Errusiak Ukrainari egindako alde bakarreko erasoaren aurrean, Lehendakariak adierazi du Eusko Jaurlaritzak batasuna babesten duela Europako eta nazioarteko erantzunean

0

Ukrainako errefuxiatuei harrera egiteko jarraipen-mahaiak gaur goizean egindako bileraren ondoren, Euskadiren eta Ukrainaren arteko elkartasuna aitortzeko ekitaldi bat egin da Lehendakaritzan. Bertaratutakoen artean, ekitaldi horren bidez aitortzen eta eskertzen ziren elkartasun-adierazpenak ordezkatzen zituzten pertsonak egon dira.

Horien artean, Ukrainarekin konpromiso mota ezberdinetan inplikatutako hirugarren gizarte-erakundeak, Ukrainaren eta Euskadiren arteko elkartasun-elkarteak eta Chernovileko haurren harrerarekin lotutako elkarteak. Bertan izan dira, halaber, Euskadiko harrera-familiak, ukrainar jatorriko familiak, eta Ukrainako errefuxiatuen ordezkaritza bat.

Ekitaldia Maria Dobryanska ukraniar gazteak aurkeztu du, ukraineraz, euskaraz eta gaztelaniaz. Ekitaldiaren baitan, Ukrainako inbasioaren ondorioekin lotutako hainbat bizipenen ahotsak eta testigantzak jaso dituzten bi bideo proiektatu dira.

Horretaz gain, solasaldi bat izan da lau pertsona hauen artean:

  • Anna Smolova, 29 urtekoa. Mediku erradiologoa, Euskadin errefuxiatua, ospital batean lana aurkitu duena;
  • Sofía Van, Euskadin harrera-familia batekin bizi den Deustuko Unibertsitateko nazioarteko harremanetako ikaslea;
  • Vasyl, 29 urte, Buchakoa eta Artziniegan bizi da. Bere ama, Halyna, Bucha, Irpin eta Ivankiv inguruko boluntarioa izan zen, Txernobylgo haurren bidaiak antolatzen zituen eta bere etxea uztera behartu zutenean Artziniegara joan behar izan zuen.
  • Enrique Angulo, Txernobileko Umeak elkarteko kidea, Txernobyleko haurrak hartu dituena eta Ukrainako inbasioaren ondoren errefuxiatutako pertsona eta familiei lagundu diena.

Hiru hitzek laburbiltzen dute bere testigantzen muina: sufrimendua, erresilientzia (edo erresistentzia) eta elkartasuna. Haien erantzunen adierazpenak Lehendakaritzako atarian entzun dira, sufrimendu bidegabea, erresilientzia beharrezkoa eta elkartasun eskergarria bizipenen oihartzun sarkor gisa.

Iñigo Urkullu Lehendakariaren interbentzioak eman dio amaiera ekitaldiari. Bere lehen hitzek inbasioaren gaitzespena berretsi dute, hasiera-hasieratik adierazi zen bezala: «Gaitzetsi egiten dut armada errusiarrak Ukrainan egindako inbasio militarra, gerra baliabideekin eta justifikaziorik eta probokaziorik gabe hedatua. Giza eskubideen aurkako alde bakarreko erasoa, legezkotasuna eta nazioarteko zuzenbidea urratzen dituena.

Bidegabekeria horrek milaka bizitza galtzea, milioika lagunen lekualdatzea eta herrialde baten eta bertako jendearen ondasunak eta ondarea modu masiboan, doan eta zentzurik gabe suntsitzea dakar”.

Euskal gizartearen eta erakundeen izenean, Lehendakariak elkartasun aktiboaren sentimendua adierazi die Ukrainaren inbasioak eragindako biktimen familia guztiei. Sentimendu hori zabaldu egin die zaurituei, etxea galdu dutenei, baita beren herria eta amesten zuten etorkizuna uztera behartutako lagun eta familiei ere.

Hitzaldian, ukrainar jatorriko euskaldunekiko, herriarekiko eta Ukrainako gobernuarekiko atxikimendua, hurbiltasuna eta konpromisoa adierazi ditu. “Eskerrak eman nahi dizkizuet harrerako familia guztiei zuen elkartasunagatik eta ahaleginagatik”, esan du Urkulluk.

Aintzatespen hori Ukrainako errefuxiatuei harrera egiteko jarraipen-mahaian parte hartzen duten erakundeetako eta hirugarren sektore sozialeko ordezkariei eta Ukrainaren eta Euskadiren arteko elkartasun-erakundeei ere luzatu die, baita Chernovileko haurrekin zerikusia dutenei ere. Lehendakariaren hitzetan: “Ankerkeriaren urte honen aurrean, topaketa hau Ukrainaren eta Euskadiren arteko elkartasuna aitortzeko ekitaldi bat da. Itxaropena desolazioaren aurrean”.

Lehendakariak gogorarazi du laguntza Euskaditik haratago iritsi dela. Esan duenaren arabera, Euskal lankidetzari esker, haurrentzako bi kanpamentu eraiki dira Ukrainan, Zhitomirren eta Ivano Frankivsken. Instalazio horiek behar bereziak dituzten errefuxiatuak hartzeko erabiltzen dira gaur egun. Gainera, hainbat euskal udalen elkartasuna batuz, ospitale bat birgaitu da Barishivkan, Kievetik 50 kilometrora, gerrako zaurituak artatzeko. “Euskadi Ukrainan ere badago”.

Bestalde, Eusko Legebiltzarrak hartutako bi erabaki gogorarazi nahi izan ditu. Lehenengoan, 1991ko abenduaren 13an, abenduaren 1ean egindako independentzia-erreferendumari babesa emateko. Bigarrena 2003ko urriaren 7an izan zen. Egun horretan, euskal ganberak Ukraina Europar Batasunean sartzearen alde egin zuen, Ukrainaren printzipio demokratikoa eta independentzia bermatzeko.

Azterketa politikoaren esparruan, Iñigo Urkulluk azpimarratu du giza eskubideak, gure herrien etorkizuna eta bakea eta nazioarteko bizikidetza sostengatzen dituzten printzipioak eta balioak jokoan daudela. “Errusiak Ukrainari egiten dion alde bakarreko erasoaren aurrean, erantzuna multilateralismoa indartzea da. Europako eta nazioarteko erantzunean batasunari eusteko Eusko Jaurlaritzaren erabateko babesa adierazten dut”.

Ildo horretatik, Lehendakariak adierazi du Eusko Jaurlaritzak erabateko babesa ematen diela EBri eta nazioarteko komunitateari, alde bakarreko inbasioa amaitzeko eskakizunean eta bidezko bakea ahalbidetuko duten bide diplomatikoak aztertzerakoan.

Iñigo Urkulluk Ukrainarekiko atxikimendua, elkartasuna eta konpromisoa berretsi ditu, eta eskerrak eman dizkie euskal gizarteari eta, bereziki, familia harreragileei, bai eta elkarteetako eta harrerako tokiko taldeetako boluntarioei ere.

Bukatzeko, itxaropenerako gogoeta bat partekatu du. “Gerraren ankerkeriak eta bidegabekeriak ez dute zertan azken hitza izan behar. Elkartasunak etengabe hitz egiten eta interpelatzen gaitu. Okerrenaren aurrean, giza izaeraren onena ere sortzen da. Konpromisoak eta elkartasunak atea irekitzen diote bakearen itxaropenari”.