«Sentsazio onak berreskuratu ditugu»

0

Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzailea kontent agertu da hedabideen aurrean, lehoiek denboraldi honetako lehen hiru puntuak lortu ondoren, Sadarren Osasunaren aurka 0-2 irabazita: «Guretzat partida hau funtsezkoa zen. Inori ez zaio gustatzen punturik batu gabe egotea. Sentsazio onak berreskuratu ditugula uste dut. Taldearen ahalegina beti berdina da. Hori bermatuta dago, dena ematen baitugu. Batzuetan asmatzen duzu eta beste batzuetan ez«.

Teknikari zuri-gorriaren ustez, bere jokalariek oso neurketa ona osatu dute: «Bagenekien hemen partida gogorra izango genuela, iazkoak bezala. Oso ondo iritsi gara aurkariaren areara eta haiek abagune gutxi sortu dizkigute. Hor egon da gakoa. Gero, bigarren zatia oso azkar hautsi da jokalari bat gutxiagorekin geratu garenean, eta atzerapauso txiki bat eman behar izan dugu, ezin genuelako lehen bezain beste presionatu, baina emaitzari eutsi ahal izan diogu«.