URAk eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak hitzarmena sinatu dute Busturialdean hornidura-obrak egiteko.

0
  • Kepa Odriozolak, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren presidenteak, eta Antonio Aizek, Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak, gaur goizean sinatu dute akordioa Gernikan.
  • Jarduketa horien xedea da hornidura-instalazioak berritzea, eskuragarri dagoen balidabidea babestea (ihesak ekiditeko kanalizazioak konponduz) eta hornidura-iturri berrien bidez ur-kopurua handitzea.

Gernikan, 2023ko otsailaren 2an. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak eta Uraren Euskal Agentziak (URA) lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute Busturialdeko eskualdean (Bizkaia) hornidura-azpiegiturak egikaritzeko, hiru urtetan zehar (2023-2025) eta 2,3 milioi euro baino gehiagoko zenbatekoan. Jarduketa hori Errekuperazio, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan egingo da eta Next Generation funtsen kargurako dirulaguntzekin ordainduko da.
Hitzarmena sinatzeko gaur goizean Gernikan egin den ekitaldian izan dira Kepa Odriozola, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren presidentea, eta Antonio Aiz, URAren zuzendaria.

Hitzarmen horren kargura egingo diren jarduketak hiru eremutan arlotan dira: egungo hornidura-instalazioak hobetzea (milioi bat euro baino gehiago hartuko dituena); herritarrei zerbitzu emateko baliabide berriak inkorporatzea (350.645 euro), eta biltegietan eta banaketa-sareetan hobekuntzak egitea (963.464 euro bideratuko dira hiru urtetan). Horiek horrela, egikarituko diren jarduketen aurrekontu osoa 2.337.204 eurokoa da. Zenbateko horren % 80 URAk ordainduko du, eta gainerako % 20a Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak.

Horiek horrela, hornidura-bermeari dagokionez, edateko uren tratamendutegi (EUT) batzuk hobetuko dira. Horretarako, nahitaezkoa da hornidura elektrikoa ere optimizatzea, honako jarduketa hauen bidez: goi- eta behe-tentsioa hobetzeko jarduketak egitea, ekipo elektrogenoak jartzea, anomaliak zuzendu eta instalazio elektrikoak egokitzea, lamelak aldatzea, dekantagailuak hobetzea eta biltegiak berritzea.

Bestalde, herritarrak hornitzeko baliabide berriak barne hartzea aurreikusten da. Ildo horretatik, Busturialdeko eskualdeak baliabide hidrikoaren egiturazko defizita jasaten du, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako Lurralde Ekintza Planean ezarritakoaren arabera 100l/s-koa dena. Hori dela eta, Ur Partzuergoa etengabe ari da baliabide berrien bila. Horretarako, osasun-araudiak bermatzen duenean, orain arte erabili gabeko harguneak birgaitu eta beste jatorri batzuetako baliabideak erabiltzea aurreikusten da.

Azkenik, urte anitzeko programa honen baitan banaketa-sarean hobekuntzak egitea ere aurreikusten da, eskuragarri dagoen errekurtsoa babesteko asmoz. Ildo horretatik, Busturialdeko hornidura-sareak hobetzeko jarduketak barne hartu dira, honako helburu hauekin: Hodietako ihesak murriztea, baliabidearen erabilgarritasuna handitzeko; sistemaren haustura-kopurua murriztea, aldi berean ihesak, lan-karga eta azken erabiltzailearengan duen eragina hobetuz; fibrozementuzko kanalizazio zaharrak kendu eta langileentzako seguruagoak diren materialekin egindako kanalizazioak jartzea. Jarduera horietako bat izango da Golako hodia aldatzea, bai eta hainbat eroanbide aldatzea ere Ajangiz, Arteaga, Bermeo, Busturia, Ea, Gernika, Mendata eta Muxikan.

URAren zuzendari nagusiak, Antonio Aizek, zera nabarmendu du “Urdaibaiko horniduraren kudeaketan egingo diren hobekuntzei esker, uraren erabileraren efizientzia handituko da”. Modu horretan, eskualdearen erresilientzia handituko da prezipitazioen aldaera naturalaren aurrean, gainera, urte osoko hornidura-bermea handituko da eta zati batean murriztuko da eskualdeko ur harguneekiko presioa, harik eta Zadorrako sistematik baliabide berriak jasotzeko aukera dagoen arte”.

Kepa Odriozolak, Ur Partzuergoaren presidenteak, adierazi duenez, “Eraginkortasun eta koherentzia arrazoiak argudiatuta, ez diogu inondik inora utziko zonaldeko ibaiak, akuiferoak eta iturburuak erabiltzeari; hala ere, Uraren Agentziaren betekizunen arabera, ur-mailak errespetatzeko bermeak ezarriko dira, eskualdean hain garrantzitsua den biodibertsitatea eta ekosistema zaintzeko”.

Aurrekariak

2021. urtearen amaieran, Busturialdeko Ur Partzuergoko biltzarrak onetsi zuen hamasei udalerrik osatzen duten Busturialdeko Ur Partzuergoa (BUP) erakundean sartzea. Urdaibaiko Erreserbarako 2020an onetsi zen Lurralde Jarduketa Planaren arabera, hauxe da eremu horretako arazo nagusia: baliabide hidrikoaren egiturazko defizita dago, 100 l/s-tan ezarritakoa, udako hilabeteetan lortzen ez dena, izan ere, eskualdeko baliabide hidrikoen, hau da, ibai, iturburu eta akuiferoen, menpe dago.
Berme handienak ematen dituen irtenbidea honako hau da: 15 kilometroko hodi baten bidez Zadorra sistematik datorren ur-sistemari konektatzea. Horrela, udako hilabeteetan aipatutako defizita konpentsatuko litzateke. Nolanahi ere, oso proiektu handia da, konplexutasun tekniko handikoa, eta inbertsio oso handia ekarriko du, bai ekonomikoki, bai denborari dagokionez. Zenbait urte igaro arte ez da azpiegitura hidrauliko handi hori martxan jarriko; hortaz, egoeraren araberako irtenbideak hartu eta obra txikiak egin behar dira hornidura bermatu ahal izateko eta urte osoan zehar herritarrentzako hornidura ziurtatzeko, betiere, zonalde horretako berezko baliabideak errespetatuz.