Bizkaiak 2 milioi euro bideratuko ditu lurraldeko desgaituen aisialdi inklusiboa eta atsedena bermatzeko

0

Bizkaiko Foru Aldundiak 1.927.000 eurorekin finantzatuko ditu aurten hirugarren sektore sozialeko erakundeek garatutako aisialdirako eta atsedenerako zortzi programa; programa horien hartzaileak desgaitasunen bat duten Bizkaiko pertsonak eta horien familiak dira. Finantziazio honek aukera ematen du udalekuak, asteburuetako irteerak, eguneko txangoak, egonaldiak eta ezintasunen bat duten pertsonentzako banakako laguntza-ekintzak egiteko programak garatzeko.

Abiaburu horrekin Gorabidek, adimen urritasuna duten pertsonen aldeko Bizkaiko elkarteak, 465.000 euro jasoko ditu; autismoa eta autismoaren espektroko beste nahasmendu batzuk dituztenen gurasoen Bizkaiko elkarteak, APNABIk, 324.000 euro; desgaitasun fisikoa duten pertsonen Bizkaiko federazio-koordinatzaileak, FEKOORek, 203.000 euro jasoko ditu; Euskadiko Down Sindromea Fundazioak, 228.000 euro, eta adimen-desgaitasuna duten pertsonen aldeko Gaude Elkarteak, 331.000 euro. Era berean, ASPACE garun-paralisia duten pertsonei laguntzeko Bizkaiko elkarteak, 227.000 euro jasoko ditu, eta AVIFES gaixotasun mentala duten pertsonen eta senideen Bizkaiko elkarteak, 110.000 euro. Azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiak 39.000 eurorekin finantzatuko ditu aurten Geu Be premia bereziak dituzten familien elkarteak ildo honetan antolatutako jarduerak.

Aisia- eta atseden-programak gizarteratzeko funtsezko tresna dira, bai desgaitasuna duten pertsonentzat, bai haien familientzat. Laguntza espezifikoen bidez gure lurraldeko jolas- eta kultura-jardueretan eta baliabide naturaletan gozatzeko eta parte hartzeko aukera ematen zaie, komunitatean erabat sar daitezen sustatuz. Aldi berean, programa hauek atsedenerako formula bihurtzen dira familientzat, zaintzaileari bere lanari dagokionez ordu edo egun batzuetan atseden hartzeko aukera ematen baitiote, bere bizi-kalitatea ere hobetuz.

Programa hauek guztiak Foru Erakundearen eta Desgaitasunaren arloko Hirugarren Sektore Sozialaren arteko lankidetzan garatzen dira. Programak Desgaitasuna duten Pertsonen Partaidetzarako eta Bizi Kalitaterako 2021-2023 Lurraldeko Planaren barruan sartzen dira eta  euren helburua da, aisialdiko eta denbora libre inklusiboko jardueren bidez, baldintza egokiak sustatzea desgaitasuna duten Bizkaiko pertsonek ahalik eta autonomia, inklusio eta parte-hartze aktibo handiena izan dezaten komunitatean.