Eusko Jaurlaritzak alkohol- eta droga-kontrolak indartuko ditu Aste Santuan

0
  • Positibo ematea arau-hauste oso larritzat jotzen da, eta 500 eurotik 1.000 eurora arteko isuna eta 6 puntu ere kentzea ekar dezake

Ertzaintzak, Euskadiko udaltzaingoekin lankidetzan, gidariei zuzendutako prebentziozko alkohol- eta droga-kontrolak indartuko ditu apirilaren 4tik 10era bitartean, biak barne, Aste Santuarekin bat etorrita.

Bide Segurtasunari buruzko Legeak eta Zirkulazio Araudi Orokorrak jasotzen dutenez, agintaritzak edo agintaritzako agenteek prebentziozko alkoholemia-kontrol bat egitea eskatzen badiote gidari bati, gidari horrek nahitaez egin beharko du kontrola. Proba egiteari uko egiten badio, bide-segurtasunaren aurkako delitua egotzi ahal izango zaio.

Sonia Díaz de Corcuera, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariaren arabera: “Joan-etorri asko izaten diren egunetan bereziki da garrantzitsua ahalmen guztiak erabiliz gidatzea. Egiaztatuta dago, alerta egoteko eta erreakzionatzeko gure gaitasuna murriztu egiten duela alkohola edo drogak kontsumitzeak, eta horrek istripu larriak eragin ditzake”.  

Alkoholemia-kontrola

Alkoholemia-kontrolean airea botatzea eskatzen duten bi proba egiten dira, eta proba batetik bestera gutxienez 10 minutu utzi behar dira.

Errore-tarteak aplikatu ondoren:

  • Botatako airean 0,25 miligramo alkohol baino gutxiago agertzen bada (0,15 miligramo gidari profesionalentzat eta gidabaimenarekin 2 urte baino gutxiagoko antzinatasuna dutenentzat), gidariak bere bidean jarraitu ahal izango du.
  • Botatako airean 0,25 (edo 0,15) miligramo alkohol baino gehiago eta 0,60 baino gutxiago agertzen bada, gidariak arau-hauste administratiboa egingo du. 0,60 baino gehiago agertzen bada, berriz, bide-segurtasunaren aurkako delitutzat joko da.
  • Agenteek alkohola edan izanaren zantzu nabariak antzematen badituzte, eta gidatzeko garaian eragina badute, gidariari bide-segurtasunaren aurkako delitua egoitziko zaio, alkoholaren eraginpean gidatzeagatik.

Probaren emaitza positiboa bada, berriro egin ahal izango da proba –interesdunak eskatuta edo epaileak aginduta–, emaitzak alderatze aldera. Osasun-langileek egingo dute bigarren proba hori eta, ahal dela, odol-analisiaren bidez (behar bezala justifikatutako salbuespenezko kasuetan izan ezik).

Probari uko egiten bazaio edo proba positiboa bada, ibilgailua ibilgetuko da, salbu eta beste pertsona batek gida badezake, betiere beste pertsona horri proba egin eta negatibo eman ondoren.

Proban emaitza positiboa emanez gero, arau-hauste administratibo oso larritzat joko da, eta 500 euroko zehapena ezarriko da eta gidabaimeneko 4 puntu kenduko dira emaitza 0,50 mg/l-koa edo txikiagoa bada, eta 0,50 mg/l-koa baino handiagoa eta 0,60 mg/l-koa edo txikiagoa bada, 1.000 euroko zehapena jarriko da eta 6 puntu kenduko dira.

Droga-kontrola

Droga-kontrolaren prozedura antzekoa da, baina zenbait berezitasun ditu. Proba egiteko listu-lagin bat erabiltzen da. Probaren emaitza positiboa bada, laborategiko geroko analisi batean berretsi beharko da positibo hori.

Positibo ematea arau-hauste oso larria da, eta 1.000 euroko isuna eta 6 puntu kentzea ekar dezake.

Informazio gehigarria