Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak zentro soziosanitario berri bat eta Osakidetzarako zentro logistiko bat sortuko dituzte

0

Bi erakundeek erabaki dute Gernika Erreferentziako Eskualde Zentro berria sortzea, non 25 plazako unitate soziosanitario bat egongo den, eta Iurretan Osakidetzarako material sanitario eta ez-sanitariorako biltegiratze- eta logistika-zentro bat eraikitzea.

Bizkaian, 2023ko apirilaren 3an. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erabaki dute mendekotasuna duten adinekoentzako eta pertsona kalteberentzako arreta soziosanitariorako unitate berri bat sortzea Gernikan eta Osakidetzarako material sanitario eta ez-sanitariorako biltegiratze- eta logistika-zentro bat eraikitzea Iurretan.

Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek partekatzen duten Euskadiko estrategia soziosanitarioak bere baliabideen artean ditu egoitza-unitate soziosanitarioak, zeinak zentro espezializatuak diren, hainbat profiletako pertsonei zuzendutakoak, hobetu daitekeen narriadura funtzionala eta/edo kognitibo-funtzionala eragin duen gaixotasun-prozesu akutu baten ondoriozko susperraldian dauden pertsonetatik hasita, ortogeriatria-beharrak edo immobilizazio luzeagatiko eriondo- eta errehabilitazio-beharrak dituzten eta zainketa espezializatuak behar dituzten adinekoetara, besteak beste, guzti horiek egoitza-zentroetakoak baino intentsitate handiagoko arreta soziosaniotarioko ereduak behar baitituzte.

Barrualderako Gernika EEZ

Adostutakoaren arabera, Osasun Sailak Gernikako Ospitaleko hirugarren solairua lagako dio Bizkaiko Foru Aldundiari, eta bertan kokatuko da Barrualdeko gizarte-zerbitzuen sektorerako Erreferentziako Eskualde Zentroa, non 25 plazako unitate soziosanitario bat egongo den, ospitaleko egonaldi baten osteko suspertze-/errehabilitazio-egonaldietarako baliabide espezializatuak izango dituena. Gainera, Gernika Erreferentziako Eskualde Zentroak diziplina anitzeko laguntza-talde espezializatu bat izango du, eta talde horretako profesionalak arduraldi osoan arituko dira arlo soziosanitarioaren, orientazioaren, koordinazioaren eta baliabide partekatuen inguruko aholkularitza-lanetan eta beren inguruko egoitza-zentroetan prozesu asistentzial desberdinak ezartzen laguntzekoetan. Ildo horretatik, dagoeneko lanean ari dira Busturialdeko 9 egoitzekin prozesu asistentzialetan eta arretaren pertsonalizazioan. Ekipamendu horren gestioa publikoa izango da, eta Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko (GUFE) profesionalekin egingo da.

Hartara, Gernikak Birjinetxeren arrastoari jarraituko dio; zentro horrek, dagoeneko, Bilborako Erreferentziako Eskualde Zentro gisa funtzionatzen du, Bizkaiko hiriburuko egoitza-plazen % 90 biltzen duten 39 egoitzei laguntzeko 100 plaza soziosanitariorekin. Halaber, Leioa Erreferentziako Eskualde Zentroa izango dena ere proiektatuta dago Uribeko gizarte-zerbitzuen sektorerako; zentro horrek 25 plaza soziosanitario izango ditu, eta laguntza-talde espezializatu bat.

Bizkaiko Foru Aldundiak berehala ekingo die Barrualderako Erreferentziako Eskualde Zentroan Gernikako Ospitaleko hirugarren solairua egokitzeko egingo diren lan eta obrei, eta jarduketa horiei aurre egiteko, foru-aldundiak egingo duen inbertsioa 4 milioi eurokoa izango da, Next Generation EU funtsekin batera finantzatua, Estatuko Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan.

Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru-diputatuaren esanetan, «aurrerapauso handia da gizarte-zerbitzuen sistemaren eta osasun-sistemaren arteko lankidetza publiko-publikoan. Gernikako Ospitaleko hirugarren solairuan, kofinantzatutako 25 plaza gehiago egongo dira, eta, horrez gain, lankidetza soziosanitarioak lurralde-oreka handiagoa izango du eta nabarmenagoa, zuzenagoa eta eraginkorragoa izango da, beharrizana duten pertsonak zaintzeko».

Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak azaldu du ekimen honek erantzuna ematen diela sailaren jarduera definitzen duten printzipioetako biri: osasuna politika guztietan eta pertsonarengan oinarritutako arreta. Adierazi duenez, «pertsonak zaindu nahi ditugu haien premietatik abiatuta, eta zaintza soziosanitarioak, foru-aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak partekatzen dituztenak, gero eta beharrezkoagoak dira zahartzen ari den populazioari arreta emateko».

 

Zentro logistikoa Iurretan

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak lurrak lagako dizkio Eusko Jaurlaritzari Iurretan, bertan Osakidetzako erakundeen jarduerarako beharrezkoa den material sanitario eta ez-sanitariorako logistika- eta biltegiratze-zentro bat eraikitzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari lagatako higiezina EiTBren lehengo egoitzaren lur eta instalazioek osatzen dute; bi partzela dira, bata, 29.000 metro karratukoa eta bestea, 22.000 metro karratukoa, haren aldamenean, berdeguneei eta sartzeko bideei dagokiena. Lagapen-akordioa 40 urterako ezarri da, eta luzatu egin daiteke bi alderdien adostasunez.

 

Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak azaldu duenez, ekimen honekin «Osasun Sailak zentro logistiko berri bat sortuko du, eta bertan, hornikuntza-eredu malgu eta eraginkor bat ezarriko du; azpiegitura horrek osasun-erakunde desberdinek materialak erosteko dituzten prozesu administratibo guztiak bateratuko ditu. Eskaintzen dituen abantailak hauek dira:

  • Produktibitate-errendimendu handiagoa.
  • Informazioa denbora errealean ematen duen kudeaketa-sistema zentralizatu baten sorrera, erabakiak hartzea errazten eta arintzen duena.
  • Biltegi nagusiaren, ospitaleen eta kontsumo-puntuen arteko eragiketen homogeneizazioa, materialen fluxua optimizatzen duena.
  • Prozesuen sinplifikazioa eta automatizazioa».

Osakidetzaren erosketa-bolumena 500 milioi euro ingurukoa da urtean.

Ekimen horrek, erosketa-prozesuak arrazionalizatzeaz gain, erakundeak zeregin horietatik askatuko ditu, eta gaur egun beren biltegiek hartzen dituzten espazioak osasun-jarduerarako edo jarduera horri laguntzeko erabiltzea ahalbidetuko du.

Eusko Jaurlaritzak osasunaren arloko I+G+b jarduerak hartuko ditu instalazio horretan, material sanitarioaren logistikarekin lotuta, Bizkaiko Foru Aldundiarekin partekatutako ikuspegiarekin bat etorriz.

Elixabete Etxanobek Osasun Sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko koordinazio soziosanitarioaren aldeko apustuaren balioa nabarmendu du, koordinazio horrek balioko baitu bi erakundeek, partekatutako baliabideen bidez, mendekotasuna duten pertsonen gizarte- eta osasun-arretako premiei erantzuteko: «Hutsik dagoen instalazio bati (Iurreta) jarduera ekonomikoa emango diogu, eta osasun-azpiegitura batean erabilgarri dagoen beste bati (Gernika), jarduera soziosanitarioa. Zerbitzu publiko gehiago Bizkaian, pertsonak zaintzeko».

Etxanobek adierazi duenez, Iurretako I+G+b jarduera horiek lagundu egin behar dute Durangaldean jarduera ekonomikoa sustatzen eta enplegua sortzen, eta lurralde-oreka handiagoa izango duen erantzun soziosanitarioa izaten.

Informazio gehigarria