Hezkuntza Sailak 1,9 milioi euro bideratu ditu, «Ikastetxe Adimendunak 5.0» proiektuan dauden Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxetarako

0

Gobernu Kontseiluak gaurko bilkuran Lanbide Heziketaren arloko dirulaguntza sorta bat onartu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta. Laguntza hauek, 2023an Hezkuntza Sailaren «Ikastetxe Adimendunak 5.0» proiektuarekin bat egin duten  Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxe integratuei zuzenduak dira. Aipaturiko proiektuaren helburua da Euskadiko Lanbide Heziketan eraldaketa digital eta jasangarria gauzatzea, espazioak, ekipoak eta azpiegiturak egokituz eta eguneratuz. Hamar ikastetxe onuradunek orotara jasoko duten diru-kopurua 1.990.000 eurokoa da.

Euskadiko Lanbide Heziketa egiten ari den eraldaketa digitalak bilakaera berri bat ekarriko du, eraldaketa disruptiboan oinarritua; prestakuntza-eredu aurreratu berri bat, ikastetxeetan bestelako antolaketa eta egitura batzuk eskatzen dituena, ingurune digitaletan aplikatutako espazio eta sistema adimendun berriekin.

Laguntza hauen helburua, beraz, eraldaketa digital horrek ikastetxeetan eskatzen dituen inbertsioak finantzatzen laguntzea da –espazioak egokitzeko eta ekipamendu eta azpiegitura teknologikoki aurreratuak eskuratzeko inbertsioak–. Erositako ekipo eta azpiegitura horiek aukera eman beharko dute ikasleekin ikasgelako ikaskuntza-prozesuaren eraldaketa digital jasangarria egiteko, eta «Ikastetxe Adimendunak 5.0» deiturikoak kudeatzeko. Ikastetxeetan honako teknologia hauek ezartzean datza:

  • Ikasgelako teknologia digital elkarreragileak. Besteak beste, tabletak, eramangarriak, smartphoneak, mahai digitalak, horma digitalak, software espezifiko baten bidez elkarri eraginez.
  • Ikasgelako murgiltze-teknologia digitalak: errealitate birtualeko teknologiak, errealitate mistoa, errealitate fusionatua eta errealitate areagotua.
  • Errendimendu handiko prestakuntzarako espazioetako sistema adimendunak.
  • Azpiegitura digitalak, zerbitzariak eta switch-eak, fisikoak zein birtualak, eraldaketa digitalaren eskakizunei erantzun ahal izateko.

Honako itunpeko ikastetxe integratu hauek dira laguntzen onuradun: Maristak Durango LHIPI; Lea-Artibai LHIPI; Nazaret Lanbide Heziketa LHIPI; Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastola; Salesianos Urnieta LHIPI; Irungo La Salle LHIPI; Innovación Social Diego Berguices-Otxarkoaga LHIPI; Arratiako Zulaibar Lanbide Ikastegia LHIPI; San Viator LHIPI; eta Peñascal LHIPI.