Osalanek bat egiten du martxoaren 8ko kanpainaren leloarekin: Emakumeak gora!

0

Emakumeak gora! da 2023ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren kanpainaren leloa, Emakundek EAEko beste erakunde batzuekin batera bultzatzen duena. Lelo horrek aldarrikatzen du gure gizarteak emakume gehiago behar dituela erabaki eta eragin postuetan.

Kanpainak erakusten du zein diren emakumeei oraindik ere lidergo-postu horietara berdintasunean iristea eragozten dieten oztopo nagusiak, eta mito faltsuak eraisten ditu, hala nola, emakumeak prestakuntza gutxiago dutela postu horiek betetzeko, izan ere, Euskadin goi-mailako ikasketak dituzten pertsona guztietatik ia % 60 dira emakumeak.

Kanpainaren protagonistak emakumeak dira, eta gogorarazten digute:

·         Emakumeek gerentzia-postuen % 6 baino ez dutela betetzen, eta hori ez dela prestakuntza edo lidergo faltagatik, baizik eta erakundeetan pribilegio eta rol maskulinoak betikotzen direlako.

·        Emakumeak titulazio teknikoetako matrikulen % 23 baino ez direla, eta hori ez dela bokazio faltagatik, baizik eta, besteak beste, mugatzen gaituzten estereotipoetan oinarritutako hezkuntzaren ondorioz.

·        Zaintzeko eszedentzien % 73 emakumeek hartzen dituztela, eta ez dela haiek bakarrik dakitelako zaintzen, baizik eta gizarteak rol hori esleitzen dielako, eta beren garapen profesionala mugatu.

Kanpainak webgune bat du (www.emakumeakgora.eus), zeinetan emakumeek, erabakiak hartzen diren espazioetara heltzeko, bidean aurkitzen dituzten oztopo batzuk azaltzen diren.

Osalanek bere egin du Emakumeak gora! leloa martxoaren 8rako; izan ere, genero-estereotipoak hausteak, zaintzak partekatzeak eta egiturak aldatzeak, emakumeek erantzukizuneko lanpostu gehiago eta lan-baldintza hobeak lor ditzaten, laneko segurtasuna eta osasuna hobetzen laguntzen du. Beharrezkoa da azpimarratzea genero-ikuspegitik heldu behar zaiola laneko arriskuen prebentzioari. Hori egiteko moduari buruzko informazio gehiago izan nahi baduzu, Osalanek egindako materialak eskura ditzakezu gure webgunean, generoaren atalean. Era berean, Osalanek bere 30. urteurrena ospatzeko 2023ko apirilaren 24an eta 25ean egingo duen Laneko Segurtasun eta Osasunari buruzko Nazioarteko V. Biltzarrean, generoari eta laneko segurtasunari buruzko mahai bat eta bi ikuspegiak jorratuko dituzten beste parte-hartze batzuk izango dira.