Jaurlaritzak Euskadiko Airearen Kalitate Plan berria onartu du kutsatzaileen emisioak murriztu eta pertsonen osasuna hobetzeko

0

HABEk helduen euskalduntzerako eta euskara ikasi eta irakasteko INGURA ikas-ingurune digital berria abian jarri du, euskara online, noznahi eta nonahi, era eroso eta malguan ikasteko

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan.

EUSKADIKO AIREAREN KALITATE PLAN BERRIA

Bingen Zupiriak azaldu dunez, gaurko Gobernu Kontseiluan onartu da 2030erako Euskadiko Airearen Kalitate Plan berria; plan honen helburu nagusia da pertsonen osasuna hobetzea. Kutsadura atmosferikoak osasunean dituen ondorio txarrak murriztu nahi dira, eta airearen kalitatean eragin handiena duten sektoreetan, hala nola garraioan, industrian eta bizitegietan, kutsatzaileen emisioa ere gutxitu. 5 ardatz ditu Planak: kutsadura atmosferikoa eta osasuna; mugikortasun jasangarria eta hiri berroneratzea; funtsezko beste sektore batzuetan ere kutsadura murriztea; airearen kalitatearen kontrola, jarraipena eta ebaluazioa hobetzea; eta herritarren prestakuntza, sentsibilizazioa eta kontzientziazioa. Eta horien gainean 28 ekintza definitu dira. “Gobernuak uste du Plan honi esker, aurrerapausoak emango direla Euskadiren helburuak Europako Itun Berdearen helburuekin lerrokatzeko eta bide horretan 2024-2030 aldirako planaren aurrekontu orokorra 45 milioi euro ingurukoa aurrikusten du” azaldu du Zupiriak.

EUSKARA IKASTEKO ETA IRAKASTEKO INGURA IKAS-INGURUNE DIGITALA

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu du HABEk helduen euskalduntzerako INGURA ikas-ingurune digitala abian jarri duela eta orain arte erabili den BOGA autoikaskuntza-sistema zaharkitua ordezkatzera datorrela; izan ere, INGURAk egungo ikas-beharrei erantzungo dien eredu tutorizatu eta modernoa eskainiko baitu. Hortaz, INGURA euskara online ikasteko ingurune digitala da, edozein gailutatik, noiznahi eta nonahi euskara eroso eta malgu ikasteko sortua. INGURA ingurune eleaniztuna da eta lau hizkuntzatan aritzeko aukera ematen du: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez, eta A1 mailatik C1 mailara bitarteko ikastaroak eskainiko ditu. Ikastaro hauek Helduen Euskalduntzerako Oinarrizko Curriculumaren ildo metodologikoei jarraikiz diseinatu dira, ikuspegi komunikatiboan oinarrituta eta ekintzara bideratuta; horrenbestez, ikasleak mailaz mailako hizkuntza-komunikagaitasuna lortzeko, taldean nahiz bakarka, ulermen trebetasunak, ekoizleak, elkarreragina eta bitartekotza jarduerak eta estrategiak landuko ditu INGURA ikastaroetan.

Aurten INGURAk A1 mailako ikastaroa eskainiko du, A1 mailako ikastaroa 60 unitatez osatua dago eta denak bakarka nahiz taldean modu tutorizatuan online egin ahal izango dira. “A1 Ikastaroaren atal irekia jarriko da orain martxan eta Ikastaroaren lehen 30 unitateetako hainbat jarduera egiteko ingurunean izena ematea nahikoa da, atal hau doakoa eta irekia baita, eta prest dago dagoeneko edozein herritarren esku www.inguraonline.eus atarian” azaldu du Zupiriak. Guztira 40 ikastordu. “Atal irekiaren helburua euskara ikasteko baliabide atsegin eta erraz bat aurkeztuz, erabiltzaileak euskarara hurbildu eta euskara-ikasle bihurtzeko urratsak ematera animatzea da, euskaltegien bidezko euskararen ikaskuntza gidatu, partehartzaile, partekatzaile eta sozialera erakarriz” gaineratu du bozeramaileak.

Ikasturte berrian, 2024-2025 A1 ikastaro osoa eskainiko da. “A1 mailako ikastaro osoa egiteko, euskaltegi edo autoikaskuntza-zentro batean matrikulatu beharko du ikasleak eta matrikula ia doakoa izango da” esan du Zupiriak. Ikastaro honetan ikasleak bakarka egiteko jarduera mota ugari izateaz gain, irakasle batek gidatuta gela birtualean talde-jardueretan arituko da, berrikusketa-jarduerak nahiz ebaluazio-jarduerak egingo ditu, ekoizpenak biltegiratu eta txostenak kudeatzeko aukera izango du, besteak beste. “Datorren ikasturtean, 2024ko aurrekontuetan jasota dagoen eran, dirulaguntza lerro berri bat abian jarriko da ikasle-helduei A1 mailari lotutako ikastaroak diruz laguntzeko eta prezio merke eta eskuragarriagoan eskaintzeko; testuinguru horretan kokatzen da INGURA ON LINEn eskaintza, A1 eskainiko baita euskaltegien bidez eta ikastaroak ekonomikoki eskuragarriagoak izango baitira. Legealdi honetako helburua izan da ikasle-helduen matrikularen doakotasuna sustatzea eta bide beretik doa orain egiten den INGURAren eskaintza” azpimarratu du bozeramaileak.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den moduan, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur jorratu eta onartutako beste hainbat gai.

Hasteko, Bingen Zupiriak azaldu du Eusko Jaurlaritzak bide eman diola Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko Euskal Etxeentzako eta euskal etxeen federazioentzako eta konfederazioentzako diru-laguntzen 2024ko deialdiari. Diru-laguntza horiek Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren bidez banatzen dira eta ia milloi bat euroko kopurua dute Euskal Etxeen urteko programak edo jarduerak bideratzeko,  eta gastu arrunt eta funtzionamenduaren arloko jardueretarako. Gaur onartu den deialdian parte hartu dezakete mundu osoko 25 herrialdetan dauden 196 euskal etxeek. Deialdia EH argitaratzen den egunetik hasita, hilabete bateko epea egongo da eskaera egiteko.

Bestalde, joan den astean Euskalmet agentzia publikoa martxan jartzea onartu zen, eta gaurkoan Gobernu Kontseiluak oniritzia eman die Administrazio Kontseilua osatuko duten pertsonei. Kontseilu horretako burua Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasun sailburua izango da, eta aurrerantzean ere, Jose Antonio Aranda izango da Euskalmeteko zuzendaria; datorren astelehenean izendatuko dute agentzia eratzeko bileran.

Halaber, Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio ere Zibersegurtasunaren Euskal Agentziaren Estatutuak onartzen dituen Dekretuari. Dekretu horrek erakundearen legezko oinarriak eta oinarri operatiboak ezartzen ditu, eta haren helburuak, funtzioak eta egitura zehazten ditu, Euskadin Interneten eta teknologia berrien erabilerak eragindako mehatxuei modu integral eta zeharkakoan aurre egiteko. Cyberzaintzak, Ertzaintzarekin koordinatuta, Euskadiko zibersegurtasun publikoa zainduko du, ziberkrimena jazarriz eta herrialdeko azpiegitura kritiko eta sentikorrak babestuz.

Azkenik, gaurko bileran onartu da Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko ikastetxe publikoetarako eskola-garraio zerbitzua kontratatzeko baimena ematea. Zerbitzu hau Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBH-ko ikasleei zuzenduta dago, guztira 416 ibilbide hiru herrialdeak kontutan izanik eta kostuaren batura 20 milloikoa da. “Eskola-garraioko zerbitzu osagarriak hezkuntzarako sarbidearen unibertsaltasuna bermatzen du; Hezkuntza Sailak kudeatzen duen eskola garraioa erabiltzeko eskubidea dute bizilekutik ikastetxera 2 kilometro edo gehiagoko distantzia duten ikasleek, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloan eta gutxieneko distantzia hori 4 kilometro edo gehiagokoa izan beharko da DBHko bigarren zikloan, eta 500 metrokoa besterik ez mugikortasun urriko ikasleen kasuan” azaldu du bozeramaileak. “Gaur egun, Hezkuntza Sailak kudeatzen dituen eskola-garraioko 584 ibilbide daude Euskadin, eta horietan sare publikoko 257 ikastetxetako ia 21.000 ikasle garraiatzen dira egunero” gehitu du.

Amaitzekoa, izendapen eta kargu kentzeen atalean, Gobernu Kontseiluak, Antonio Damborenea Basterrechea Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeko bokal ez-judizial izendatzea erabaki duela jakinarazi du Zupiriak,