Gogora Institutuak Urduñako hilerrianidentifikatutako beste bi pertsonaren gorpuzkiak eman dizkie bere familiei

0

Gogora−Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak bere familiei emango dizkie Urduñako hilerrian lurpetik berreskuratutako azken bi identifikatuen gorpuzkiak. Gaur eta bihar emango zaizkie Badajozeko Don Benito eta La Morera udalerrietan. Bertara joan dira Aintzane Ezenarro, Gogora Institutuko zuzendaria, Lourdes Herrasti, Aranzadi Zientzia Elkarteko antropologoa eta bi erakundeetako teknikariak.
Domingo Galindo Gonzálezen (La Morera, Badajoz) eta Inocencio Gallardo Rebolledoren (Magacela, Badajoz) gorpuzkiak modu pribatuan entregatuko dira. Inocencio Gallardoren kasuan, familiak Don Benitoren hilerrian (Badajoz) lurperatuko ditu bere gorpuzkiak, eta Domingo Galindoren gorpuzkiak 91 urteko alabari emango dizkiote, eta laster bere jaioterriko hilerrian lurperatuko dira.

Identifikatuak
Gogora Institutuak lanean jarraitzen du 2014an eta 2022an egindako indusketetan Urduñako hilerritik atera zituzten 71 pertsonaren gorpuzkiak identifikatzeko. Horretarako, espetxean hildakoen 65 familiarekin harremanetan dago, DNA laginak hartu eta erkatzeko.
Domingo Galindo González La Morerakoa (Badajoz) zen. 45 urte zituen Urduñako espetxean hil zenean, 1941eko martxoaren 8an. Lau seme-alaben aita zen. Alabetako batek 91 urte ditu eta DNAren lagina eman zuen.
Inocencio Gallardo Rebolledo da bigarren identifikatua. Magacelakoa zen, 56 urte zituen Urduñako espetxean hil zenean, 1941eko martxoaren 29an. Hiru seme-alabaren aita zen, eta bilobek jasoko dituzte gorpuzkiak. Gogora Institutua familiarekin harremanetan jarri zen Eusko Jaurlaritzak Castuerara (Badajoz) egindako bidaiaren ostean, aurtengo urtarrilean.