Euskal errezeta elektronikoa «operatiboa jada Portugalen eta Kroazian» Polonian ere erabil daiteke orain

0

Euskadi erreferentzia da oraindik Europar Batasunean errezeta elektronikoaren elkarreragingarritasuna zabaltzen

Euskadin bizi den pertsona orok Polonian erabili ahal izango du –edo alderantziz– bere errezeta elektronikoa (e-rezeta), bere historia klinikora jotzeko edo medikazioa farmazia-bulegoetan jasotzeko.

Europako Batzordeak bidezko baimena eman ondoren, euskal errezeta elektronikoa, Portugalen eta Kroazian ez ezik (herrialde horietan jada operatibo zegoen), Polonian ere erabili ahal izango da aurrerantzean. Gainera, aurki Estonian eta Finlandian ere erabili ahal izango da.

Hortaz, Euskadik erreferentzia izaten jarraitzen du Europar Batasunean errezeta elektronikoaren elkarreragingarritasuna zabaltzen. Aurreikusitakoaren arabera, aukera hori 25 herrialde kideetara zabalduko da 2025. urtean.

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Gotzone Sagarduik azpimarratu duenez, oso garrantzitsua da Europako instantziek konfiantza izatea Euskadik programa horretan egiten duen lanean. Nolanahi ere, programa hori, berrikuntza teknologikoa bultzatzeaz gain, baliagarria izango da EBko esparru osoan herritarrentzako farmazia-prestazioa eta osasun-laguntza hobetzeko. Besteak beste, sendagaiaren erabilera egokia eta arrazionala bultzatzen duelako, sendagaiak eskuratzeko aukera arintzen duelako, tratamenduak agindu ondoren osasun-zentroetarako bisitak saihesten dituelako, paper-formatuan ematen ziren errezetak galtzea eragozten duelako eta erabiltzailearen segurtasuna eta erosotasuna areagotzen dituelako.

                      

Autonomia Erkidegoen arteko elkarreragingarritasuna

Bestalde, errezeta elektronikoaren inguruan Euskadin 2018ko urtarrilean ezarri zen autonomia-erkidegoen arteko elkarreragingarritasunari esker, Estatuko edozein farmazia-bulegotan jo daiteke medikaziora Osasun Txartel Indibiduala aurkeztearen bidez.

Ildo horretan, abian jarri zenetik, 444.553 euskaldunek jaso dute beren medikazioa beste autonomia-erkidego batzuetako farmazietan, eta, guztira, 6.770.175 errezeta egin dira. Errezeta elektronikoa gehien erabili duten autonomia-erkidegoak honako hauek izan dira: Gaztela eta León (2.199.505 errezeta egin dira), Kantabria (1.257.386), Valentziako Erkidegoa (613.607), Galizia (527.822) eta Errioxa (525.169).

Bestalde, euskal farmaziek beste autonomia-erkidego batzuetako 115.067 paziente hartu dituzte, eta 826.616 errezeta egin dizkiete guztira: 159.631 Araban, 384.557 Bizkaian eta 262.185 Gipuzkoan. Egindako errezeta horietako gehien-gehienak Gaztela eta Leóngo pertsonek (158.006), Madrilgoek (124.519) eta Kantabriakoek (88.376) jaso dituzte.

E-rezeta izenekoak segurtasun- eta erosotasun-plus bat dakar erabiltzaileentzat. Hori dela eta, paperezko errezeta desagertu egin da ia. Izan ere, 2022. urtean, fakturatutako errezeten % 99,95 elektronikoak izan dira.