Eusko Jaurlaritzak helegitea aurkeztuko du Justizia Administrazioaren aurrean Osasun Ministerioak osasun-zentroetan maskarak erabiltzeko emandako aginduaren aurka

0

Eusko Jaurlaritzaren ustez, legezkotasuna urratzen da eta autonomia-erkidegoenak bakarrik diren eskumenak zapaltzen dira

Estatuko Osasun Sistemaren kohesioari eta kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen 65. artikuluak, elikagaien osasunean eta segurtasunean koordinatutako jarduerei buruzkoak, honako hau dio 1. puntuan: «Osasun publikoko jarduketa koordinatuak deklaratzea Osasun Ministerioari dagokio, aldez aurretik Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde Arteko Kontseiluak hala erabakita, zuzenean eraginpean hartzen dituen erkidegoei entzunaldia emanda, premia larriko egoeretan izan ezik. Kasu horretan, behar-beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, eta hartutako neurrien berri emango zaio lehenbailehen.”

Akordioaren literaltasunari jarraituz:

  • Lurralde Arteko Kontseiluak ez du aldez aurreko akordiorik lortu.
  • Ez zaie entzunaldirik eman erabakiak eragin zuzena duen autonomia-erkidegoei —kasu honetan, guztiei—, egoera epidemiologikoa edozein dela ere, erabaki hori hartu aurretik.
  • Ministerioak ez du justifikatu neurriaren premia larria bi alderdietan: batetik, egoera osasun publikorako arrisku edo alarma berezikoa izatea; eta bestetik, neurria, osasun-zentroetara mugatuta dagoena, benetan eraginkorra izatea gripe-boladaren gailurra eteteko.

Bestalde, Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde Arteko Kontseiluaren —neurria bertan adostu behar zen— Funtzionamendu Erregelamenduaren 14. artikuluaren lehenengo puntuan ezartzen denez, Osasun Sistema Nazionalaren kohesio eta kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legean berariaz zehaztutako gaien inguruan Kontseiluak hartzen dituen erabakiak gomendioen bidez jasoko dira, eta, hala badagokio, horiek adostasunez onartuko dira.

Horregatik, eta Osasun Sistema Nazionalaren gobernantza bidezkoa lortze aldera, osasun publikoko jarduketa koordinatuek Alertei eta Prestakuntza eta Erantzun Planei buruzko Ponentziaren irizpide teknikoak errespetatzen jarraitu beharko lukete arrisku-mailari egokitutako erantzun-neurriei dagokienez, eta, ondoren, Osasun Publikoaren Batzorde Nazionalak ebaluatu eta onartu beharko lituzke.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, Osasun Ministerioa erabat ezohiko lege-errekurtsoa erabiltzen ari da, bere arau propioak bete gabe, autonomia-erkidegoen gehiengoari haren borondatea inposatzeko, erkidego horien irizpide teknikoaren aurka, eta osasun publikoaren arloan hauek dituzten eskumenak urratuz.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, Osasun Ministerioak aurrekari oso larria ezarri du autonomia-erkidegoekin eta hauen Osasun Sailekin izan behar duen harreman politiko eta administratiboan.  Osasun Ministerioak aitortuta ditu osasun-arloko zenbait eskumen, baina autonomia-erkidegoek hartzen dute beren gain osasun-kudeaketaren eta -arretaren ardura. Horregatik, ulertezina da Ministerioak —jokabidea justifikatuko duen arrazoirik gabe, legezkotasuna bete gabe eta adituen iritziaren aurka— zenbait erkidegok, tartean Euskadik, helarazi dituzten adostasun-proposamenei entzungor egin izana, eta autonomia-erkidegoekin harremanak izateko modu bezala konfrontazioa aukeratu izana.

Horregatik guztiagatik, Eusko Jaurlaritzak neurria betearaziko du, indarrean dagoen bitartean, baina haren aurkako errekurtsoa aurkeztuko du justizia-administrazioan, bere zerbitzu juridikoek zehaztutako moduan.

Azkenik, Euskadiko herritarrek badakite zer prebentzio-neurri diren gomendagarrienak gripea eta arnas aparatuko beste gaixotasun batzuk ez kutsatzeko, eta, gehienetan, neurri horiek erantzukizunez betetzen dituzte. Horregatik, kutsatzeko arrisku handiena dagoen leku eta egoera guztietan erabiltzen jarraitzera animatzen ditugu.