Eusko Jaurlaritzak ingurumen-hezkuntza bultzatuko du herritarren artean, Euskadiko jasangarritasunean egiteko

0
  • Etxebizitza Sailak 71 milioi euro bideratuko ditu alokairuan eta birgaitzean laguntzeko dirulaguntza programetara

Gobernu Kontseiluaren bilera gaur Ekoetxea Urdaibain, Euskadiko Biodibertsitatearen Zentroan, Busturian, egin da, ekainaren 5ean ospatu zen “Ingurumenaren Mundu Eguna” dela eta.

Bileraren ondoren, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak agerraldia egin du prentsaurrekoan, Josu Erkoreka Lehenengo Lehendakariordea eta Segurtasuneko sailburuarekin eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin batera. 

Prentsaurrekoan, Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak BOOST proiektua aurkeztu du, ingurumen-hezkuntzak dituen erronkei erantzuteko. Tapiak azaldu duenez, proiektuaren helburua zubiak eraikitzea da, ingurumen-hezkuntza ikasgeletara eta ikasgeletatik harago eramateko lankidetzan aritzea; komunitatearen ahaleginak aldaketa eraginkor baterantz zabaltzeko diziplina anitzeko sareak eraikitzea; Ingurumen Hezkuntzaren arloan Euskadin lan egiten duten eragile guztien komunikazio-kanal erreferente bat izatea; eta Ingurumen/Klima Hezkuntzaren arloan hezitzaileak gaitzea, bizitzan zehar etengabeko prestakuntza bultzatuz, zirkunstantzietara eta testuinguruetara egokitua. Era berean, beste helburuetako batzuk dira gazteak gaitzea eta ahalduntzea Ingurumen/Klima Hezkuntzaren esparruan; ingurumen-hezkuntzaz bestelako sektoreetako kolektibo profesionalak eta erakunde publiko eta pribatuak gaitzea; Hezkuntza Ez-formala bultzatzea; eta Ingurumen Hezkuntza eta Herritarren Zientzia gaitzeko eta ahalduntzeko programak garatzea, familiei, gazteei eta herritar arloko kolektibo eta elkarteei zuzenduta.

Ingurumenko sailburuak ingurumen-hezkuntza garrantzia azpimarratu du. “Ingurumen-hezkuntza etengabeko prestakuntza-prozesu bat da, non herritarrak informatuta eta inplikatuta dauden, eta tresnak, gaitasunak eta konpromisoa dituzte garapen iraunkorraren alde banaka zein taldean jarduteko, iraunkortasunaren hiru ardatzak kontuan hartuta: soziala, ingurumenekoa eta ekonomikoa”, adierazi du. Hala, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak nabarmendu du Euskadik ingurumen-hezkuntza bultzatzearen eta herritar guztiei hedatzearen aldeko apustua egin duela, ez soilik enpresen, erakundeen eta hezkuntzaren esparruan.

Era berean, Tapia sailburuak Sailak azken bi urteetan landu dituen ingurumen-mugarri garrantzitsuenetako batzuk azpimarratu ditu;azkena Trantsizio Energetikoari eta Klima-aldaketari buruzko Lege-proiektua da, helburutzat duena klima-neutraltasuna Euskadin 2050. urtea baino lehen lortzea. Gobernu-taldeak legegintzaldi honetarako hartuta zuen konpromiso hori maiatzaren 16an onartu zen, eta Eusko Legebiltzarrean tramitatzen ari da dagoeneko. 

CYBERZAINTZA

Bere aldetik, Josu Erkoreka Lehenengo Lehendakariordea eta Segurtasuneko sailburuak Gobernu Kontseiluak onartu duen Agencia Vasca de Ciberseguridad-Euskadiko Zibersegurtasun Agentzia Sortzeko Lege Proiektua aurkeztu du. Cyberzaintza deituko den erakunde publiko berri horrek berezko nortasun juridiko izango du, eta Internet eta teknologia berrien erabileraren ondoriozko mehatxuei modu integralean eta zeharkakotasunez aurre egiteko sortuko da. Eusko Legebiltzarrak onartzen duenean, Agentzia berria Segurtasun Sailari atxikita egongo da eta Eusko Jaurlaritzak, agentzia sortzen denetik aurrera, Euskadin zibersegurtasunaren arloko arriskuei aurre egiteko beharrezkoak diren tresnak eta baliabideak izango ditu.

Segurtasuneko sailburuak azaldu duenez, Euskadiko zibersegurtasunaren agentzia berriak, batez ere, hiru arlo landuko ditu: ziberdelituak, azpiegitura eta datu publikoen babesa, eta enpresa datuen eta azpiegituren babesa

Halaber, Josu Erkorekak 2023ko lehengo hiruhilekoan erregistratutako ziberdelinkueltzia datuak errepasatu ditu. Datuen arabera, Euskadin salatzen diren delituen % 25 teknologia berrien bidez egiten dira. Denbora horretan, zehazki, 6.086 ziberdelitu erregistratu dira, iazko aldi berean baino % 22 gehiago. Horietako gehien-gehienak, orain arte bezala, ziberiruzurrak izan dira, eta ziberdelitu guztien % 88 dira. 

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur landutako beste hainbat gai, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Alde batetik, Gobernu Kontseiluak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegurako 15 orientazio-plaza berri sortzeko baimena eman du gaurkoan, lana aurkitu edo dagoena hobetu nahi duten pertsonen arreta hobetzeko. 15 langile hauek, gaur egun orientazio-plaza duten plantillarekin egingo dute bat, beraz, 259 lagun izango dira hemendik aurrera Lanbiden zeregin horretara jarrita.

Hezkuntza arloan, UNED Urrutiko Unibertsitateari zuzeneko laguntza ematea erabaki du gaurkoan Gobernuak, 500.000 euroko diru kopuruakin. UNEDen Euskadiko hiru ikastegien artean banatuko da partida hau (Vitoria-Gasteiz, Bergara eta Bizkaia) matrikulatutako ikasle kopuruaren arabera banatzen dena, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta UNEDek 2021eko apirilean sinatu zuten hitzarmenean jasotzen denez.

Etxebizitzari dagokionez, alde batetik, Gobernu Kontseiluak baimendu eman dio Visesa sozietateari Kutxabank eta Laboral Kutxaren eskuetan zeuden akzioak erosteko. Eragiketa horren bidez, bi banku-erakundeek dituzten 2.648 akzioak erosiko ditu Visesak, 15,6 milioi euroan. Akzio hauen balioa aditu independente batek zehaztu du, Kapital Sozietateen Legean aurreikusitako figura batetan oinarrituta.

Bestalde, ia 71 milloi euro bideratuko ditu Gobernuak gizarte-alokairurako eta etxebizitzak birgaitzeko laguntza-programak finantzatzeko. Gobernuak onartu du publizitatea ematea 2023 ekitaldi honetan alokairua sustatzeko eta etxebizitza eta eraikinak birgaitzeko urte anitzeko dirulaguntzen lerroak finantzatuko dituzten ordainketa- eta konpromiso-kredituei.

Eta eremu honekin zerikusia duen beste hirugarren erabaki bat ere hartu du Gobernuak gaurkoan, izan ere Zuiako Udalarekin hitzarmen bat sinatuko da Murgian alokairuko 16  etxebizitza publikoak eraikitzeko Arabako lurralde historikoan eskuragarri dauden etxebizitzen parkea handitzeko eta etxe duinerako eta egokirako eskubidea eraginkor egiteko. 

Kultura eta Hizkuntza Politika sailarekin lotuta, alde batetik,  Jaurlaritzak 1,7 milioi euro bideratuko ditu gizarte-bizitzan euskara sustatu, garatu edota normalizatzeko. “Euskalgintza” izeneko deialdi honek helburua du gizarte-bizitzan euskara sustatu, garatu edota normalizatzea eta iazkoarekin alderatuta egitasmo mota berri bat gehitu da deialdira, ingurune digitalaren eremuan ikus-entzunezkoak sortzea eta zabaltzea helburu dutenak, alegia. Bestetik, Jaurlaritzak Euskadiko museo eta bildumak diruz laguntzeko milioi bat euroko dirulaguntza deialdia onartu du. Eta amaitzeko, “Kiroletik Bagoaz Euskaraz” saria sortzeko agindua onartu du gaurkoan Gobernuak. Sari honen bidez egunerokoan euskararen erabilera sustatzen duten kirol elkarteak (profesionalak izan zein ez) eta norbanakoak saritzea da asmoa, euskararen erabilerak kirolean ere prestigioa har dezan.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena