
Euskadiko Osasun Itunaren bigarren tailerrean, osasunaren arloko elkarteak eta profesionalak bildu dira, herritarrek Euskadiko osasun-sisteman parte hartzeko eredu egonkor, egituratu eta jasangarria finkatze aldera
Diagnostiko partekatuak eta lehentasunezko hiru ildok (elkarteen erregistroa, prestakuntza eta preskripzio soziala) markatzen dute gobernantza parte-hartzailerako bidea, hain zuzen eragin erreala eta arau-babesa izango dituen gobernantzarako bidea
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Euskadiko osasun-sistema publikoan pazienteen eta herritarren parte-hartzea indartzeko eta artikulatzeko bigarren tailerra egin du gaur Bilboko BAT eraikinean, Biosistemak institutuaren eskutik. Jardunaldian paziente-elkarteek hartu dute parte, Osakidetzako osasun-antolakundeetako profesionalekin, Osasun Saileko teknikariekin eta ikerketa sanitarioko institutuetako teknikariekin batera.
Tailer hori mugarria da Euskadiko Osasun Itunaren “Deliberazio eta erabaki partekatuak hartzea» 22. ildoaren garapenean, baita Osasun Sailak bultzatutako parte hartzeko bide-orriaren garapenean ere. Horrela, herritarrek osasunean parte hartzeko eredu egonkor, egituratu eta jasangarria eraikitzera bideratutako baterako lan-prozesua finkatzen da.
Pertsonak erdigunean dituen osasun-sistemarako gobernantza partekatua
Topaketan parte hartu dute: estatuko, autonomia-erkidegoko eta tokiko paziente-elkarteetako ordezkariek; parte-hartzeak garrantzi berezia duen arloetako Osakidetzako profesionalek, hala nola lehen mailako arretakoak, kronikotasunekoak, osasun-baliokoak, gaixotasun arraroetakoak eta humanizaziokoak; Osasun Saileko langileek; eta ikerketa-institutuek.
Inés Gallego Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren zuzendariak aditzera eman duenez, prozesu horrek ahalbidetu du “Euskadi erreferente gisa finkatzea herritarrek osasunaren arloan parte hartzeari dagokionez. Eragin erreala izango duen eredu propio eta egituraturantz aurrera egingo dugu; elkarrekin hausnartuko dugu gure herrian eraiki nahi dugun arau-esparruari buruz, eta, lidergo-posizio horretatik abiatuta, baliozko ekarpenak egingo dizkiogu Estatuko eztabaidari”.
Bestalde, elkarte-mugimenduko ordezkariek berretsi dute elkarrizketa-mekanismo egonkorrak finkatu nahi dituen partaidetza-prozesuarekin duten konpromisoa, esaterako etorkizuneko paziente-elkarteen Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroarekin duten konpromisoa —osasun-administrazioarekiko harremana sendotzeko funtsezko tresna den heinean—.
Diagnostiko partekatua, abiapuntu gisa
Tailerrari hasiera eman zaio Biosistemak institutuak egindako egoeraren diagnostikoaren aurkezpenarekin, herritarrek Euskadiko osasun-sisteman eta sistema soziosanitarioan duten parte-hartzeari buruzko egoera-diagnostikoa aurkeztu da. Egoera-diagnostiko hori inplikatutako kolektiboei egindako berariazko inkestetan oinarritzen da. Prozesu horretan, 52 paziente-elkartek, Osakidetzako osasun-antolakundeek eta Osasun Saileko zenbait zuzendaritzak parte hartu dute.
Analisiak erakusten du parte-hartzea hasiberritzat jotzen dela eta hobetzeko tartea duela; haatik, sistemak ikusaraztea eta eskalatzea komeni diren oso jardunbide onak metatzen dituela hautematen da. Horien artean, nabarmentzen dira humanizazioan egindako aurrerapenak, komunitate-espazioak sendotzea, pazienteak batzorde estrategikoetan sartzea (adibidez Plan Onkologiko Integralean, osasun-teknologien ebaluazioan edo segurtasun-taldeetan), laguntza hobetzeko ekimen korporatiboetan inplikatzea (hala nola bularreko minbiziaren pathway-ean) eta etorkizunean asoziazionismoa indartzeko laguntza-programa garatzea, aurrekontuan dagoeneko gaituta dagoena.
Aldi berean, elkarteek aditzera eman dute elkarrizketarako bide argiak behar direla, informazioa helarazi behar zaiela eta babesa eman behar dela, baldintza berdinetan parte har dezaten. Bestalde, osasun-antolakundeak eta ikerketa-institutuak bat datoz eredu egituratuagorantz aurrera egitearekin, hain zuzen metodologia komunak, erreferentziazko figurak, adierazle partekatuak eta lurralde-jarraitutasuna eta -ekitatea bermatuko duen bultzada instituzionala izango duen eredurantz aurrera egitearekin.
Alderdirik garrantzitsuenetako bat da elkarteak, osasun-antolakundeak, institutuak eta Saila bera diagnostikoan bat datozela. Adostasun zabala dago beharrezkoak diren aldaketei eta aurrerapenaren norabideari buruz: parte-hartzea profesionalizatzea, egituraz hornitzea eta sistema osoan baldintza berdinetan egiten dela ziurtatzea.
Euskadi bat eginik eta norabide onean ari da aurrera egiten.
Lehentasunezko hiru lan-ildo
Jardunaldian zehar elkarlanean jardun da herritarrek osasunaren arloan parte hartzeko Euskal Autonomia Erkidegoko ekosistemaren definizioan. Horretarako, egiturak, tresnak eta mekanismoak identifikatu dira osasun-sistemaren makro, meso eta mikro mailetan, betiere eredu antolatu, egonkor eta erabakiak hartzeko garaian eragin erreala izango duen eredurantz aurrera egitera begira.
Eztabaida hiru jarduketa-ildo nagusitan oinarritu da batik bat: paziente-elkarteen Euskal Autonomia Erkidegoko errolda edo erregistroa sortzea; partaidetzan prestakuntza eta jardunbide egokiak garatzea; eta gizarte-preskripzioa sustatzea, komunitatean integratzeko eta osasuna sustatzeko tresna gisa.
Bertaratutakoek ildo horien egokitasunari buruz eta beste lan-esparru batzuk barne hartzeko aukerari buruz hausnartu dute, baita horietako bakoitzean garatu beharko diren alderdi zehatzei buruz ere. Aurreikusi da martxoko lehen hamabostaldian tailer monografiko operatiboagoak egitea, ardatz horietan sakondu dadin eta herritarrek osasunaren arloan parte hartzeko etorkizuneko plan gidarirako proposamenak helaraz daitezen.
Arau-esparru bermatzailerantz
Topaketa baliagarria izan da, halaber, parte-hartzeari buruzko Estatuko etorkizuneko legearen zirriborroa aztertzeko, pazienteen eta osasun-profesionalen ikuspegia txertatuta. Haren irismenak batez ere Estatuko entitateei eragiten badie ere, Sailaren iritziz funtsezkoa da Euskadiko elkarteen eta profesionalen ikuspegia jasotzea, eztabaida aberastuko duten ekarpenak egin daitezen eta, aldi berean, Euskal Autonomia Erkidegoko arau-garapenak Euskadiko osasun-sistemaren benetako premiekin bat jarraituko duela ziurta dadin.
Azken helburua da osasunaren arloan herritarrek izan beharreko parte hartzearen eskubidea, egitura iraunkorrak eta jasangarritasuna bermatuko duen Euskal Autonomia Erkidegoko arau-esparrurantz aurrera egitea eta, horretarako, gobernantza partekatua indartzea, non pazienteek eta haien ordezkariek ahots aktiboa, egituratua eta eragin erreala izango duten Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-sistemaren etengabeko hobekuntzan.





