- Gazteei zuzenduta dago eta helburu du online espazio osasuntsuagoa eta seguruagoa sortzea
- Mundu birtualeko indarkeriak bat-batekoak, hiperkonektatuak eta anonimoak izaten dira
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak «Jarri izena» Ziberindarkerien Gida aurkeztu du gaur ingurune digitalean indarkeria matxistak identifikatzen laguntzekjo, askotan oharkabean pasatzen baitira. Gidak ekarpen bat egiten du beharrezkoa den alfabetizazio digitalean, zenbait indarkeria moita antzeman ahal izateko. Aurkezpenean Deustuko Unibertsitateko irakaslea den Estibaliz Linaresek ere parte hartu du, berak landu baitu Zaloa Lafuente eta Iratxe Rodriguezekin batera, argitalpen hau.
Gida gazteei zuzenduta dago, online espazio osasuntsuagoa eta seguruagoa sortzeko helburuarekin. «Manosferaren garaian, feminismoaren aurkako mezu-oldearen aurrean, inoiz baino garrantzitsuagoa da gazteei indarkeria detektatzeko eta horren aurrean nola jokatu jakiteko tresnak eskaintzea», azpimarratu du Emakundeko zuzendariak.
Miren Elgarrestak gogorarazi du ziberindarkeria ez dagoela internetetik kanpoko indarkeriatik deskonektatuta. «Ez da fenomeno isolatu bat, baizik eta berdintasun ezaren eta emakumeen aurkako egiturazko indarkeriaren gizarte-testuinguru zabalago batean kokatzen da, mendeetan zehar iraun duena eta konektibitatearen aroan jarraitzen duena».
Indarkeria guztiak erro berdinetik datozen arren, mundu birtualean indarkeriak, gainera, bat-batekoak, hiperkonektatuak eta anonimoak dira, eta, beraz, ondorioak mingarriagoak eta kaltegarriagoak bihurtu daitezke. «Kasu askotan, indarkeria sare sozialetan trukeak eginez has daiteke, adingabeekin, adibidez, eta sexu-indarkeriako ematen den topaketa fisiko batean amaitu. Anonimotasuna da sareen arriskuetako bat, baita haien irismena eta hedapen azkarra ere», adierazi du Miren Elgarrestak.
Deustuko Unibertsitateko irakasle Estibaliz Linaresek, gidaren egilekideak, gidak identifikatzen dituen ziberindarkeria matxisten motak errepasatu ditu. Adibidez, Ziber jazarpen sexista, emakumeen aurkako irain eta mezuetan adierazten dena; Ciber sexu-jazarpena, eduki sexuala duten argazkiak zabaltzeko mehatxua egiten denean; Gaslighting edo manipulazio emozionala, biktimari bere bertsioa zalantzan jartzeko; Grooming, gizon heldu batek adingabe batekin harreman bat ezartzen duenean hura sexualizatzeko helburuarekin; ziberkontrola, beste pertsona baten sare sozialak kontrolatzeari dagokionez; Body shaming, idealak hausten dituzten gorputzen aurkako iruzkinak eta irainak zabaltzen direnean.
Gidak, halaber, aholkuak eta irtenbideak eskaintzen ditu biktima izan daitezkeenentzat, eta gizonezkoei jarraibide batzuk ematen zaizkie ziberindarkeria geldiarazten laguntzeko, sare sozialen kontsumo arduratsu eta kritiko batekin. «Jarri izena» gida Euskadiko ikastetxeetan banatuko da, gazteentzako aisialdi-zentroetan, eta, gainera, esteka honetan eskuratu daiteke.






