Eusko Jaurlaritzak 345.000 euro bideratuko ditu hiru kultur proiektu diruz laguntzeko

0

Lehena, Santurtziko Udalari, Santurtziko 950.urteurrena ospatzeko jardueren antolaketarako; bigarrena, Apellaniz&De Sosa SL entitateari, “Dirdira LAB” programa garatzeko; eta hirugarrena, Ur Mara Kultur Elkarteari, “landa-eremuko arte-sorkuntzako” programa garatzeko.

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du 345.000 euro bideratzeko erabakia, hiru kultur proiektu garatzeko dirulaguntza zuzenen bidez.

Lehenik, Santurtziko Udalari 200.000 euroko dirulaguntza zuzena ematea erabaki da, “Santurtziko lehen aipamen dokumentalaren 950.urteurrena ospatzeko jarduerak antolatzeko, 2025.urtean”. Santurtziko Udala, herriko hainbat eragile sozial eta kulturalen partaidetzarekin, 2025ean zehar jarduera-programa zabala garatzen ari da 950.urteurrena ospatzeko.

Programak, batez ere, Santurtziko historia zabaltzeko hainbat kultura-jarduera biltzen ditu (San Jorge elizan egindako bisita antzeztuak, Santurtziko historiari buruzko bideomapping emanaldiak, Santurtziko historiari buruzko kongresua…), eta erabiltzen ez diren tokiko jaialdi batzuk berreskuratu ditu, hala nola «Dragoien jaitsiera» edo «Gora Santurtzi» herri-ekimeneko ikuskizuna.

Urteurrenaren oroitzapenezko ekitaldien programazioa kulturaren atalean osatuko da beste jarduera batzuekin, hala nola musika-ikuskizunak, Santurtziko historian inspiratutako kontakizunen liburu baten aurkezpena, Serantes Txikiaren borrokaren (1875) eta Somorrostroko haraneko kontzeju ireki baten birsorkuntza historikoak, bai eta jarduera-programa hasteko eta ixteko ekitaldi instituzionalak ere. Gobernuak, dirulaguntza honen bidez, interes orokorrekoa den programa hau laguntzea du helburu.

Bigarrenez, Apellaniz & De Sosa SL entitateari 100.000 euroko dirulaguntza zuzena ematea erabaki da, “Dirdira Lab: laborategi zinematografikoa, ikus-entzunezkoa eta esperimentala” programa garatzeko 2025.urtean.

Proiektu honen bidez, balio artistiko, kultural eta sozial handiko ikus-entzunezko film luzeak biltzen dituen garapen zinematografikorako laborategi bat sortu nahi da. Topaketa-guneak sustatzeko asmoz sortu zen, non hiztegi berri bat, narratiba eta ikuspegi berriak irudikatu eta asmatu ahal izango diren, arteekin erlazionatzeko eta munduan pentsatzeko. Formatu desberdinetako prestakuntza-, hedapen- eta sorkuntza programa espezifikoen bidez (laborategiak, topaketa profesionalak, tailerrak eta hitzaldiak), sorkuntza garaikidea eta haren erreberberazio soziala jartzen dituzte erdigunean. Hiru dira proiektuaren balore nagusiak: jakintza komunitarioaren transmisioa, iraunkortasuna, eta berdintasuna, genero ikuspegia eta kontziliazioa.

Azkenik, Asociación Kultural Ur Mara Elkarteari 45.000 euroko dirulaguntza zuzena ematea erabaki da, “landa-eremuko arte-sorkuntzako programari laguntzea” proiektuaren garapena finantzatzeko. Ur mara museoa arteari, naturari eta kultur hedapenari eskainitako naturgunea da eta kultur eragile aktiboa da Tolosaldeko landa-eremuan. Proiektuak gaur egungo testuinguru konplexu eta aldakorrari erantzun nahi dio, landa-eremua sorkuntza, elkargune eta eraldaketarako espazio aktibo gisa ulertuz. Horretarako guztirako, entitateak aurkeztu duen proiektuan programazio anitza proposatzen du: hitzaldi, kontzertu eta hainbat tailerrez osatuta dago, besteak beste.

Proiektuak honako helburu hauek bete nahi ditu: landa-eremuan kultura ekoizpen alternatiboak eta sorkuntza prozesu parte-hartzaileak sustatzea, betiere tokiko testuingurua eta ingurumenarekiko harremanak erdigunean jarriz; Agente kultural desberdinen artean sareak eraikitzea, elkarlana eta jakintzen trukea sustatzea; Ingurumenarekiko harreman arduratsuak erdigunean jartzea; eta mediatzaile kulturalaren rola betetzea.

Topaketa hauetatik, komunitatearen parte-hartzea areagotzea, proiektu berriak gauzatzea eta ikuspegi berritzaileek bideratutako kultura-politikak eraikitzeko ekosistema bat sortzea espero da. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak finantzaketan parte hartzea erabaki du, dirulaguntza zuzen honen bidez.