2023-2024 ikasturtearen hasieran eskola-garraioko zerbitzurik eza arintzeko ezohiko laguntzak onartu ditu Hezkuntza Sailak

0

Gobernu Kontseiluak gaurko bilkuran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, 2023-2024 ikasturtean eskola-garraiorako eskubidea izan arren ikasturte honen hasieran enpresek zerbitzu hori eman ez izanak eragin dien ikasleentzako ezohiko laguntzen deialdia. Hezkuntza Sailak milioi bat euro (1.000.000) bideratu du laguntza hauetarako.

Honako hauek izan daitezke deialdi honen onuradun: Haur Hezkuntzako lehen zikloko hirugarren mailako ikasleak, Haur Hezkuntzako bigarren ziklokoak, Lehen Hezkuntzakoak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoak eta Oinarrizko Lanbide Heziketakoak, baldin eta Hezkuntza Sailak kontratatutako ibilgailuek egiten dituzten ibilbideetan eta joan-etorrietan eskola-garraioa izateko eskubidea badute, eta ikasturte hasiera honetan zerbitzu hori eman ez izanak eragin badie.

Kilometroko 0,29 euroko kopurua ordainduko da, kontuan hartuta etxetik ikastetxerako joan-etorriko bi ibilbide eskola-egun bakoitzeko, jardunaldia zatitua den kasuetan; eta joan-etorriko ibilbide bat jardunaldi jarraituko eskola-egun bakoitzeko. Distantziak neurtzeko, «GeoEuskadi» kartografian oinarritutako tresna erabiliko da

Eskola-garraioa hezkuntzarako oinarrizko eskubidearekin zuzenean lotuta dagoen funtsezko zerbitzua denez, eta Euskadin ikasturte bakoitzean milaka ikasle ikastetxera joatea bermatzen duenez, Hezkuntza Sailak ezohiko banakako dirulaguntzetarako deialdia egiten du, alde batetik, zerbitzua ez emateak eragindako kaltea gutxitzeko, eta, bestetik, egoera horrek eragindako gastuak ordaintzen laguntzeko.

Eskabide-orriak telematikoki zein paperean aurkeztu ahal izango dira ikasleak ikasketak egiten dituen ikastetxeko zuzendaritzan. Hilabeteko epea izango da horretarako, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.