Hezkuntza Sailak milioi bat euro bideratu ditu ekipamendu zientifikoa eskuratzeko laguntzatara

0
  • Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentroei (BERC) eta Unibertsitateetako Ikerketa Egiturei zuzenduta daude laguntzok

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, 2024an ekipamendu zientifikoa erosteko laguntzetarako deia egiten duen deialdia. Milioi bat euroko diru-kopurua (1.000.000 €) duen deialdi honen onuradun izan daitezke Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentroak (BERC – Basque Excellence Research Centre) eta Unibertsitateetako Ikerketa Egiturak (UPV/EHUkoak izan ezik).

Hezkuntza Sailak, deialdi honen bidez, erakunde onuradunek ekipamendu zientifiko ertaina edo berezitasun handiagoko ekipoak eskuratzea sustatzearen aldeko apustua egiten du. Ikerketa zentro horiek beren baliabideekin nekez eros ditzaketen ekipamenduak dira, eskatzen duten inbertsio handiagatik. Horregatik, bi modalitate bereizten dira, ikerketaren arloko zentroek eta taldeek eskatutako ekipamenduaren kostuaren arabera:

  • 1 modalitatea, ekipamendu txikia erosteko, 18.001 eta 250.000 euro bitarteko kostua duena, BEZik gabe. 350.000 euro gordeko dira modalitate honetarako.
  • 2 modalitatea, ekipamendu ertaina erosteko, 250.001 eurotik gorako kostua duena, BEZik gabe. Inbertsio handiena behar duen ekipamendurako 650.000 euro gordeko dira.

Ekipamendu zientifikoa, deialdi honen baitan aintzat hartua izateko, I+G+bko jarduerak garatzeko behar diren baliabide fisikoen (edo ekipoen) multzoa da. Ekipamendu horiek egokiak eta beharrezkoak izan behar dute ikerketa-taldeen egungo eta etorkizuneko ikerketa-proiektuak garatzeko. Ekipamendu berria erabiliko duten ikerketa-proiektuek abian egon beharko dute 2025eko abenduaren 31ra arte, erositako ekipamendu berria erakunde onuradunean erabilgarri egon ondoren.

Horrela, Hezkuntza Sailaren laguntza-deialdi honen funtsezko bi helburuei erantzuten zaie: alde batetik, Euskadiren potentzial zientifikoa eta teknologikoa handitzea, eta, bestetik, euskal ikerketa-taldeek Europako Ikerketa Esparrua eraikitzen arrakastaz eta gaitasunez parte har dezaten erraztea.

Gainera, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko beste eragile batzuek ere (besteak beste Ikerketa Kooperatiboko Zentroek, Teknologia Zentroek edo Ikerketa Sanitarioko Zentroek) parte hartu ahal izango dute deialdian, erakunde eskatzailearen erakunde laguntzaile gisa, ikerketa-proiektuetan ekipamendu zientifiko berria erabiltzeko konpromisoa hartzen duten ikerketa-taldeak ekarriz. Formula honen bidez, Euskadin lan egiten duten ikerketa-taldeek sarean funtzionatzea sustatzen eta indartzen da.