Turismoko sailburuak euskal ahots komuna eskatu du Eskualdeetako Komitearen bidez eragiteko, online bidezko ostatu-hartze laburren kontrolari buruzko Europako arau berriari begira

0

Javier Hurtado sailburuak eskatu du etxebizitza turistikoak merkaturatzeko plataformetarako kontrol- eta gardentasun mekanismoak biltzen dituen Europako araudi bat

Sailburuak berretsi du beharrezkoa dela Europako araudia sortzea, merkaturatze-plataformekiko kontrol- eta gardentasun-mekanismoak bilduko dituena; izan ere, iraupen laburreko ostatuen alokairu-zerbitzuei buruzko datuak biltzeari eta trukatzeari buruzko Erregelamendua lantzen ari da Europar Batasuna. Turismo Sailak Eskualdeetako Komitearen bitartez laguntzen du, martxoaren 15ean eta 16an Bruselan eztabaidatuko den Irizpenari zuzenketak eginez.

Era berean, sailburuak azpimarratu du fenomeno globala dela, eta milaka herrialde, eskualde eta hiriri eragiten diela. “Eta bertan administrazio asko nahastuta gaude, bakoitza bere eskumen arautzaile eta zehatzaileekin. Europar Batasuna, gobernu nazionalak, gobernu autonomikoak, aldundiak —bereziki Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan—, eta udal guztiak”.

Sailburuak proposatu du Turismo Sailak eta Legebiltzarreko Merkataritza, Turismo eta Kontsumo Batzordeak baterako ordezkaritza bat antolatzea europarlamentariei turismo-erabilerarako etxebizitzen Europako erregulazioari buruzko euskal ikuspegi komun bat azaldu ahal izateko, erregulazio berriaren esparruan.

Horrez gain, Parlamentuko Batzordearen parte hartzea ere eskatu du “Europako araudia egiten laguntzeko; izan ere, udalerrien toki-eremuez gain, Europako eremuan jokatzen dugu gehien eta eskura ditugun tresna guztiak erabili behar ditugu”.

Informazio gehiago