30.000 lagunek baino gehiagok gozatu zuten Gabarra Barakaldoko pasabideaz

0

Angel Madrazo Herritarren Segurtasunerako eta Babes Zibileko zinegotziak gaur aurkeztu du atzo Gabarra Barakaldotik igarotzean itsasadarraren ondoan egindako dispositibo bereziaren balantzea. Jende asko bildu zen Athletic animatzeko eta Urbanetik Lutxanara bitartean 30.000 lagun baino gehiago bildu ziren unerik gorenean, Errege Kopako txapeldunak igaro zirenean.

«Zaleak oso modu mailakatuan eta ordenatuan iritsi ziren itsasadarraren ertzera, eta, gainera, gizalegezko portaera izan zuten une oro; oro har, bikaina ere esango nuke, egun osoan zehar izan zen jai-giroa ikusita», azpimarratu du Madrazok, eta Udaltzaingoa eta Babes Zibileko boluntarioak zoriondu ditu egindako lan bikainagatik.

Herritarren Segurtasuneko zinegotziarekin batera, Portuko dartsenako kai-muturrean desgaitasuna duten pertsonentzako gune irisgarri bat prestatzen lagundu zuten erakundeetako ordezkariak egon dira: Usoa Tailerra (Argiñe Martínez), Codisfiba (Rosalia Cuadrado), Euskadiko Down Sindromea Fundazioa (Óscar Seoane), Parkinson Nerbioi-Ibaizabal ACAPK Elkartea (Sara Vaquero) eta Gorabide. Ekimen arrakastatsua izan zen, ia eskari guztiari leku egin baitzion eta mila pertsona inguru bildu baitzituen modu erosoan.

Horrez gain, 30.000 pertsona baino gehiago bildu ziren Gabarraz gozatzeko Barakaldon, eta erdiak – 15.000 inguru – Itsasadarraren ondoan egokitutako kilometro linealean egin zuten hitzordua, ikuspen oneko bi zatitan. Beste 7.500 pertsona berdegune zabal batean egon ziren, azkenean Arrontegiko zubitik gertu jendearentzat ireki zena, eta, azkenik, beste 7.500 pertsona inguru Portu dartsenaren inguruan egon ziren, ikuspen gutxiagoko eremuetan eta Urbaneko etxebizitzen ondoan kokatutako oinezkoentzako edo aisialdirako guneetan.

Herritarren Segurtasunerako arloan zabaldutako dispositiboa 11:00etan abiatu zen, eta 19:00ak arte iraun zuen. Hiru karpa, 25 udaltzain, Babes Zibileko dozena bat boluntario, komun eramangarri, Gurutze Gorriaren arreta-gune bat… Halaber, Barakaldon aginte-postu aurreratu bat egon zen udalerri horretarako eta Sestaorako, ondoko herriko Udaltzaingoarekin eta Ertzaintzarekin lankidetzan.

GERTAKARI GARRANTZITSURIK GABE

Angel Madrazok jakinarazi du ez zela istilu larririk izan. Ezbehar puntualen bat baino ez zen gertatu, hala nola, mozkortuta zegoen 16 urteko adingabe bat, kolpe arinengatik artatutako hiru pertsona eta ondoezik zegoen txirrindulari bat artatzea. Ospitalera eraman behar izan zuten anbulantzian, Lutxanako sarbidearen ondoan zegoela, Interfabrikak errepidean.

Era berean, pertsona talde txiki bat, dispositiboa gainditu ondoren, Itsasadarreko errepidean (BI-739) pilatu zen, Sefanitroko kargalekuaren parean, eta bidea une jakin batean moztera behartu zuten.

Beste hogei bat pertsonak Lutxanako trenbidea zeharkatu zuten adingabeekin Gabarrako pasabidea ikusteko, eremu mugatuan, kaiak segurtasun-baldintzetan ez zeudelako eta Itsasadarraren ondoan babesik ez zegoelako.