Lehendakariak egungo testuinguru politikoaren aurrean elkarrizketan oinarritutako politikaren defentsa egin du

0
  • Era berean, aurrean ditugun erronka handiei erantzuteko, trantsizio energetikoa, digitalizazioa edo erronka demografikoa, estatu-itunen alde egin du Urkulluk

Iñigo Urkullu Lehendakaria elkarrizketatu dute gaur goizean Cadena Ser irratiko «Hoy por hoy» saioan. Lehendakariak Feijooren inbestidura saioaz, Sanchez presidente izendatzeko aukeraz, Euskadiko eta Espainiako giro politikoaz eta Autogobernuaz hitz egin du, besteak beste.

Egungo giro politikoren inguruan, Lehendakariak esan du  “alderdi politikoen artean amildegi bat dago eta erabat tentsionatua dago egungo giro politikoa”.

Urkulluk estatu-itunen alde egin du, alderdi politiko handiek, baina baita alderdi abertzaleek ere, bat egin ahal izateko. «Uste dut erronka garrantzitsuak ditugula aurrean, hala nola trantsizio energetikoaren erronka, digitalizazioarena edota erronka demografikoa. Alderdi politikoek ahalegin berezia eta ariketa partekatua egitea merezi duten erronkak dira. Zentzu horretan, alderdi politiko desberdinen artean dagoen amildegiak kontrako norabidean garamatzala ohartarazi du Lehendakariak.

Urkulluk euskal giro politikoa ere izan du hizpide eta helburu politikoekin sustatutako gizarte-gatazkaz ere mintzatu da. «zilegiak dira alderdi politikoen estrategia politikoak, baina azkenaldian, Euskadiko giro politiko, sozial eta ekonomikoaren atzean alderdi politiko eta arlo ekonomiko, sozial eta sindikaleko eragile jakin batzuen interesak daude. Estrategia partekatu bat da, erabat baldintzatzen eta sustatzen ari dira gizarte-gatazka EAJ euskal erakundeetako gobernuetatik kentzeko helburuarekin. Horrenbestez, lehendakariak ohartarazi du estrategia horrek egungo eredu soziala aldatzea duela helburu lankidetza publiko eta pribatuan oinarrituta dagoen, ariketa politiko eta instituzionaleko eredua, alegia.

Gauzak horrela, berriro ere, elkarrizketan oinarritutako politika defendatu du lehendakariak, akordioen borondatean oinarritutako politika.

Sanchezen inbestiduraren harira esan du: «arduraz jokatzea ezinbestekoa da legealdi berriari hasiera eman ahal izateko, eta horrek ezinbestean, akordioak izan behar ditu oinarri. Sanchezek boto guztiak behar ditu, presidente hautatu dezaketen alderdi guztien botoak behar ditu, denbora guztian zehar. Horregatik da guztiz beharrezkoa akordio politiko argi, egiaztagarri, betegarria eta konpromisoan oinarritutakoa», nabarmendu du.

Gai honen baitan, lehendakaria kezkatuta agertu da autonomia-estatutua ez delako bete eta  isilean autogobernua urratzeko urratsak egin direlako. Horregatik, lehendakariak azpimarratu du autogobernuaren garapena defendatzen jarraituko duela.