Eusko Jaurlaritzak Euskalmet publifikatu du etorkizuneko erronka meteorologikoei berme osoz erantzuteko tresna eta baliabide propioak izateko

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan.

EUSKALMET SOZIETATE ANIMO GISA SORTZEA

Lehenik eta behin, bozeramaileak azaldu du Gobernu Kontseiluak Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentzia, Sozietate Anonimoa sortzeko dekretua onartu duela gaur, eta horrekin batera, besteak beste, haren estatutu sozialak, xedapenak eta hasierako jarduketa-plana ere onartu dituela. “Hemendik aurrera, Euskalmet sozietate anonimo publikoa izango da, eta sektore publikoa osatzen duten erakundeen «bitarteko propio pertsonifikatua» izango da” azpimarratu du bozeramaileak. Adierazi duenez, Euskalmeten forma juridikoaren aldaketak ez die eraginik egingo haren funtzioei edo langileei; izan ere, egungo plantilla osoa sozietate anonimo publiko berrian sartuko da eta sozietate hori Eusko Jaurlaritzako Meteorologia Zerbitzuko egungo buru den Jose Antonio Arandak zuzenduko du eta sozietate berriak, orain arte bezala, Segurtasun Sailaren mendeko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari atxikita jarraituko du.

Euskalmet publifikatzearen arrazoi nagusia da, tresna eta baliabide propioak behar direla Euskadiko meteorologiaren zaintza-, informazio- eta ezagutza-lanetarako behar den eguneroko jarduna emateko, bai eta kontrako meteorologiaren eta klima-aldaketaren etorkizuneko erronkei berme osoz aurre egiteko ere, larrialdien arretarekin eta kudeaketarekin hertsiki lotutako alderdiak direlako.

DIRULAGUNTZAK IKASTETXE ETA ESKOLETAN OBRAK EGITEKO

Haur Hezkuntzako lehen zikloko haur-eskolen titular diren udalei eta Haurreskolak Partzuergoari atxikitako udalei dirulaguntzak emateko Agindua onartu da gaur Gobernu Kontseiluan. 10 milioi euroko diru-kopurua du, eta ikastetexe hauetan azpiegitura-gastuak finantzatzera bideratuko da. Deialdi hau Europako Next Generation funtsei esker egin da eta diruz lagundu daitezkeen azpiegitura-gastuak haur-eskoletan plaza-kopurua handitzearen ondorioz sortuak izan beharko dira, izan haur-eskola horiek udalarenak edo Partzuergokoak. Zenbait obra mota finantzatu ahal izango dira, adibidez, eskola eraikinetan gela berriak irekitzeko eraberritze edo birgaitze lanak edo haur-eskola berriak eraikitzeko obrak, kasu guztietan eraikinen energia-eraginkortasunari buruzko aholkuak kontutan izanik. Diru kopuru hau banatzerakoan lehentasuna izango dute pobreziako edo gizarte-bazterketako arrisku handiena duten jarduerak izatea, landa-eremuetakoak edota 1 eta 2 urteko adinetarako plaza-kopurua handitzeko izatea.

KONTZILIAZIORAKO ETA SEME-ALABAK HAZI ETA MANTENTZEKO LAGUNTZAK

Bozeramaileak azaldu duenez, Gobernu Kontseiluak gaur onartu ditu kontziliaziorako eta seme-alabak hazi eta mantentzeko laguntzak arautzen dituzten aginduak. Kontziliazio laguntza horiek eskubide subjektiboak dira, eta Gobernuak 2024an, ia 28 milioi euro erabiliko ditu eskaerei erantzuteko. Laguntzek ondorengo egoerak babestuko dituzte: adingabeak zaintzeko eszedentzia eta lanaldi murrizketa; laguntza behar duten senitartekoak edo osasun egoera larrian daudenak zaintzeko eszedentzia eta lanaldi murrizketa; baimenak berdintzeko eszedentziarako laguntza (guraso bakarreko familiak) eta seme-alabak zaintzeko kontrataziorako laguntza.

Bestalde, gaurko Kontseiluan ere seme-alabak hazi eta mantentzeko hileko laguntzak arautzen dituen agindua onartu da. Adingabea jaiotzen denetik hiru urte bete arte familiek jasoko duten hileko 200 euroko ordainketa da, eta familia ugarien kasuan hilean ehun eurorekin luzatzen da adingabeak zazpi urte bete arte. Aurreikusitako aurrekontua 127 milioi eurokoa da, eta orain arte 57.000 familiak baino gehiagok dute eskaera onartua, iazko azaroan neurri hori abian jarri zenetik.

GOBERNU KONTSEILUAK ONARTUTAKO BESTE HAINBAT GAI

Ohikoa den moduan, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur jorratu eta onartutako beste hainbat gai.

Bestalde, gaurko bileran Jaurlaritzak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak sail horren parte den Euskal Trenbide Sarea (ETS) ente publikoari Euskadiko abiadura handiko sareko Bilbao-Abandoko geltokira sartzeko korridorearen oinarrizko eta eraikuntzako proiektuak idazteko eta plataforma-obrak zuzentzeko eta gauzatzeko enkarguari argi berdea eman dio. Agindu hori ADIF Alta Velocidad enpresak eta Eusko Jaurlaritzak 6,2 kilometroko luzerako sarbide-tunela eraikitzeko sinatu zuten hitzarmenaren ondoren dator: tunel honek abiadura handiko Galdakao-Basauri tartea Bilboko erdigunearekin lotuko du Abandoko geltokiraino eta zabalera estandarrean. “Gaur onartu den bigarren administrazio-urrats honen bidez, zehazten da ETS arduratuko dela proiektuak idazteko eta obrak kontratatu eta gauzatzeko behar diren jarduerak bultzatzeaz. Kontutan izan behar da obra hori ez dela Kupo bidez finantzatuko, Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako adarrean abiadura handiko sarearekin lotuta egindako aurreko lanetan bezala. 226 milioi euroko kostua izango du guztira” azaldu du Zupiriak.

Osasun sailari dagokionez, Farmazia-prestazioaren kudeaketarekin zerikusia duten bi gai onartu ditu Gobernu kontseiluak. Alde batetik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako farmazialarien elkargo ofizialek farmazia-prestazioaren eta osasun-lankidetzaren esparruan hitzarmen berri bat sinatzea onartu da farmazia-bulegoak Euskadiko Osasun Sisteman osasun-agente gisa integratzeko maila handitzeko, komunitateari zuzendutako zerbitzuak emanez, sendagaien erabilerari, prebentzioari eta osasunaren sustapenari dagokienez. Eta bide batez, euskal pazienteen farmazia-prestazioari dagokion gastua ere finkatu da: 566 milioi euroko aurrekontua, 283 milioi 2023 eta 2024 urteetan. Bestalde, Osakidetzak, Euskadiko Farmazialarien Elkargo Ofizialek eta banaketa farmazeutikoko biltegiek hitzarmen bat sinatu dute sendagaien hornidurarik gabeko egoerei buruzko komunikazio-estrategia komun bat aktibatzeko. Kasu horietan arinago jarduteko eta pazienteei kalterik ez eragiteko protokoloa da.

Amaitzeko, Gobernu Kontseiluak euskal kirol-federazioetako programak finantzatzeko urteroko dirulaguntza deialdia onartu duela adierazi du Zupiriak, eta 2,2 milioi bideratuko direla federazioen kirol programak finantzatzera.