Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak gaur onartu du, Lehenengo Lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez, 55.000 euroko dirulaguntza zuzena ematea Eusko Ikaskuntza erakundeari, Ezberdin Berdinak proiektua 2025ean garatzeko.
Ezberdin Berdinak proiektuak etorkizuneko euskal identitate kulturalari buruzko hausnarketa sortzaile eta kolektiboa proposatzen du, sorkuntza artistikoa, gizarte-ikerketa eta herritarren partaidetza uztartuz. Ildo horretatik, ekimenak gizarte euskaldun garaikidea osatzen duten balioak, hizkuntzak, memoriak eta aniztasunak aztertzea du helburu, eta aldi berean, euskal kulturaren zentzu komunitarioa sendotzea.
Eusko Jaurlaritzaren iritziz, “Eusko Ikaskuntza babestea ezagutza partekatuaren, pentsamendu kritikoaren eta sormenaren aldeko apustua da; gure gizartearen zentzu komunitarioa indartzeko tresna nagusiak direlako. Gero eta aldakorragoa den testuinguru honetan, horrelako proiektuek laguntzen dute gure identitate kulturalean sakontzen eta giza garapen iraunkorra sendotzen”.
Dirulaguntza honekin, Eusko Jaurlaritzak berresten du ikerketa kulturalaren, sormen artistikoaren eta hausnarketa kolektiboaren sustapenean duen konpromisoa, eta XXI. mendeko euskal identitatearen erronkei buruzko gogoeta sakonari egiten dio ekarpena.






