Eusko Jaurlaritzak “Kiroletik Bagoaz Euskaraz” saria sortu du euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutakoei aitortza emateko

0

Gobernu Batzordeak, Kultura eta Hizkuntza Politika sailak eskatuta, “Kiroletik Bagoaz Euskaraz” saria sortzeko agindua onartu du. Sari honen bidez egunerokoan euskararen erabilera sustatzen duten kirol elkarteak (profesionalak izan zein ez) eta norbanakoak saritzea da asmoa, euskararen erabilerak kirolean ere prestigioa har dezan.

Sari honek “2021-2024 Kirolean Euskara Sustatzeko Planean” du bere jatorria. Euskararen erabileraren aktibazioa ez ezik, erabileraren sustapena ere baita planaren zutabeetako bat eta hor kokatuko litzateke sari honen sorrera. Horrela, egitasmo honen bitartez, kirolean euskararen erabilera era sistematikoan lantzen duten klubei zein pertsonei aitortza egitea eta kirol arloan euskararen erabilera gizarteratzea du helburu.

Gogoratu beharra dago “Kiroletik Bagoaz Euskaraz Saria” ez dela kirolean euskararen erabilerak prestigioa bereganatzeko ekintza bakarra; honako ekintza hauek ere biltzen baititu Kirolean Euskara Sustatzeko Planak: kirol taldeetako zuzendaritza batzordeen euskararen aldeko atxikimendua landu; Kirol Federazioekin batera “Euskararen Kopa” antolatu; izen handiko taldeekin sustapen kanpaina bateratuak bideratu edota euskararen aldeko adierazpenerako atxikimendu kanpaina sustatu jokalari, entrenatzaile, epaile eta zuzendaritza taldeetako kideen artean. Ikus daitekeenez, ekintza bakoitzak esparru zehatz bat du jomuga; guztiek dute elkarrekiko lotura kirolean euskararen erabilerak prestigioa bereganatzeko ekintzak diren heinean, baina ekintza bakoitzak helburu eta hartzaile zehatz eta propioak ditu.

Saria aitortzeko kirolaren esparruan euskararen normalizazioaren eta euskararen erabilera hauspotzearen alde egindako ekarpena balioetsiko da.

Egindako lana eta ekarpena honako irizpide  hauen arabera baloratuko da:

  1. Bikaintasuna (0-10 puntu)
  2. Eredugarritasuna (0-10 puntu)
  3. Berrikuntza (0-5 puntu)
  4. Eragin esparrua eta irismena (0-30 puntu)
  5. Partaide kopurua (0-15 puntu)
  6. Hizkuntz irizpideen ezarpena eta betearazte maila (0-15 puntu)
  7. Testuinguru soziolinguistikoa (0-10 puntu)
  8. Genero berdintasunaren sustapena (0-5 puntu)

Hautagaitzak aurkezteko epea agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da, eta bi hilabeteko epean amaituko da.

Epaimahaiari dagokio hautagaitzak proposatzea (lurralde bakoitzeko hiru). Ostean, ezarritako adierazleen arabera hautagaien merezimenduak aztertu eta balioetsiko ditu, ondoren sarirako proposamena egiteko.

Epaimahaia honela osatuko da:

  1. Euskara eta kirolaren gaia landu eta alorrean prestigioa duten 3 aditu, lurralde bakoitzeko aditu bana, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak izendaturik. Adituok euskalgintzan garatutako lanagatik erreferentzialtasuna izango dute eta euren lurraldearen kirol munduaren ezagutza ere izango dute.
  2. Jarduera Fisikoa eta Kirolaren Zuzendaritzako Zuzendaria, edo berak izendatutako kide bat.
  3. Kirolene kirol-ikasketa zentroko kide bat.
  4. Euskal Kirol Federazioen Batasuneko (EKFB) kide bat.
  5. Genero Berdintasunean eta Kirolean aditua den kide bat.
  6. Euskara Sustatzeko Zuzendaria izango da epaimahaiko buru.

Azkenik, epaimahaiaren proposamena ikusita, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak bidezko agindua emango du, KIROLETIK BAGOAZ EUSKARAZ saria merezi duen pertsona, elkarte edo talde izendatzeko.