Barne Zuzendaritza Nagusiak, Larrialdi, Prebentzio eta Babes Zibileko Zerbitzuen eta Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuaren bitartez, eta Nafarroako Mendi Kirolen Federazioak ‘Manta bat motxilan’ izeneko kanpaina aurkeztu dute gaur goizean. Kanpainaren helburua da 1.000 manta termiko banatzea txangozaleak biltzen diren leku ezberdinetan, Foru Komunitateko tontor eta haranetan, eta istripuak prebenitzeko gomendioak eta gerta daitezkeen gorabeheren aurrean nola jokatu jakiteko argibideak jasotzen dituzten liburuxkak ere bai. Modu horretan, mendiko kirolak egiten dituzten pertsonak sentsibilizatu nahi dira beren burua babesteko duten beharraz eta, era berean, segurtasun-neurriak zabaldu.






