HIREKIN zentroaren lehen harria jarri dute

0

HIREKIN-ek duen konpromiso horren erakusgarri, eraikinaren lehen harria jartzeko ekitaldi sinbolikoa egin da, unibertsitatearen instalazioetan. Proiektu horren bidez, industriaren eta teknologia-sektorearen deskarbonizazioa, digitalizazioa eta jasangarritasuna sustatuko ditu Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak.

Izan ere, industria jasangarriaren arloko balio erantsi handiko erreferentziazko zentroa izatea da HIREKINen asmoa. Horretarako, jarduera hauek bultzatuko ditu: ekintzailetza, intra-ekintzailetza, ikerkuntza eta hezkuntza, eta hainbat eragileren arteko ezagutza-transferentzia ahalbidetuko duen elkar-lankidetzako eredu irekia.

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa buru duen HIREKIN berrikuntza- eta ekintzailetza-zentroak oinarri hauek izango ditu: ekintzailetza industrial eta teknologikoa, digitalizazioa eta jasangarritasuna (ingurumenari, ekonomiari eta gizarteari dagokienez). Ia 8 milioi euroko inbertsioa behar izango du proiektuak, eta 2024aren erdialderako gauzatuta egotea espero da.

Industria eraldatzea helburu

Goi Eskola Politeknikoaren zentro berria Arrasateko Uribarri auzoan egongo da, eta, dagoeneko hasiak diren obrei esker, lankidetzarako gune bat sortuko da enpresa, ekintzaile, ikertzaile eta ikasleentzat —Goi Eskola Politeknikokoak, beste fakultate batzuetakoak edo hirugarrenetakoak—, industria eraldatzeko eta beste eredu aurreratu eta jasangarriago bati erantzuteko lanean jardun dezaten.

HIREKIN zentroaren instalazioek, 6.000 metro karraturekin, industria-espazio handi bat izango dute, prototipoak, simulazioak eta esperimentuak egiteko ekipamenduz hornituta. Halaber, lantegi eta zenbatze-gelak izango dituzte, baita baterako sorkuntzarako guneak eta bilera-gelak ere, besteak beste. Azpimarratzekoa da, orobat, HIREKINen esku hartzen duten eragileek erabilgarri izango dituztela unibertsitateak bere laborategietan eta beste egoitza batzuetako lantegietan dituen industria-ekipamenduak. Horrela, baliabide gehiago jarriko dira HIREKINen eta industria-eraldaketaren zerbitzuan.

Gaur egun, hauek dira HIREKIN proiektua aurrera eramateko Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean ari diren erakundeak: MONDRAGON, Saiolan, Ikerlan, Fagor taldea eta Gizabidea fundazioa, Debagoieneko Mankomunitatea, Isea, Galbain eta Garaia Parke Teknologikoa. Dena dela, proiektu irekia izanik, espero da gerora erakunde eta enpresa gehiagok bat egitea.