Hasierako onarpena eman zaie Mugikortasun Planari eta Isuri Gutxiko Eremuaren proiektuari

0

Tokiko Gobernu Batzarrak onartutako beste gai batzuk: Bizikletentzako aparkalekua Bentaberrin, 2023ko EPEa zabaltzea, PSIZerako ibilgailua, Igeldoko Tokiko Erakunde Txikia, Igeldoko espaloia, Infernua

Donostiako Udalak hasierako onarpena eman dio 2024-2029 Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planari, eta espedientea jendaurrean jarri du 45 egunez, alegazioak aurkeztu ahal izateko eta plana onartzeko prozeduran parte-hartze publikoa sustatu eta bermatzen duen programa onartzeko.

Tokiko Gobernu Batzarrak, halaber, hasierako onarpena eman dio Isuri Gutxiko Eremuaren Proiektuari, eta 30 eguneko jendaurreko eta parte hartzeko epea jarri dio proiektuari, herritarrek eta inplikatutako erakundeek proiektuari dagokionez egin ditzaketen ekarpenak jasotzeko.

 

Bizikletentzako aparkalekua Bentaberrin

Tokiko Gobernu Batzarrak Bentaberri Plazan bizikletentzako aparkalekua egiteko lokal bat egokitzeko proiektua onartu du, 93.000 euroko aurrekontuarekin.

Aparkalekuak antolatzeari begira, honako hau proposatzen da:

  • Orrazi bidezko banaketa, altuera bikoitzeko 28 posturekin
  • 22 postu altuera bakarrean dituen erdiko gunea:
  • 16 plaza bi aldeetako moduluetan
  • 6 plaza alde bakarreko moduluetan; azken horiek bizikleta elektrikoetarako karga-entxufeak dituzte.
  • Kargo-biketarako gunea, 6 posturekin
  • Mantentze-zutabe bat, eusteko barrak, puzteko ponpa eta erremintak dituena.

 

2023ko EPEa zabaltzea

Tokiko Gobernu Batzarrak 6 administrari lanpostuko tasa gehigarria onartu du.Lanpostu horiek betetzeko hautaketa-prozesu baterako deialdia egingo da, eta prozesu hori egonkortzearen arloan dagoen berariazko legeriara egokitu beharko da.

Plaza horietara sartzeko baldintza guztiak, gai-zerrendak eta hautaketa-prozesuarekin zerikusia duten gainerako gaiak deialdiaren oinarrietan zehaztuko dira. Deialdia, ohi bezala, Donostiako Udalaren web orrian ere argitaratuko da. Une honetan, hainbat fasetan abian dauden hautaketa-prozesu guztiak kontsulta daitezke bertan, arruntak zein egonkortzekoak.

 

PSIZerako ibilgailua

Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Donostiako PSIZerako Aginte Postu Aurreratuko funtzioak betetzeko kutxa itxia eta alboko irekiera duen kamioi baten hornidura kontratatzeko espedientea, 181.500 euroko lizitazio aurrekontuarekin eta gehienez 12 hilabeteko entrega-epearekin.

 

Igeldoko Toki Erakunde Txikia

Tokiko Gobernu Batzarrak Igeldoko Toki Erakunde Txikia eratzea erabaki du, eta, horrez gain, Toki Erakunde Txikiaren oinarri izan behar duen lurraldeko hautesleei kontsulta egitea. Kontsulta hori Udalbatzak hartutako eratze-erabakiaren ondoren egin beharko da, Toki Erakunde Txikia sortzeari buruz duten iritzi ez-loteslea lortzeko.

 

Igeldoko espaloia

Tokiko Gobernu Batzarrak Igeldoko saihesbidearen mendebaldeko irteeraren eta kanpinaren arteko espaloia eraikitzeko proiektuan jasota dauden obrak kontratatzeko espedientea onartu du, 1.586.050 euroko aurrekontuarekin eta 6 hilabeteko gauzatze epearekin (jarduketak Europar Batasuneko Berreskuratze eta Erresilientzia Funtsak finantzatutakoetan sartuta daude – Next Generation Funtsak –).

Proiektuak 4 jarduketa nagusi ditu:

  • 1.5 eta 2 m arteko zabalerako espaloia, Igeldoko hirigunea kanpinarekin lotzen duen.
  • Aipatutako puntuen arteko sarbidea uniformizatzea, bai zabaleran bai luzeran
  • Espaloiaren trazadura berriaren eraginak jasango dituzten sare telefonikoak, elektrizitatea, argiteria publikoa
  • Euri urak lurperatzea

 

Infernua

Tokiko Gobernu Batzarrak behin betiko onartu du Infernua eremua urbanizatzeko proiektua. Proposamenaren helburua eremua birsortzea da, hiriko sarreretako bati irudi berri bat emanez. Aurkeztutako dokumentuak teknikoki definitzen ditu eraldaketa hori ahalbidetuko duten urbanizazio-lanak.