Iparraldeko eragileak sustatzeko, Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak 1.930.000 «-ko fondoa eratuko dute 2023an

0
  • 2021-2025 epealdirako esparru-hitzarmenaren 2023ko eranskina sinatu dute gaur, lankidetzaren lan-ildoak eta diru-ekarpenak zehaztuz. Ipar Euskal Herriko eragile pribatuen lana diruz laguntzeaz gain, bi erakundeek elkarrekin lanean jarraituko dute hainbat gai eta egitasmoren inguruan, gaitasun agirien arloan, edo helduen euskalduntzean.

 

Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Antton Curutcharry, Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) lehendakariak, 2021-2025 epealdiari dagokion esparru-hitzarmenaren aurtengo eranskina izenpetu dute gaur Baionan egindako prentsaurreko batean. Eranskin honek zehazten ditu, alde batetik bi erakundeek 2023an elkarlanean burutuko dituzten egitasmoak, eta bestetik bi erakundeen diru-ekarpenak. 2023 urterako, bi partaideek erabaki dute 1.930.000 €-ko diru-funts komun baten bideratzea Ipar Euskal Herriko eragile pribatuen jarduerak diruz laguntzeko. Aurten, Euskararen Erakunde publikoak 1.530.000 € ezarriko ditu xede horretarako eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 400.000 €.

Esparru-hitzarmena

Gaur aurkeztutako dokumentua lotua da 2021eko martxoaren 31n sinatutako 2021-2025 epealdirako esparru-hitzarmenari. 2007an hizkuntza politika gaietan bi erakundeen arteko lankidetza jarraitua abian jarri zenetik laugarren akordioa da. Lankidetza esparru berriarekin, Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak euskararen hizkuntza-politikako gaietan mugaz-gaindiko lankidetza garatzearen aldeko borondatea berretsi zuten, zehaztuz hizkuntza-politika mailako lankidetzak segitzen zuela herri-erakunde bakoitzaren erabaki-autonomia eta funtzionamendu-arauak errespetatuz.

Esparru-hitzarmenak elkarlanerako lau alor zehazten ditu: euskararen transmisioa, hizkuntzaren presentzia eta erabilera, hizkuntzaren kalitatea, eta azkenik, euskararen transmisioaren eta erabileraren aldeko motibazioaren azkartzea. Esparru-hitzarmenak lankidetzarako testuingurua definitzen badu ere, lankidetza urtero zehazten da eranskin baten bidez.

2023ko eranskina

Horrela, 2023ko eranskinak alde batetik urtean zehar elkarlanean garatuko diren egitasmoak zehazten ditu, eta, bestetik, Ipar Euskal Herriko eragileek dituzten ekintza eta proiektuen finantzatzeko dirulaguntza modalitateak. Elkarlanean eramaten diren lanei dagokionez, 2023. urtea, hiru lurraldeetako inkesta soziolinguistikoaren emaitzen aurkezpenek markatzen dute,   martxoan argitaratu dira, landa lana 2021ean egin ondoren eta datuen tratamendua eta analisia 2022an.

Aurten bestalde elkarlanean eramango diren lanak honakoak dira:

  • Gaitasun agiriak: Iparraldean, EEP da euskara mailaren agiri emaile ofiziala, eta, sail honetan azken urteetan EEPk eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin lan egiten dute, agirien baliokidetzak obratzeko, edo agiri maila berriak sortzeko. Jaz, Iparraldeko B2 mailako agiria sortu ondoren, aurten bereziki formakuntza zentroetako ikasleentzako A2 agiria sortzeko lanak eramango dira Eusko Jaurlaritzako zerbitzuen laguntzarekin. Horrez gain, Iparraldeko azterketa hauen kudeaketarako plataforma digital bat gauzatuko da EAEko HABEko zerbitzuekin. Azkenik, 4 mailatako agiri sistema osoari izendapen berria eman baitio EEPK Iparraldean, “EGAk” (Euskara Gaitasun Agiriak A2, B1, B2, C1),  agiri berri honen baliokidetza Dekretua aurten gauzatuko da, Iparraldean lortzen diren agiriak euskararen 3 lurraldeetan baliagarriak izan daitezen.   
  • Helduen euskalduntzea: Iparraldean helduen euskalduntzea garatzeko eta sendotzeko helburuarekin, politika publiko baten egituratze lanak hasi ditu EEPk 2022an, aurten segituko direnak. Egituraketa horrentzat baliagarri izanen den EAEko laguntza-dispositiboei buruzko diagnosia bururatuko da aurten.
  • Euskararen Adierazle Sistema: aitzineko urteetan bezala, partaidetzan sortutako EAS sistema elikatuko da eta adierazleen egokitzapen lanak segituko dira.
  • Itzuli eta Itzuli+: Eusko Jaurlaritzak garatutako Itzuli itzultzaile neuronalean euskara/frantsesa eta frantsesa/euskara bertsioaren garapen lanak jarraituko dira, eta bestalde Eusko Jaurlaritzak garatu Itzuli+ barran EEPren nolaerran.org hiztegia txertatzeko lanetan arituko dira bi partaideak.

Bestetik, esparru-hitzarmenari dagokion 2023ko eranskinak, Ipar Euskal Herriko eragile pribatuen lana diruz laguntzeko diru-ekarpena zehazten du. Iaz bezala, 1.930.000 € izanen dira aurten horretarako, Euskararen Erakunde Publikoak 1.530.000 € ezarriko ditu, eta Eusko Jaurlaritzak 400.000 €. Lankidetzarako aurrekontu hori bi multzotan banatuko da:

  • 1.793.500 € ezarriko dira Iparraldeko eragile jakin batzuk diruz laguntzeko, hitzarmen bidez,
  • 136.500 € ezarriko dira beste edozein eragile pribatuk aurkeztutako proiektuak diruz laguntzeko, Hizkuntza Jarduera Proiektu Deialdiaren bidez.

Dirulaguntzen banaketaren inguruko erabakiak udan emango dira.

Iaz, hitzarmen baten bermea duten 14 eragile pribaturen lana diruz lagundu zen, eta horrekin batera, Hizkuntza jarduera proiektu deialdiaren bidez beste 38 proiektu lagundu ziren.

Eranskin honen izenpetzearekin batera ere, bi partaideek antolatuta 2023ko Hizkuntza Jarduera Proiektu deialdia irekitzen da, eragile pribatuek euskararen transmisioaren eta erabilpenaren arloan garatzen dituzten ekimenen laguntzeko.

Informazio gehigarria