2022/2023 ikasturtean nautikako eta arrantzako irakaskuntzen arloko ikasketak egiteko bekak deitu dituzte, 140.506 euroko zuzkidurarekinn

0
  • Bekak lehen aldiz 2016/2017 ikasturtean deitu zirenetik, guztira 839 ikaslek jaso dituzte
  • Helburua da nautikako eta arrantzako sektoreko langileen trebakuntza laguntzea eta belaunaldi txanda erraztea

Gobernu Kontseiluak, gaur izan duen bileran, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiaren Agindua onetsi du, 2022/2023 ikasturtean nautikako eta arrantzako irakaskuntzen arloko ikasketak egiteko bekak deitzeko Euskadiko Itsas Arrantzarako Lanbide Heziketako hiru Ikastetxeetan: Pasaiako CIFP Blas de Lezo LHII, Bermeoko Nautika eta Arrantzako LHII, eta Ondarroako Antiguako Ama Arrantza Eskola.

Deialdiaren helburua da arrantzarekin lotutako sektoreetan pertsonen trebakuntza sustatzea. Beka hauen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan nautikako eta arrantzako heziketa zikloa egiten ari diren gazteak animatu nahi dira, profesionalki arrantza-ontzi batean ontziratzea erabaki dezaten, jubilatzeko adinetik gertu dauden euskal armadoreen belaunaldia berritzen dela bermatuz.

Belaunaldi-berrikuntzarako bultzada

Bekak lehen aldiz 2016/2017 ikasturtean deitu zirenetik, guztira 839 ikaslek jaso dituzte, eta horietako 31 emakumeak izan dira. Azken bi urteetan asko igo da eskaera egin duten emakumeen kopurua, eta horrek nautikako eta arrantzako sektorean emakumearen txertaketan eboluzio txiki baina positiboa egon dela adierazten du.

Deialdi honetarako 140 beka inguru ematea aurreikusi da, aurreko deialdien bilakaera aintzat hartuta: 168 beka 2021/2022 ikasturtean (158 gizon eta 10 emakume), 141 beka 2020/2021 ikasturtean (132 gizon eta 9 emakume), 149 beka 2019/2020 ikasturtean (148 gizon eta 1 emakume), 123 beka 2018/2019 ikasturtean (117 gizon eta 6 emakume), 112 beka 2017/2018 ikasturtean (120 gizon eta 2 emakume) eta 136 beka 2016/2017 ikasturtean (133 gizon eta 3 emakume).

Beken programaren bidez eta Euskal Autonomia Erkidegoko nautikako eta arrantzako heziketa zentroen bidez, sektorearen trebakuntza-beharrei erantzun eraginkorra eman zaie, ikastaro espezifikoen antolaketaren eta eskaintzen duten nautikako eta arrantzako etengabeko heziketaren bidez.

 

2022/2023 edizioa

Bekek guztira 140.506 euroko zuzkidura dute, eta eskatzaile bakoitzak lortutako puntuazioaren arabera modu proportzionalean esleituko dira, ezarritako irizpideetan oinarrituz, eta pertsona bakoitzak gehienez 2.400 euro jasoko ditu.

Beka lortu ahal izateko, hautagaiek izena emanda beharko dute 2022-2023 ikasturterako Euskadiko nautikako eta arrantzako heziketa zentroetan, eta deialdiaren Aginduak ezartzen dituen gainerako baldintzak bete beharko dituzte.

Bekak honako kontzeptu hauetarako erabili beharko dira:

– Ohiko etxebizitzatik kanpoko bizitokiaren gastuak.

– Hezkuntza zentrorako joan-etorrien gastuak.

– Mantenu-gastuak.

– Ikasketak egiteko materialen gastuak.

Laguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, ikastaroa amaitzean, baldin eta ikasleak matrikulatutako modulu edo ikasgai guztiak gainditu, klasera bertaratzearen minimoak bete, eta, kasua denean, prestakuntza praktikoa bete badu.

Esleitzeko irizpideak eta epeak

Bekak emateko, deialdiaren oinarrietan puntuak emateko dauden irizpideak erabiliko dira eta xede horretarako izendatutako balorazio-batzorde batek ezarriko ditu irizpideak. Honako hauek dira:

  1. Egingo diren ikasketen maila.
  2. Ohiko egoitzaren eta ikastetxea dagoen herriaren arteko distantzia.
  3. Eskatzailearen inguruabar pertsonalak eta familiarrak.
  4. Eskatzaileak edo familiak aurreko urtean lortutako sarrera gordinak, jatorria dena delakoa izan arren.

Beka hauetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, eta Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean hasiko da.

Izapidea egiteko jarraibideak izango dituen prozeduraren informazio-fitxa, eskabideak egiteko inprimakiak lortzeko ere balio duena, honako helbide honetan kontsultatu ahalko da, behin agindua argitaratuta: https://www.euskadi.eus/servicios/1030108