragarri dagoen eredu ofiziala eta normalizatua erabiliz. Eskaera egiten den unean, oposizioko ariketak zein hizkuntzatan egin nahi diren aukeratu beharko da.

Eskaera aurkezteko, besteak beste, baldintza hauek bete beharko dira:

  • Gizonek gutxienez 1,65 metroko garaiera izatea eta emakumeek 1,60 metrokoa.
  • 18 urte beteta izatea eta 38 urte baino gutxiago izatea; muga hori Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetan betetako zerbitzuekin konpentsatu ahal izango da.
  • Batxilergoko titulua edo kidekoa, edo goragoko mailako beste edozein, izatea.
  • Autoa gidatzeko “B» klaseko gidabaimena izatea.
  • Otsailaren 17ko 36/2004 Dekretuan, Euskal Herriko Poliziaren hautaketa eta prestakuntza araudia onartzen duen Dekretua bigarren aldiz aldatzen duenean, jasotako medikuntzako bazterketetakoren bat ez izatea.