Enpleguaren Euskal Legearen Proiektua onartu da

0

Legeak autogobernua garatzen du enplegu-politika aktiboetan, eragile guztien jarduna antolatzen du, lan duina definitzen du, eta diagnostikoa, orientazioa eta lan-prestakuntzarako sarbidea aitortzen ditu herritartasun-eskubide berritzat

Gobernu Kontseiluak Enpleguaren Euskal Legearen Proiektua onartu du gaur. Lege guztiz berria da, eta zerbitzu publikoen prestazioan eraginkortasun eta efizientzia handiagoa lortzea, enpresen beharrei irtenbide gehiago ematea eta pertsonei aukera-berdintasuna ematea du helburu.

Lege berri honek Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak zuzentzen duen Sailak legegintzaldi honetan abiarazitako bultzada eraldatzailea osatzen du, Lanbide eraldatzeko prozesuarekin eta Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren Legea onartzearekin. Era berean, 2030erako Euskal Enplegu-Estrategiaren barruan kokatzen da, eta Gobernu Programaren hirugarren konpromisoa betetzen du. Bertan, enplegu sistema integral eta aktibatzaile baten aldeko apustua egiten da, Lanbide ardatz egituratzaile gisa hartuta.

Lanbidek eginkizun nagusia izango du enplegu-zerbitzu publiko gisa, eta programa-kontratu bat izango du. Kontratu horrek lau urteko balioa izango du, eta lan duina erabat garatzea, enplegagarritasuna bermatzea, enpresen beharrei erantzutea eta gizarte- eta lurralde-kohesioa bultzatzea izango ditu helburu. Ildo horretan, pertsonek lanpostu bat lortzeko aukera berdinak izateko eta enpresek behar dituzten profilak izateko erronkari aurre egiteko, prestakuntzarako eta lan-orientaziorako laguntza pertsonalizatua izateko eskubidea bermatuko du, gaitasunen eta beharren diagnostiko baten, plan pertsonalizatu baten eta laguntza-prozesu baten bitartez eta lan-historia bakar bat sortuz.

Euskal Enplegu Sarea

Enpleguaren Euskal Legeak erakundeen arteko artikulazioa izango du; izan ere, lehen aldiz, Euskal Enplegu Sarearen bidez, berezko eskumen-eremu bat aitortuko da maila guztietan, eta, horri esker, zerbitzuak emateko beste dimentsio bat ahalbidetuko da. Bertan parte hartuko dute Lanbidek, foru-aldundiek, toki-erakundeek, bakoitzaren sektore publikoko erakundeek eta erakunde laguntzaileek. Era berean, lurraldeko leihatila bakarra sortuko da, enpresek eta erabiltzaileek sareko edozein kidek eskaintzen duen edozein zerbitzu eskura dezaten. Gainera, Lanbidek leihatila digital bakarra gehituko du.

Eusko Jaurlaritzak Euskal Enplegu Sarearen mapa onartuko du, enplegu-zerbitzuak emateko lurralde-egitura optimoa ezarriko duena, kontuan hartuta biztanleria, demografia- eta lurralde-ezaugarriak, profesional bakoitzeko gehieneko biztanleria ratioak, beharrezko ekipamenduen esparru orokorra eta pertsona eta enpresa erabiltzaileekiko hurbiltasun handiena bermatu beharra. Mapa hori aldian behin eguneratuko da, gehienez ere lau urtean behin, eta Enplegu eta Inklusio Politiken Ebaluazio, Ikerketa eta Berrikuntza Organoak egiten dituen ebaluazioen emaitzei erantzungo die.

Enplegu-politika publikoen gobernantza Eusko Jaurlaritzari, Enplegu Politika Publikoen Euskal Kontseiluari (Eusko Jaurlaritzaren sei ordezkarirekin, aldundien hiru ordezkarirekin eta udalen hiru ordezkarirekin) eta Elkarrizketa Sozialerako Mahaiari dagokie. Parte-hartzeari dagokionez, Enpleguaren Euskal Foroa egituratzen da, enplegu-politiketan esku hartzen duten eragile publiko eta pribatuekin.

Lege berri honetan, enpleguko eta toki-garapeneko planak nahitaezkoak izango dira 10.000 biztanletik gorako udalerrietan, eta, aurrekontuak finantzatzeko ohiko iturrietatik harago, funts egonkor bat sortuko da, hartzen dituzten betebeharrak eraginkortasunez beteko direla bermatzeko, zerbitzu-zorroa bermatu behar duen sareko kide gisa.
Lege berria:

  • Pertsona zentroan kokatzen du.
  • Kalteberatasun-egoeren babesa handitzen du.
  • Soluzioak ematen ditu pertsonek eta enpresek dituzten beharretatik abiatuta, eta konektatu egiten ditu.
  • Kalitatezko enpleguaren ikuspegia barneratzen du garatu beharreko politiketan.
  • Zerbitzu-zorro integrala eta integratua eskaintzen du.
  • Enpleguaren zeharkako dimentsioa bermatzen du.
  • Kalitaterako, prestazioen sistematizaziorako eta plangintzarako tresnak sartzen ditu.
  • Digitalizazioaren, ebaluazioaren, berrikuntzaren eta ikerketaren aldeko apustua egiten du.
  • Aukera-berdintasunari eta lehiakortasunari erantzuten die.
  • Maila instituzional guztien zeregina eta elkarrizketa sozialaren garrantzia aitortzen ditu.