Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatu du datorren asteazkenerako, urtarrilaren 18rako, 400 metrotik gora elurra egin dezakeelako Euskadi osoan

0

Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatu du asteazkenerako, urtarrilaren 18rako, elurragatik 400 metrotik gorako altueran dauden Euskadiko eremuetarako, eta abisu horia elurragatik 09:00etatik 24:00etara bihar, asteartean, barnealde guztirako. Aldi berean, abisu horia aktibatu du prezipitazio iraunkorrengatik gaur, astelehena, datorren asteazken gauerdira arte.

Euskalmeten arabera, behe-presioko eta aire hotzeko eremu zabal eta sakonak neguko lehenengo denboralea ekarriko du Euskadira. Aire oso hotza eta hezea iritsi ahala, prezipitazioak ugarituko dira, batez ere Kantauri isurialdean, eta elurra ere ekarriko du kota nahiko baxuetara. Horrez gainera, itsasoaren egoera ere aldatu egingo da, eta haize zakarra eta olatu handiak sortuko dira.

Gaur, astelehena, elur-maila 1.000 metrotik gora ibiliko da, baina bihar oso azkar jaitsiko da, eta eguerdi partean 700 metro inguruan kokatuko da eta gauean 400 metrora jaitsiko da.

Asteazkenean, elur-maila 300-400 metro inguruan kokatuko da, eta tarte batzuetan beherago, eta ostegunean igotzen joango da, azken orduetan 700-800 metroan kokatu arte.

Alde horretatik, prezipitazio ugari metatzea espero da Kantauri isurialdean, eta ekaitzak sor daitezke eta txingorra ere bota dezake. Gaur, astelehena, hasita, asteazkenera arte 100 eta 200 l/m² artean meta daitezke Kantauri isurialdean eta 30 eta 75 l/m² artean Euskadiko gainerako lurraldeetan.

Elur-geruzei dagokienez, asteartetik asteazkenera bitartean 25 eta 60 cm artekoak izan daitezke 1.000 metrora, 5 eta 35 artekoak 600 metrora eta, asko jota, 5 cm-koak 200 metrora asteazkenean.

Itsasoaren egoera eta haizea

Olatuen ezaugarriak eta haize zakarra kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatu du itsasaldeko arriskuagatik nabigaziorako gaurko eta biharko, eta abisu horia olatu-zaparrak eta zipriztinengatik.

Bestalde, abisu horia aktibatu du bihar, astearterako, 00:00etatik 24:00etara haizeguneetan, eta haize-boladak 110-120 km/h-tik gorakoak izan daitezke, eta 00:00etatik 09:00etara haizeguneak ez diren lekuetan, eta kasu honetan haize-boladak 90-100 km/h-tik gorakoak izan daitezke.

Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez, edo “Abisuak nahieran” zerbitzuan alta emanda. Larrialdietarako deitu 112 zenbakira.

GOMENDIOAK

    • Kontuz ibili Euskadiko itsasertzeko eta mendebaldeko ibai-arroen inguruan.

 

    • Aurreikuspenen aurrean, gomendatzen da ez zirkulatzea astearte arratsalde/gauetik aurrera eta asteazkenean eta ostegunean.

 

    • Metatzea espero den elurraren eta haize zakarraren ondorioz, mendira ez joatea aholkatzen da.

 

    • Aurretik eskatu errepideen egoerari eta eguraldiari buruzko informazioa Euskalmeten eta/edo Eusko Jaurlaritzako Trafikoko 011 telefono-zenbakiaren bidez.

 

    • Edonola ere, bidaiatzea ezinbestekoa izanez gero, ziurtatu pneumatikoak, balaztak eta izotz-kontrakoa ondo daudela; kateak beti eraman, erregai-depositua bete eta berokiak hartu.