Euskalmeten aurreikuspenen arabera, Aste Santuko eguraldia egonkorra izango da

0
  • Asteburu honetan eguraldia bustia izango da isurialde kantauriarrean eta freskoa Euskadi osoan, eta, astelehenetik aurrera, aldiz, egoera egonkortzen joango da eta prezipitazioen probabilitatea txikia izango da eta tenperaturak goxoak

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren iragarpenen arabera, Aste Santuko lehenengo egunetan eguraldia egonkorra eta goxoa izango da, eta prezipitazioen probabilitatea txikia izango da. Asteburu honetan, aldiz, eguraldiak okerrera egingo du aire hotza eta hezea iritsiko denez, eta aire horrek euria eta 1200-1400 metrotara elurra ekarriko ditu, batez ere isurialde kantauriarrean, eta tenperaturak nabarmen jaitsiko dira.

Euskalmeten arabera, astelehenetik, apirilaren 3tik aurrera, berriz ere goi-presioak nagusiko dira, eta goizean oraindik ere euri pixka bat egin dezakeen arren, pronostikoek iragartzen dute une horretatik aurrera prezipitazioak egiteko probabilitatea txikia izango dela.

Tenperaturari dagokionez, asteburuan termometroek behera egingo dute eta astelehenean horrela mantenduko dira, eta maximoak 10-15 ºC inguruan ibiliko dira. Asteartetik aurrera, barnealdean tenperatura minimoak jaitsi eta 0 ºC ingurura hurbildu daitezkeen arren, tenperatura maximoak 15-20 ºC-ra inguratu daitezke.

Ostegunetik, apirilaren 6tik, aurrera ziurgabetasuna handia bada ere, litekeena da egoera antiziklonikoarekin jarraitzea eta eguraldia lehorra eta goxoa izatea, bai eta tenperaturek gora egitea ere.

Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez, edo “Abisuak nahieran” zerbitzuan alta emanda. Larrialdietarako deitu 112 zenbakira.

Informazio gehigarria