80.500 euroko dirulaguntza UEUri, Goi.eus ikastegia bultzatzeko

0

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, 80.500 euroko dirulaguntza zuzena ematea Udako Euskal Unibertsitateari (UEU), Goimailako Online Institutuari (Goi.eus) bultzada emateko, eraldaketa digitalaren bidez.

Udako Euskal Unibertsitatearen Goimailako Online Institutua (Goi.eus) UPV/EHUri atxikitako prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa zentroa da, eta baliabide digitalek arlo guztietan duten gero eta eskari eta presentzia handiagoari erantzuten dio. Goi.eus-ek online modalitateko prestakuntza eskaintzen du, unibertsitateko euskarazko irakaskuntza online sustatzeko beharrari erantzuteko. Ikastegi honen bidez, «Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntza Unibertsitate Masterra» unibertsitate-titulu ofiziala eskaintzen da, euskaraz eta online.

UEUri emandako laguntzaren helburua Goi.eus zentroa indartzea da, eraldaketa digitalaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak euskal unibertsitate-sisteman euskarazko online prestakuntza sustatzeko duen helburuarekin bat etorriz.

Dirulaguntza honen bidez, laborategi edo erreferentziako zentro bat sortzea finantzatzen da, Goi.eus-en barruan ezagutza transmititzeko eta titulazio berriak abian jartzeko. Horien azken helburua Goi.eus zentroaren euskarazko hezkuntza eta online irakaskuntza digitalki eraldatzea da.