Bi hitzaldi gailu mugikorren erabilera egokiaren inguruan

0

Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo arloak, BIGE Bizkaiko ikastetxe publikoetako Guraso Elkarteen Konfederazioarekin elkarlanean, bi hitzaldi eskainiko ditu gailu mugikorren erabilera egokiaren inguruan, baita horien arriskuei eta gazteenen artean dituzten ondorioei buruz ere.

Lehen hitzaldia gaur, abenduaren 12an, La Bolsa eraikinean (Pilota kalea, 10), 17:00etatik 19:00etara, izango da eta euskaraz egingo da. Bigarren hitzaldia gaztelaniaz izango da, abenduaren 17an, asteartean, Deustuko Udal Zentroan – Bidarte (Lehendakari Aguirre, 42), datorren 17:00etatik 19:00etara.

Hitzaldiak oro har herritar guztiei zuzenduta daude, baina bereziki adingabeak dituzten familiei, seme-alabek teknologia hauen erabilerak dakartzan erronkak ezagutzeko aukera izan dezaten. Telmo Lazkano, pantailen eta sare sozialen aditu, idazle eta irakaslea, izango da hitzaldiak gidatuko dituena. Sare sozialen negozioari, horien mendekotasun-ahalmenari eta ondorioei buruzko bere ikuspegia azalduko du, baita nerabeen garun emozionalaren funtzionamendua eta erabilera goiztiar eta desegoki baten ondorio kognitibo, emozional eta mentalak ere, betiere ebidentzia akademiko eta datuetan oinarrituta.

Álvaro Pérezek, Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo zinegotziak, azpimarratu du “jakitun izan behar dugula mugikorrek sozializazioan, nortasunaren eraikuntzan eta haurren eta gazteen osasun fisiko, psikologiko eta emozionalean duten eragin negatiboaz” eta gehitu du hitzaldi hauek Osasun eta Kontsumo arloaren Adikzioen Prebentzio Zerbitzuak familientzat antolatzen dituen proposamenen barruan kokatzen direla. “Familiei seme-alaben hazkuntzan laguntzea da helburua, adikzioei dagokienez babes-faktoreak indartzeko gaitasuna eskaintzeko”.

Hazkuntzaren, hezkuntzaren eta guraso arduratsu izatearen erronka berriei aurre egiteko eta seme-alaben laguntza-prozesua gozatzeko, inplikatzea eta presente egotea garrantzitsua da. Horretarako, Adikzioen Prebentzio Zerbitzutik sentsibilizaziorako, hausnarketarako, topaketarako eta prestakuntzarako espazioak eskaintzen dira, hala nola Familien Eskolak. Bertan, familiek zalantzak argitu, bizipenak partekatu, hausnartu eta seme-alaben hezkuntza eta gaitasun kognitibo, emozional eta erlazionalen garapenean laguntzeko tresnak eskuratu ditzakete. Era berean, familia barruko ongizate emozionala handitzeko beharrezko baliabideak diren autozaintzako gaitasunak barneratzen lagunduko zaie.