Nerea Melgosa Gurutze Gorriko arduradunekin bildu da kolektibo babesgabeenen arretan lankidetza indartzeko

0

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua Javier Senent Garcia Espainiako Gurutze Gorriko presidentearekin eta Aitor Allende Euskadiko Gurutze Gorriko koordinatzailearekin bildu da. Elkarraldia erakundeak Gasteizen duen egoitzan izan da, eta lankidetza indartzeko eta Euskadin egiten duten baterako lana balioan jartzeko balio izan du. Sailburu izendatu berria Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeekin izaten ari den harremanen barruan kokatzen da bilera.

Zehazki, Euskadiko Gurutze Gorriaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzak hainbat esparru hartzen ditu bere baitan, eta estutu egin da azken urteotan. Hori da pobrezia-egoerak arintzeko gaitutako bi tresnen kasua. Oso egoera ahulean dauden familiei eta pertsonei arreta emateko programa berri bat eta sistematik kanpo geratzen diren familiei argiaren, uraren eta gasaren fakturak ordaintzea errazteko hitzarmen bat. Horrela, Eusko Jaurlaritzak kontuan hartzen ditu zailtasun ekonomiko larriak dituzten eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzen (GLL) edo Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) onuradun ez diren familiak eta kolektiboak.

Joan den hilabetean, egoera oso ahulean dauden pertsonen eta familien oinarrizko premiei berehalako arreta emateko programa berri bat prestatu zen, eta Eusko Jaurlaritzak 2,5 milioi euro bideratu ditu horretarako, Hitzartuz programaren barruan. Urtarriletik, Euskadiko Gurutze Gorria da laguntza horien eskabideak, balorazioak eta izapideak koordinatzeaz arduratzen den erakundea, bere lurralde-ordezkaritzetako edozeinen bitartez.

Otsailaren erdialdera arte 2.000 eskaera jaso dira, eta dagoeneko 1.174 balorazio egin dira: Araban, 385 eskaera eta 141 balorazio; Bizkaian, 889 eskaera eta 602 balorazio; eta Gipuzkoan, 725 eskaera eta 431 balorazio.

Oinarri-oinarrizko premiei berehala erantzuteko laguntza berriak dira, besteak beste elikadura egokia izateko edo higiene pertsonaleko produktuak eskuratzeko. Ekimen honen helburu nagusia pertsona eta familia kalteberenen oinarrizko premiei berehalako arreta ematea da, baita beste premia batzuk antzematea ere, eta horiei baliabide egokienekin bideratuz, orientatuz eta koordinatuz erantzungo zaie.

Bi bide daude: batetik, txanpon-txartel batzuk ematen ari dira, Eroski, Mercadona eta Carrefour supermerkatuetan eta hurbileko denda txikietan erabil daitezkeenak; bestetik, laguntzak aplikazio mugikor baten bidez ere bideratzen ari dira –Encantado de comerte app-a–. Aplikazio horretatik, hartzaileek egoera ezin hobean eros ditzakete elikagaiak, baina saltokiek ezin izan dituzte egunean zehar saldu, eta % 70erainoko beherapena izaten dute jatorrizko prezioan.

Kasu bakoitzaren banakako balorazioaren eta bizikidetza-unitatea osatzen duten kideen kopuruaren arabera, familia horiei emandako zenbatekoak 150 eurotik (kide bakarreko unitateetan) 300 eurora bitartekoak dira (4 kide edo gehiagoko familia-unitateetan). Gehienez ere hiru entrega egingo dira urteko, kalteberatasun larriko kasuetan izan ezik, horiek behar bezala aztertuko baitira.

Gainera, Nerea Melgosak zuzentzen duen sailak hitzarmen bat sinatu zuen 2015ean Euskadiko Gurutze Gorriarekin, sistematik kanpo geratzen diren familia kalteberei, GLLrik jasotzen ez dutenei, argiaren, uraren eta gasaren fakturak ordaintzea errazteko. Akordio horrek indarrean jarraitzen du, eta, gainera, indartu egin da aurten. 2022an helburu horretara bideratutako dirua 400.000 eurotik milioi batera igo bazen, 2023rako hasierako aurrekontua 1,5 milioira igo da.

Aurten, 259 pertsona edo familia izan dira dagoeneko programa honen onuradun: 57, Araban;  135, Bizkaian; eta 67, Gipuzkoan.

Guztira, Hitzartuz programaren eta programa honen artean, Eusko Jaurlaritzak sistematik kanpo geratzen diren familiak artatzen ditu Euskadiko Gurutze Gorriaren bidez, eta 4 milioiko aurrekontua du urte honetarako.

Migratzaileentzako arreta

Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadiko Gurutze Gorriaren arteko lankidetza Migrazio eta Asilo Zuzendaritzara ere hedatzen da, eta horrek Irunera Hilanderas I baliabidean iristen diren migratzaileen kolektiboari arreta ematea dakar. Era berean, iaz beste baliabide bat gehitu zen, Hilanderas II, Gurutze Gorriak kudeatua hori ere, lehena saturatzen denean errefortzu gisa balioko duena.

Horrez gain, etxebizitzetan aldi baterako harrera ematen duen eta migratuak gizarteratzeko prozesuetan lan egiten duen Harrera programan parte hartzen du, baita Aholku sarean ere —Atzerritarren arloko Aholkularitza Juridikorako Euskal Sarean—. Sareak 28 informazio-gune ditu Euskal Autonomia Erkidegoan: 10 Bizkaian, 10 Gipuzkoan eta 8 Araban.