Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak eta Ministerio Fiskalak akordioa sinatu dute Euskadin laneko segurtasuna eta osasuna indartzeko

0

Komunikazio bideak eta jarduera protokoloak ezartzen ditu lankidetza hitzarmenak, lan istripuak murrizten laguntzeko eta bi erakundeen arteko koordinazioa hobetzeko

Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, Osalan – Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak eta Ministerio Fiskalak lankidetza hitzarmena sinatu dute, Euskadiko lan ezbeharren prebentzioan eta jazarpenean beste mugarri bat ezarriz. Gobernu Kontseiluak gaur, asteartea, onartutako hitzarmen horren helburu nagusia da laneko istripuak murrizten laguntzea eta bi erakundeen arteko koordinazioa hobetzea laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan.

Lankidetza teknikoa eta materiala egituratzen du hitzarmenak, heriotza edo lesio larriak eragin dituzten lan ezbeharrei buruz eta zigor arloko ondorioak izan ditzaketen lan arriskuko egoerei buruz elkarrekiko informazio kanalak daudela ziurtatzeko. Gainera, protokoloak ezartzen ditu laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko zaintzarekin eta kontrolarekin lotutako prozedurak eta jarduerak izapidetzeko.

Hartutako konpromisoen artean daude Karrera Fiskaleko kideen eta Lan Ikuskaritzako eta Osalaneko langileen arteko lan bilerak batera programatzea, bai eta inplikatutako profesionalen ezagutza juridikoak eta teknikoak hobetzeko jardunaldi teknikoak eta prestakuntza ekintzak egitea ere. Hitzarmenak lau urteko indarraldia izango du, beste lau urtez luza daitekeena, eta ez dakar inolako kontraprestazio ekonomikorik.

 

Sailaren egitura aldatzea

Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala aldatzea ere onartu du Gobernu Kontseiluak, atzerritarrei lan baimenak emateko eskumen berriak eta lanaren eta gizarte segurantzaren arloko ikuskaritza funtzioa bere gain hartu ondoren.

Berregituraketa horren ondorioz, lurralde ordezkarien eskuduntzak egokitu dira, lan arriskuen prebentzioan sailak kudeaketa eraginkorragoa eta koordinatuagoa bermatzeko duen gaitasuna indartuz.