Belaunaldien arteko I. Jardunaldia, Euskadiko Lanbide Heziketan

0
  • Ekitaldiak Lanbide Heziketako 600 ikasle baino gehiago eta beren proiektuak garatzen lagundu dieten adinekoak elkartu ditu Donostian; ikasleek jardunaldian zehar aurkeztu dituzte proiektu horiek
  • Lanbide Heziketako 11 ikastetxek hartu dute parte martxoan Euskadiko Lanbide Heziketako belaunaldien arteko lehen astean

Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arevalok inauguratu du gaur goizean, Donostiako Kursaal Jauregian, Euskadiko Lanbide Heziketako belaunaldien arteko I. jardunaldia. Ekitaldi horretan, Lanbide Heziketako 600 ikasle baino gehiago bildu dira, martxoan zehar proiektuak garatzen lagundu zieten adinekoekin batera. Proiektu horiek ekitaldian bertan aurkeztu dituzte ikasleek.

9:30etik aurrera, 11 ikastetxe parte-hartzaileetako ikasleek —dokumentazio grafikoz eta 2023ko martxoan egindako tailerretan parte hartu duten adineko batzuek lagunduta— euren proiektua azaldu diete Lanbide Heziketako gainerako ikastetxeei. Nabarmentzekoa da ekimenean parte hartu duten 92 eta 93 urteko bi emakume ere Kursaaleko Jardunaldian izan direla. Emakume horiek Balentziagaren taldean lan egin zuten jostunak dira.

Angel Alkain umoristak egin ditu aurkezle-lanak eta parte hartu duten Lanbide Heziketako ikastetxeek euren proiektuak aurkeztu dituzte. Epaimahaiak proiektu eta tailerren balorazioa egin ondoren, bere epaia eta proiektu irabazleen izanak eman ditu ezagutzera. Honako hauek izan dira irabazle:

  • Lehen saria: Cebank Lanbide Heziketako ikastetxea (Donostia) belaunaldien arteko sukaldaritza tailerragatik. Ikastetxeko ikasleek guraso edo aiton-amonekin batera hartu zuten parte tailer horretan.
  • Bigarren saria: Meka Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua (Elgoibar). Ikastetxe horrek hainbat esparrutan garatu zituen belaunaldien arteko tailerrak, hala nola automobilgintzan, adinekoen zaintzan edo komunikazioan.
  • Hirugarren saria: AEG Lanbide Heziketako ikastetxea (Donostia), ehungintzaren arloan antolatu zuen belaunaldien arteko tailerragatik. Ikasleek Balenciagarentzat josi zituzten 90 urtetik gorako bi jostunekin partekatu zituzten esperientziak.

Belaunaldien arteko tailerrak

Iragana, oraina eta etorkizuna Lanbide Heziketan: tradizioa eta berrikuntza” lelopean, martxoaren 6tik 10erako astean belaunaldien arteko tailerrak egin ziren Lanbide Heziketako 11 ikastetxetan, honako helburu hauekin:

  • Euskadiko Lanbide Heziketako ikasleei ezagutzak transmititzea eta esperientzia, teknologia eta kulturaren aberastasuna berreskuratzea.
  • Adin-talde desberdinetako pertsonen arteko harremanak sustatzea, loturak eta elkar ezagutzea aberasteko, eta belaunaldi desberdinen arteko kultura eta esperientzia-ondarearen ahozko transmisioa sustatzeko.
  • Lanbide Heziketako ikastetxeak gizartera hurbiltzea.
  • Errespetuaren eta bizikidetzaren balioak transmititzea eta lantzea, pertsonen eta pertsonei zuzendutako gizartea bultzatuz.

Joskintzatik automoziora

Guztira, Euskadiko Lanbide Heziketako 11 ikastetxek hartu dute parte ekimenean. Belaunaldien arteko tailerrak egin diren egunetan, ikasleek, hainbat belaunalditako pertsonekin batera, hamaika gairi buruzko proiektuak garatzeko aukera izan dute, hala nola teknologia, gastronomia, komunikazioa, pertsonen zaintza, automozioa edo zurari buruz, besteak beste. Ekimen horren bidez, ikasleek bertatik bertara ikusi ahal izan dute egun adinekoak diren horiek duela 50 urte inguru nola bizi ziren eta nola egiten zuten lan.

Martxoaren 6ko astean egin ziren tailerren artean, aipatzekoak dira, besteak beste, Elgoibarko Meka LHIIn egin zena. Dagoeneko erretiratuta dauden adineko mekanikariak ikastetxeko automobilgintza-tailerretara hurbildu ziren, eta bertan, duela hamarkada batzuk tailerretako lana nolakoa zen azaldu zieten egungo ikasleei; baina, aldi berean, gaur egun erabiltzen diren teknologia eta teknikak ere bertatik bertara ezagutu ahal izan zituzten. Gauza bera egin zuten erretiratutako baserritar edo basoko teknikariek, Zizurkilgo Fraisoro Eskolan partekatu zuten belaunaldien arteko tailerrera joan zirenean. Fraisoro Eskolak nekazaritza eta basogintza-esparruetako Lanbide Heziketako zikloak ematen ditu. Donostiako Lanbide Heziketako AEG ikastetxeak, bestalde, Balenciagarentzako lan egin zuten 92 eta 93 urteko bi jostun gonbidatu zituen. Ikastetxeko ikasleek haien ahotik zuzenean entzun zuten emakumeen testigantza: zein lan mota egiten zuten, duela hamarkada batzuk modak nolakoak ziren, edo nola aldatu den ehungintza-industria urteekin. Horren ordainetan, gaur egun harizpiak 3D inprimaketan nola egiten diren ezagutu ahal izan zuten jostun erretiratuek.

Belaunaldi-tailerren lehen edizio honek berretsi egin du gure adinekoen kultura-altxorrak, herri-jakinduriak eta esperientzia-transmisioak aberastu egin dezaketela Lanbide Heziketako ikasleen prestakuntza.

Informazio gehigarria