Eusko Jaurlaritzak Donostiako Ertzain-etxea berritzea kontratatu du

0
  • Proiektuak irisgarritasuna, energia-efizientzia eta eraikin barruko guneak hobetzea aurreikusten du
  • Emakumeen aldagelak behar berrietara egokitzea ere aurreikusten du, azken urteotan emakume gehiago daudela kontuan hartuta
  • Lanaren kostua 5,7 M/€-koa da, eta Europako NEXT GENERATION EU funtsen laguntzaz (3 M/€) ordainduko da

Eusko Jaurlaritzak oniritzia eman dio Ondarretan dagoen Donostiako Ertzain-etxea birgaitzeko proiektuari, 5,7 M/€-ko kostuarekin. Kontratazio-izapidetan dagoen obrak ertzain-etxearen eraikineko fatxada eta barruko gune batzuk berritzea aurreikusten du, energia-efizientzia hobetzeko eta instalazioak langileen eta herritarren gaur egungo beharretara egokitzeko. Hori guztia ertzain-etxerako irisgarritasuna hobetzeko eta eraikina ingurunearekin hirigintzaren ikuspegitik hobeto integratzea lortzeko helburuarekin.

Basauriko Ertzain-etxean eraikin barrua birgaitzeko eta energia-efizientzia hobetzeko egindako lanak bezala, proiektu hau Ertzaintzaren Azpiegituren Kudeaketa Plan Orokorraren barruan gauzatuko da. Plan horrek, Europako NEXT GENERATION-EU funtsetako dirulaguntzen bidez, polizia-eraikinen birgaitze eta egokitzapen jasangarria sustatzen du.

BIRGAITZEKO PROIEKTUA

Obra honek 28 urtetik gorako erabilera intentsiboaren ondoren, eraikuntzaren hainbat alderditan narriatzen joan diren instalazioak hobetzeko beharrari erantzuten dio. Hori dela eta, kanpoko zaharberritze-lan nagusiak izango dira, besteak beste, fatxada, begiratoki eta leihoak berritzea eta perimetroko hesia kentzea.

Ertzain-etxearen barruan, berriz, beheko solairua hobeto banatzea aurreikusten da, herritarren arretarako gunerako sarbidea zuzenagoa izan dadin, eta mugikortasun urriko pertsonentzat egokitua. Horrez gainera, instalazioak Ertzaintzaren errealitate berrira egokitzeko, urtetik urtera emakume gehiago sartzen baitira kidegoan, emakumeen aldagelen eremua zabalduko da.  Bestalde, hobekuntzak egingo dira ziegen eremuan ere, eta 11 gune ezarriko dira helduentzat eta 1 adingabeentzat.

JASANGARRITASUNA ETA ENERGIA EFIZIENTZIA

Ertzain-etxea birgaitzeko proiektuaren funtsezko zutabeetako bat eraikinaren energia-efizientzia sustatzeko neurriak hartzea da. Planak alderdi ezberdinetatik heltzen dio gai horri, energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoa murrizteko ikuspegi integral batetik.

Panel fotovoltaikoak jarriko dira eraikinaren teilatuan, eta horrekin energia-kontsumoa gutxienez % 30 murriztuko da, batez ere eguneko orduetan. Era berean, energia-efizientzia hobetzeko estrategiak barne hartzen du klimatizazio- eta aireztapen-ekipamenduak ordezkatzea eta ur bero sanitarioa (ACS) sortzeko sisteman aurrerapenak egitea.  Bestalde, argiztapena, 24 orduan operatibo dagoen eraikin batean kontsumo-iturri handienetako bat izanik, goitik behera ordezkatuko da LED teknologiako sistemekin, efizienteagoak baitira eta kontsumo txikiagoa baitute.

Proiektu hau gauzatzeko kalkulatutako gastua 5,7 M/€-koa da, bi zatitan banatuta. Lehenengoa, 2024an, 2,7 M/€-koa, eta bigarrena, 2025ean, 3 M/€-koa.