Garapen Jasangarria arloak 25 edukiontzi jarriko ditu Barakaldon kafe-kapsulak birziklatzeko

0

Garapen Jasangarria eta Ingurune Naturala  udal arloak birziklapena eta ekonomia zirkularra sustatzeko ekimen bat aurkeztu du gaur Barakaldon.  Datozen asteetan, hiriko kaleetan, kafe-kapsulak % 100ean birziklatzeko 25 edukiontzi jarriko direla jakinarazi dute  bigarren alkateorde Carlos Fernándezek eta arloko zinegotzi ordezkari Alba Delgadok. Kapsulak plastikozkoak edo aluminiozkoak dira, eta kafe-hondarra daukate barruan.

Urrats berri bat egingo dugu gure ingurumena birziklatzeko eta kontserbatzeko, kafe-kapsulei bigarren bizitza bat emanez. Kafe-kapsulak ekologikoak ez badira ere,  Barakaldoko etxe askotan erabiltzen dira.  Edukiontziak, hain zuzen ere, 7.500 kapsula birziklatuz fabrikatzen dira, eta, beraz, ekonomia zirkular osoko proiektu  izatea lortzen dugu», azaldu du Carlos Fernándezek.

Kafea da munduan gehien kontsumitzen den produktuetako bat: bigarrena, petrolioaren ondoren. Kontsumorako formatua garai berrietara egokituz joan da, baina ez beti modu jasangarrienean.  Horren erakusgarri, kapsula formatua, gaur egun oso hedatuta dagoena.

«Kapsulako kafea hartzen dugun bakoitzean, erabat saihets daitekeen hondakina sortzen dugu.  Batez ere plastikoz edo metalez – aluminioz, zehazki – egina,kafearekin batera suntsituko dena, horrek birziklatzeko dakartzan zailtasunekin.  Onena, kapsula horiek ez kontsumitzea, baina hori gertatzen ari ez denez, gutxienez ekimen honek birziklatzea lortuko du», zehaztu du Fernándezek.

Alba Delgadok zehaztu duenez, kapsuletako material plastikoa kafe-hondarretatik bereizteko prozesu baten ondoren, birrindu eta galauts bihurtuta hiri-altzariak egiteko erabiliko da: adibidez, bankuak, paperontziak edo horiek biltzeko erabiliko ditugun edukiontziak.

Birziklatutako material horrekin, zerbitzuaren enpresa arduradunak –  gaur egun zerbitzua eskaintzen duen bakarra – ontziak fabrikatuko ditu, etxean sortzen diren kapsulak gordetzeko eta edukiontzira eramateko.

EKOBERRIKUNTZA
Kafe-helina lorezaintzarako ongarri edo substratu pellet bihurtuko da.  «Dena birziklatzen da, eta horrekin gure ingurumena babesten laguntzen dugu, kapsula gehienak gainerakoen edukiontzian gera ez daitezen, gaur egun gertatzen den bezala», poztu da Delgado, eta ekoberrikuntza-proiektu hau Eusko Jaurlaritzak finantzatuko duela jakinarazi du.